“Saltsa hau gustuko baduzu ez zara nekatzen”

Andoni Urbistondo 2021ko ira. 3a, 07:05

Euskaltel Euskadi taldeko staf teknikoan Espainiako Vuelta osatzen ari da Mikel Iturria urnietarra, bere lehen itzuli handia; jo eta su aritzen da eguzkia irteten denetik, sartu arte. 

Jon Iturriak amaren tabernako jarduna du bizibide, baina beti izan du lotura bizikletaren munduarekin; lehiatzen afizionatu mailara arte, eta ondoren mila saltsatan; hemengo delegatu, hango mekanikari, ondoko laguntzaile… Hilabete batzuk atzera, bizikleta denda ireki zuen Urnietan, baina abuztu osoa eta iraileko lehen astea etxetik urrun pasako ditu. Arrazoia? Mekanikari jarduna Euskaltel-Euskadirekin. Haien bizitza nolakoa den azaldu digu Iturria anaietan zaharrenak, eta ez pentsa egunerokoa samurra denik. “Saltsa hau gustuko ez baduzu, zaila da hemen luze irautea, egunerokoa nekagarria da oso”, dio Jonek. Lehen atseden egunean egina da elkarrizketa, abuztuaren 23an. Bestelakoan zaila da Jon Iturriak ordubete libratzea, lasai hitz egiteko, lanez lepo baitabil egutegiko azken itzuli handian.

Herrian ireki berri duzun dendan  "itxita" jartzen du, Espainiako Vueltan mekanikari lanak egiten ari zarelako. Nola doa Vuelta?

Beno, lehen itzuli handia da niretzat. Lehenago ere mila saltsatan ibilia naiz: delegatu, laguntzaile, mekanikari edo behar dena. Txirrindularitzaren iturritik edan dugunok mundu honi lotuta jarraitzeko grina izaten dugu, bizikleta gaineko bidea bukatuta ere. Nik 33 urte ditut, eta 20 urte arte bizikletan ibili nintzen. Ondoren Andoaingo eskolan, Gipuzkoa eta Euskadiko federazioetan mekaniko, delegatu, denetarik egin dut. Lehen itzuli handia da, baina Vuelta aurretik Norvegia eta Finlandian korritzen den Arctic Race lasterketa ere egin nuen, abuztu hasieran.

Etxekoak ahaztuko dira zurekin…

Beno, bikotea ere saltsa honetan sartua dago, iraungo dugu. Abuztu hasieran joan nintzen Tromsora, Norvegiara, 9an bueltatu etxera, eta bi egun geroago Burgosen nintzen, Vueltako irteeran, PCR analisiak eta beste egiteko. Hilabete pasa izango da etxean bi egun jarraian egiterako.

Lehenago ere ibilia zara itzuli txikietan hainbat talde profesionalekin, baina itzuli handi bat egiten duzun lehen aldia da. Nola sortu zen proposamena?

Norvegiako eskaintza Euskaltel-Euskadi taldea aldi berean hiru lehiaketetan ari zelako sortu zen, Burgosen, Portugalen eta Norvegian. Laguntzailerik gabe geratu ziren Europa iparreko itzulia osatzeko, eta horregatik deitu zidaten. Hari baiezkoa eman ostean, taldeko kirol arduradunak Vuelta egingo ote nuen galdetu zidan. Pixka bat pentsatu nuen, jatetxea, denda eta beste, baino baiezkoa eman nuen.

Zergatik?

Saltsa hau gustatzen zaidalako, eta batek daki, agian ez dudalako antzeko beste antzeko eskaintzarik izango inoiz… Ekonomikoki ere bere alde ona du: soldata ziurra da, eta udazkenari begira koltxoi on bat lortuko dut, bizikleta dendan inbertsio batzuk egiteko bada ere. Itzulian zaudela apenas gastatzen da dirua, mantenu osoa ordainduta baitugu. Diru on bat irabazten da, ezer gutxi gastatuta.

Zer moduz moldatu zarete Covid pandemiarekin?

Orokorrean ondo, baina leku batzuetan oso zorrotzak izaten ari dira. Taldeko akreditazioa ondo ikusten da autoan, baina gertatu izan zait hotelean sartzen ez uztea, agiri pertsonala ez neramalako soinean. PCR analisiei dagokionez, ez digu karga handirik suposatu. Norvegiako Arctic Race lasterketan egunero PCR bat egiten ziguten, Vueltan hiru daramatzagu momentuz.

Vueltak lan erdiak egin dituen honetan, zerk harritu zaitu gehien? Nolakoa da Vuelta?

Vuelta beste mundu bat da antolakuntza mailan, aste bateko itzuli txikiekin konparatuta. Ulertze aldera, Mallorcan, Valentzian edo Andaluzian baino hiru edo lau aldiz handiagoa da baliabideen bolumena. Gonbidatuak eramateko bakarrik 40 txofer inguru daude, eta horietako asko Euskal Herriko txirrindularitza probetako antolatzaileak dira, 20-25 bai. Harritu nauen beste gauza bat, talde handiek mugitzen duten azpiegitura handia da. Groupama taldeak, adibidez, 10 laguneko staff-a dauka lasterketatik kanpo. Gure taldean masajista eta mekaniko bana gabiltza kamioiarentzat lekua hartzeko etapa bukaeran, eta frantziarrek kamioi bat, kamioi tailer bat, furgoneta bat, eta ziklistek lo egiten duten koltxoiak eta almohadak eramateko beste furgoneta bat daukate. Sinesten zaila da, baina hainbat taldek euren koltxoi propioak eramaten dituzte hotel guztietara. Talde batzuk diru asko mugitzen dute. Euskaltel-Euskadi Burgosko irteeran 15 laguneko taldearekin egon zen. 11 pertsona, txirrindulariez gain: bost masajista, mekanikoak, managerra, kirol zuzendaria eta medikua. Aste bateko itzulietan, adibidez, ez da medikurik egoten.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Velefique gainean bukatu zen eguna azalduko dut, Almerian. Bi lan talde daude. Batek lasterketa egiten du, eta bestea irteerako hoteletik helmugako hotelera joaten da. Ni hoteletik hotelera doan taldean aritzen naiz, egun horretan Cartagenatik, Murtziatik, Almeriaraino, hain zuzen ere. Goizeko 07:00etan jaiki nintzen, gosaldu eta 08:00etarako eguneko materiala prestatzen hasi nintzen. 24 bizikleta ditugu, hiru ziklista bakoitzeko. Auto bakoitzak 8 bizikleta eraman ditzake, eta beste hainbeste gurpil. Txirrindulariak erabiltzen dituen garapenak aldatu egiten dira egunez egun, eta etaparen arabera. Velefique mendaterako 36x32 aukeratu zuten batzuk, eta 39x32 besteek. Ziklistek askatasuna dute bizikleta, gurpilak eta garapenak aukeratzeko, beti ere kirol zuzendariarekin adostuta. Bizikletak egokitzeko lan horrek ordu eta erdiko lana eskatzen du. Behin bukatuta, hurrengo gaueko hotelerantz abiatzen gara bizi-bizi. Goizeko 11:00tan iritsi ginen Almeriako hotelera. Ziklistentzako logelak antolatu nituen, iristen direnerako dena prest egon dadin, masajisten ordutegiak, ekipaje guztia txukundu, ur potoak bete ziklistei emateko… Lan handia da. 20 maleta eraman behar dira logeletara, zortzi ohatila, hozkailuak txirrindularientzako meriendak sartzeko… Bazkal ordurako bukatzen baduzu, konforme, ze lan horiek bukatuta taldeko kamioia iristen da. Hark dakarrena ere antolatu behar da. Egun batzuetan lauak jotzen dizkigute bazkaltzen dugunerako. Hotelean bertan bazkaltzen dugu, nekatuta gaudelako eta Covid pandemiarekin erosoena delako. Ahal bada etapa bukaera ikusten dugu, azken ordu erdia edo, baina Velefiquen bukatu zen etapan ura eramatera joan behar izan genuen eguneko mendate gogorrenean, Venta Luisa mendatera. Poliziak ez zigun goraino pasatzen utzi, ez ginelako garaiz iritsi, eta hurrengo mendate hasieran eman genizkien potoak ziklistei. Lauak pasata bueltatu nintzen hotelera. Atseden txiki bat, eta zazpiak aldera bizikletak garbitzen hasten naiz. 8-9 bizikleta garbitu eta errepasatu, eta kotxeak ere egunero garbitu behar dira, lau edo bost auto. Iluntzeko 20:30etan edo bukatzen dugu, afaldu eta ohera, oso nekatuta. Hori da eguneroko martxa, hoteletik hotelera dagoen distantziaren baitan. Atseden egunetan bakarrik aritzen zara lasaiago.

Eguneroko gogorra, oso…

Hala da, bai, baina gustatzen bazaizu, eta gazte zarenetik iturri horretatik edan baduzu… Lotu egiten zaitu txirrindularitzak. Hau bizi izan ez duen norbaitentzat ulertezina da, baina guretzat ez, ezagutzen dugulako nolakoa den kirol diziplina hau. Mekanikaria naiz, baina garbitu egiten dut, errepasatu, prestatu… Berez mekanikari lan soila ez da nekagarria, baina beste lan asko egin behar dira.

Zerk erakartzen zaitu gehien zure egunerokoan?

Daukagun giroa. Familia txiki bat gara. Denok ezagutzen dugu elkar txikitatik. Batzuk txirrindulariak dira, besteak masajistak, eta beste batzuk zuzendariak edo laguntzaileak. Anbiente  ona dago. Alboan Luis Angel Mate bezalako ziklista batekin egotea gozamena da, 37 urterekin ume baten ilusioa islatzen baitu. Txirrindulari berriak ere asko dira, eta horientzat oparia da Vuelta bat korritzea.

Mikel anaia ere Vuelta korritzen ari da, harremanik bai berarekin?

Egia esan ez sobera. Bakoitzak bere ordutegiak ditu, eta txirrindulariak oso sartuta daude lasterketan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!