Julen Gabirondo, Euskal Herriko txapelduna laugarren aldiz

Xabier Lasa 2021ko abu. 30a, 18:45

Julen Gabirondo Euskal Herriko segalarien txapela jantzi zuen Muruetan (Bizkaia) atzo jokatu zen txapelketan; laugarren aldia da bereganatzen duela txapela. Lau segalari aritu ziren Gabirondorekin batera, Muruetako belardian: Mikel Lizartza (Tolosa), Xabier Zaldua (Zumarraga), David Mariñelarena (Lantz) eta Jon Otegi (Oiartzun). Horietatik Zaldua izan zen estuen jarri zuena urnietarra. Mozotegi baserriko semea ez da geldirik egoteko jaio, eta Sega Sail Gipuzkoako txapelketa eta IV. Mahala Euskal Pentatloi Saria dira bere hurrengo hitzorduak.

Gabirondok 1.820 kilo ebaki zituen, eta bigarrenak, Zalduak, 1.696 kilo. Atzetik, Otegi, Lizartza, Mariñelarena, geratu ziren.

Txapelketa eguardian jokatu zen, eta ETB1k gauean oso-osorik emititu zuen; geroztik ikusgai dago EITB nahieran. Juanan Legorburu eta Olatz Foruria kazetariek gidatu zuten saioa, eta Migel Mari Jauregi Altzo sega aditua ondoan eduki zuten.

Ordubeteko lan saioa amaitu ostean, kazetarien galderei erantzunez Gabirondok poza adierazi zuen lehenengo eta behin, laugarrengo txapela jantzi zuelako. Fisikoki uste baino hobeto ibili zela gaineratu zuen, izan ere Hendaian joan den asteazkenean jokatu zuen Bidasoaldeko pentatloi trofeoan pasada handia hartua zuen, eta sentsazioa zeukan Muruetara ez zela behar bezala iritsi.

Muruetan segalariek moztu behar izan zuten belarrari zegokionez, “traketsa eta zapaldua” zela esan zuen. Ez omen zuen gozatu segan; ezin izan omen zuen bere teknika behar bezala garatu.

Zalduak egindako lan bikaina ezustean hartu zuela ere erantsi zuen urnietarrak. Azkenik, izatez “saltseroa” dela eta era guztietako kirol probetan aritzea gogoko izaten duela esan ondoren, aitortu zuen kostatzen ari zaiola unean-unean eskuartean daukan lanean zentratzea.

ETBko kameren aurrean familiaren eta lagunen eskuzabaltasuna eskertzeaz gain, ohi duen bezala, Mikel Garaialde lagun mina zuena hartu zuen gogoan Gabirondok, “Berak ematen dizkit indarrak”.

Etorkizun hurbilean, bi hitzordu ditu urnietarrak:  Sega Sail Gipuzkoako txapelketa eta IV. Mahala Euskal Pentatloi Saria. Pentatloira begira jarrita dauzka begiak batik bat; aizkoran eta harria jasotzen hobetzea dira bere erronka nagusiak. 

 

Sega Sail Gipuzkoako txapelketa

Aizarnan, irailaren 4an jokatuko da, 12:00etatik aurrera. Emakumezkoen mailan: Alaitz Imaz, Malou Henriksen, Ainara Otamendi eta Ainhoa Mazkiaranek hartuko dute parte. Gizonezkoen mailan, berriz, Julen Gabirondo, Jon Otegi, Mikel Lizartza eta Iñigo Mercader.

Gizonezkoek 1.000 eta emakumezkoek 400 metro karratuko sailak ebaki beharko dituzte, Ohiko sega txapelketekin alderatuta, berrikuntzak izango ditu. Hona zeintzuk diren: emaitza belar saila bukatu ahala jakingo da, azkarren mozten duenak irabaziko du eta ez da belarrik pisatuko.

 

IV. Mahala Euskal Pentatloi Saria 2021

Hiru fasetan jokatuko da:

* Lehen kanporaketa, irailaren 4an: Joseba Otaegi, Benat Amade, Ousman Drame, Danier España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Jon Unanue Goenatxo III, Xabier Urrutia, Gorka Etxeberria eta Mikel Agirre. 

* Bigarren kanporaketa, irailaren 11n: lehen kanporaketako lau onenak, eta gehi, Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin, Julen Kañamares, Andoni Iruretagoiena Izeta VI, Jagoba Otaegi, Aratz Mugertza, Julen Gabirondo eta Jon Gisasola Zelai V.

* Finala aurrez sailkatu diren sei kirolariek jokatuko dute, irailaren 25ean.

Egun berean, emakumeen finala ere jokatuko dute hiru kirolarik, Garazi Arruti, Karmele Gisasola Zelai III, eta, Lucia Orbek, hain zuzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!