Argazki lehiaketa jarri du martxan Urnietako Udalak, berdintasuna ardatz

Urnietako Udalak 2022. urteko egutegia eskainiko die herritarrei. Egutegia osatzeko argazki lehiaketa bat antolatu du, azaleko irudia eta hilabete bakoitzerako erabiliko diren argazkiak aukeratzeko: berdintasuna izango du hizpide.

Aurten Udalak Berdintasunerako III.Plana eratzeko prozesua martxan jarri du eta, horregatik, egutegirako gaia berdintasuna izatea erabaki da, Urnietan emakumezkoen eta gizonezkoen artean parekidetasuna islatzen duten eguneroko egoerak plazaratzeko asmoz: erantzunkidetasun egoerak etxeko lanetan eta zaintza lanetan; emakumeak gutxi agertzen diren egoerak ikustarazteko irudiak (lan arloan, kirol arloan, botere postuetan, zientzian, teknologikoetan eta maskulinizatutako arlotan...); Urnietako emakume erreferenteak bistaratzeko egoerak; indarkeria matxistaren aurka gaitzespen irmoa islatzen duten egoerak; emakumeen ahalduntze prozesuak aitortzen dituzten egoerak; lengoaia eta irudi ez sexistaren erabilpena; hezkidetzaren garrantzia islatzen duten egoerak; sexu eta genero identitate aniztasun egoerak; eta Urnietako emakume anitzak islatzen dituzten egoerak (adina, jatorria...), besteak beste.

Baldintzak

  • Hamairu argazki hautatutako dira 2022. urteko Udal egutegia osatzeko.
  • Argazkiek Urnietan kokatuak izan behar dute.
  • Argazki bakoitzaren kokapen zehatza adierazi beharko da.
  • Argazki bakoitzak izenburu bat izan beharko du.

Irudiak (egile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkez ditzake) 2021eko azaroaren 5 arte aurkez daitezke bi modutara:

  • Lekaio Kultur Etxeko bulegoetan: eskaera inprimakia beteko da eta gutunazal batean, argazkiak pen drive edo CD batean aurkeztuko dira
  • Online udalaren webgunearen formulario bidez.

Parte hartzeko ezinbestekoa da lehiaketaren oinarriak ondo irakurtzea irudien behar teknikoak zeintzuk diren ezagutzeko, baita lehiaketaren prozesuaren eta baldintzen berri izateko ere. Lehiaketan partaide izateak oinarrien osoko onarpena eskatzen du. Egile bakoitzak gehienez bi argazki saridun izan ditzake.

Argazki saritu bakoitzarengatik 40 euro jasoko du egileak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!