“Aisia bizitzeko era aldatu die pandemiak nerabeei”

Alba Cabrera 2021ko uzt. 11a, 10:37

Izaro Esnaola eta Garazi Jauregi Urnietako Gaztelekuko hezitzaileak dira. Aldapa gora hasi zuen joan den ikasturtea Urnietako Gaztelekuak. Nolanahi ere, asmatu du egoera zailera egokitzen, bai eta nerabeen premiei erantzuten ere.

Behin eskola-orduak amaituta irekitzen ditu Urnietako Gaztelekuak ateak: 11-16 urte bitarteko nerabe urnietarrei zuzendutako espazioa da, eta herritar gazteei harremantzeko aukera ematea du xede. Garazi Jauregik eta Izaro Esnaolak bertan egiten dute lan. 
Zer aurkitzen dute Gaztelekuan nerabeek?

Garazi Jauregi: Gaztelekuaren helburu nagusia aisialdian erreferente hezitzaile bat egongo den espazioa eskaintzea da. Gure kasuan arratsaldez ematen dugu zerbitzua, astelehenetik ostiralera. Plazido Muxikan dugun lokalean egiten dugu lan, eta bertako azpiegiturak, oro har, jolas librerako erabiltzen dira.

Izaro Esnaola: Espazioaren antolaketari dagokionez, beheko solairuan futbolinak, ping pong mahaiak eta bestelakoak daude. Aldiz, bigarren solairuan, esaterako, elkargunea dago, lasai egoteko.

Askotariko adin-tarteak harremantzeko espazioa ere bada, ezta?

G.J.: Talde naturaletako rolak apurtzea eta jende berria ezagutzeko espazioak bermatzea du helburu Gaztelekuak. Aurtengo egoera berezia da, pandemia medio, oso protokolo zorrotzarekin egin behar izan dugulako lan. Eskoletako burbuilak lehenetsi dira; oro har, talde naturalak mantendu behar izan ditugu, ez nahasteko. Aitzitik, elkarren artean, harremantzeko ohitura daukate, nahiz eta adin ezberdinekoak izan. Taldean etortzen dira zenbait; beste hainbat, ordea, bakarrik edo binaka. Horrek aukera ematen dio nerabeari jendea ezagutzeko.

I.E.: Nerabeen interesei begira egiten dugu lan, eta horietatik abiatzen dugu gure jarduna. Gaztesex tailerrean, esaterako, masturbazioaz, genero rolez, orgasmoez, ligatzeaz eta horrekin harremandutako beste hamaika gaien gainean jardun gara nerabeekin. Zuzenki eskatu ez badigute ere, beren elkarrizketetan pisua duen gaia da sexualitatea.

Asko baldintzatu al du Gaztelekuaren dinamika pandemiak?

I.E.: Erabat ezberdina izan da. Askotariko adinetako nerabeak sozializatzeko espazioa da guretzat Gaztelekua. Hala, traba handiak izan ditugu, baita gure dinamika aldatzeko premia sentitu ere: hala nola, adinaren araberako txandetan egin behar izan dugu lan.

G.J.: Aisialdia bizitzeko era aldatu die Covid-19ak sortutako pandemiak nerabeei.

Egoerari dagokionez, zer dute nerabeek esateko?

G.J.: Egoerara egokitzeko ahaleginean bizi dira. Komunikabideetan gehien zigortu den adin-tartea izan da, arduragabetzat jo izan baitira maiz. Halaber, babes-neurriak ez datoz bat nerabeen premiekin. Esperimentazio-fasean daude eta goitik behera mugatu zaie aukera.

I.E.: Oro har, antzeman dugu denbora luzez egon direla etxean. Ondorioz, beharra sentitu dute Gaztelekura etortzeko, gainerakoekin harremantzeko, herritik ateratzeko...

Udari begira, ekintza dinamikoak antolatu dituzue.

G.J.: Adinaren araberako ekintzak osatu ditugu: esaterako, 6. mailakoekin hitzordu “errazak” antolatzen ahalegindu gara (sukaldaritza-tailerrak, eskulanak…). Bestalde, DBHko lehen bi mailekin surfean aritu gara, edota piraguismoan. Azkenik, DBH 3. eta 4. mailakoekin scape room edo paintball jardueretan aritzeko irteerak egin ditugu.

Atzera begira ipinita, nolako ikasturtea izan da?
G.J: Urduri hasi genuen, egoerarekin ezjakin. Gu ere egokitzen joan gara. Balorazio positiboz amaitu dugu ikasturtea, pandemiak sortutako egoera zaila ukatu gabe, noski. Udako ekintzekin oso pozik gaude eta izugarri gozatu dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!