"Amalurraren koloreak lortzen dira tindagai naturalen bidez"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 4a, 08:00

Etxeko maindire zahar batekin hasi zuen Anne Fernandez Diez urnietar gazteak tindagai naturalen bidea. Lurraren usainak zein koloreak hilezkor bihurtzen ditu kotoizko oihaletan

Oztopoak baino gehiago, aukerak eman dizkio pandemiak Anne Fernandezi: egunerokotasunean erabiltzen dituen produktuei zukua ateratzen ikasi du. Tindaketa naturaletan trebea da urnietar gaztea, eta unibertsitateko azken proiektu gisa hasi zuena erronka pertsonal bihurtu du. Motibazioa eragiten zion gai baten bila aritu zen, harik eta tindagai naturalekin topo egin zuen arte. Hori horrela, horren gaineko informazioa biltzen hasi zen: oso erraza da etxean egiteko, baita bideragarria ere. Bi aldiz pentsatu gabe, horri eutsi zion, beraz.

Proiektuaren muina, tindaketa naturala. Abiapuntua, minbizia. Zein lotura dute ustez harremanik ez duten bi gaiek?

Zapi onkologikoak oso sinpleak direla jabetu nintzen: guztiak  dira burua estaltzeko nahiz azala babesteko. Hala, etiketatu egiten du zapiaren erabiltzailea, gaixo dagoela jakinarazi gainerakoei. Hortaz, premia hori asetzea izan dut xede, hots, zapi bat egitea, praktikoa bezain estetikoa eta jasangarria, edonorentzat.

Alde estetikoari erreparatzeko baliagarria izan ez ezik, balio batzuei lotuta lan egiteko aukera ere eman dit proiektuak: tindaketa naturala jasangarria da inguruarentzat, baita gizakiaren osasunarentzat ere; oso aproposa da minbizia duten pertsonentzat edota azal sentikorreko jendearentzat. Finean, lehengai naturalak erabiltzeak ez du azala kaltetzen eta onuragarriak dira ongizatea bermatzeari begira; te gorriak, esaterako, izpi-ultramoreetatik babesteko gaitasuna du.

Oihalekin nahiz koloreekin jolasean hasi aurretik, lan handia egin behar izan zenuen.

Gugandik oso urrun dagoen mundua da. Kimikako tesiak irakurri behar izan ditut, izan ere, ez dute lehengai guztiek tindatzen, hots, sustantzia kimiko baten beharra dute oihalean irauteko. Lanaren erdia baino gehiago ikerketan eman dut; irakurri, irakurri eta irakurri: kimika, tindagai naturalak, oihalgintza, mordienteak...  Hortaz, garrantzitsuena informatzea izan da, gerora eman beharreko pausuak ondo eman ahal izateko. Zapiak tindatu aurretik, esaterako, esperimentazio-prozesua egin nuen. Ehun zati txikiak tindatzen nituen, koloreen intentsitatea neurtzeko nahiz lehengaien kopuruari neurria hartzeko.

Oihal zein lehengai bereziak behar al dira tindaketa naturalerako?

Oihal onena banbu ehuna da. Anti bakterianoa da, batetik; izpi ultramoreetatik babesten du, bestetik, eta, azkenik, termoerregulatzailea da. Onkologoek gehien gomendatzen duten ehuna da. Erosteko ahalegina egin nuen internet bidez, baina webgune arraroak ageri ziren soilik. Ondorioz, irakaslearekin bat etorrita, etxean nuen kotoizko maindire zahar batekin egitea erabaki nuen, ez bainekielako zein prozesu bizi behar izango zuen banbuak nire eskuetara iritsi baino lehen.

Hala, kotoiaren gainean jatorri begetaleko tinte naturalak erabili zenituen.

Hori da. Jatorri mineralekoak zein animalia jatorrikoak ere erabiltzen dira: Mexikon, adibidez, ohikoa da tindagai naturalen erabilera, eta kotxinilla intsektua erabiltzen dute.

Kotxinillatik askotariko ezpainetako gorriak lortzen dira, karmin koloredunak, besteak beste. Garestienak eta prestigio handiena dutenak kotxinillarekin sortutakoak dira, sintekikoki lortu ezin den bizitasuna dutelako intsektua erabilita eskuratutako kolore gorriek. Nire kasuan, itxialdi betean nengoela kontuan hartuta, egunerokotasunean erabilitako lehengaiez baliatu nintzen: orotara, hamaika lehengai erabili ditut, eta bakoitzetik (askotariko mordienteak erabilita) lau kolore atera ditut.

Itsu-itsuan murgildu nintzen proiektuan. Goizero-goizero, jaiki berritan, balkoira joaten nintzen aurreko egunean tindatutako oihal zatiek zein kolore hartu zuten ikusteko irrikaz. Ezusteko hutsa zen, ez baitago zure esku. Aitzitik, makina bat gezur dago: marrubiek tindatzen dutela diote askok, adibidez. Koloreak ez dira biziak, eta hori onartu egin behar duzu.

Koloreak sortzen dituzu, baina horiek oihalean iraunarazi behar dira. Nola egin hori?

Mordentazio-prozesuaren bidez. Azidifikazio-maila altuko substantziak erabiltzen dira, tartean, ozpina, gatza, alunbrea (minerala) eta bikarbontatoa. Horien bidez, iraunkortasuna lortzen dute koloreek. Tindagaiak mordentatu gabe ez du barrura sartzeko ahalmenik, eta, beraz, garbitu bezain pronto indarra galduko du. Ehuna mordienteekin irakinez gero, zuntzak irekitzen zaizkio. Horrela, kolorea ehunean sartzen da, eta behin oihala lehortuta, zuntzak itxi egiten dira eta kolorea bertan gelditzen da, barruan; ez da bertatik aterako berriro mordentatu arte. Gehienbat marroiak, horiak edo naranjak lortu ditut; finean amalurraren, naturaren koloreak eskuratzen dira tindagai naturalen bidez. Lurrari oso lotuta dauden elementuak dira, eta horrexegatik ateratzen dira kolore horiek.

Hainbat garbiketaren ostean, indarra galtzen dute koloreek, eta hori gertatzen da horrela behar duelako, alegia, natura horrelakoxea delako. Ohituta gaude produktuen hilezkortasunarekin bizitzen, kontsumo azkarrean oinarritzen da gure egunerokoa.

Erremolatxarekin, esaterako, badirudi izugarrizko kolore bizia aterako dela, baina indar handia galtzen du, antratonina-maila altua eduki ezean. Azken hori alunbrearekin nahastuz gero, koloreari iraunkortasun handiagoa emango dio. Kimika hutsa da. Ondoren, gainera, produkturen zaintza bestelakoa da: eskuz garbitu behar duzu eta jaboia ezin duzu zuzenean ohialera bota; sentiberagoak dira koloreak eta kontu handiz garbitu behar dituzu.

Zein lehengairekin lan egitea duzu zuk gustuko?

Tipularen azalarekin lan egitea gustuko dut; oso kolore biziak ditu. Bandle die teknika erabili nuen: mordentatutako oihalean tipula-azalak ipini behar dira, lotu eta irakiten jarri. Horrela, azalaren arrastoa gelditzen da.

Koloregai naturalen bidezko artisau tindaketa izan zen tindaketa metodo nagusia historiaurretik XIX. mende erdira bitarte.

Zein leku dute gurean gaur egun tindagai naturalek?

Tindagai naturalak soilik zuntz naturaletan aplikatu daitezke. Dituen ezaugarriengatik egungo moda-industrian sartu ezin den praktika da tindaketa naturala. Ezin da masan ekoitzi, banaka-banaka egin behar da prozesua; ondorioz, ezin da kontsumo azkarrari bideratutako industrian kokatu; zaila da merkaturatzen eta oso jende gutxik egiten du.

Jendeak jasangarritasunari erreparatzen dio erosketak egiten dituenean?

Geroz eta gehiago. Azken urteetan sintetikorantz jotzeko joera izan dugu. Ondorioz, orain berriro lehengora itzuli nahi dugu: egun, nailona baino, nahiago du jendeak kotoia.

Hari horri tiraka, tindaketa naturala naturatik eta naturarentzat egiten den praktika al da?

Tindaketa sintetikoan hondakin toxikoak sortzen dira, eta ur-kopuru handia behar izaten da. Munduko Bankuaren arabera, urteko ehun produkzioaren kopurua 60-70 milioi tonelada artean dagoela kalkulatzen da; horretarako, 9 mila milioi metro karratu ur behar dira (3,6 milioi igerileku olinpiko betetzeko nahikoa ur kopurua da hori). Aldiz, tindaketa naturalean ez duzu material berririk sortu behar lan egiteko, finean zaborretara bota behar zenituen hondakin organikoak erabiltzen dira, eta erabilitako ura ez da kutsatzen. Natura errespetatzen da eta guri onurak ematen dizkigu horrek.

Artea al da tindagai naturalekin egiten duzuna?

Baietz esango nuke; zer da artea eta zer ez? Hasieran, ikuspegi estetikoak pisu handia zuen proiektuan, baina, orain, alderdi estetikoaz gain, zerbait funtzionalean bihurtu da, beharrak asetzen dituelako.

Prozesu sakona izan da. Irakaspenik atera al duzu?

Izugarri ikasi dut, asetu egin nau eta ezezaguna zitzaidan beste mundu bat ezagutzeko ateak ireki dizkit. Ez daukagu batere barneratuta gue bizitzan; natura errespetatzen duen praktika da, eta ez du kutsatzen. Halaber, kontzientzia hartzen laguntzen du. Artista txikiei eta eskulangileei babesa eman behar zaie; horrelako produktuen prezioaz kexu da jendea, baina atzetik dagoen lan-prozesua luzea da. "Erabili eta bota" filosofiarekin bizi gara. Azken emaitza ordaintzen dute, baina horretara iristeko denbora behar da: egun eta erdi eduki behar duzu oihala mordentatzeko; gero, tindatzen gau oso bat; lehortu ostean, plantxa pasa behar zaio, kolorea finkatzeko.

Guztia da aldagarria, eta horrek xarma ematen dio. Beste bizimodu bat da, beste pentsakera bat. Bat-batekoa da, ezin baituzu aurreikusi nolako kolorea aterako zaizun zehatz-mehatz, ez eta bere estanpa eta intentsitatea ere. Urtaroaren arabera ere aldatu egiten dira kolorearen ezaugarriak, loreekin eta, oro har, jatorri begetaleko lehengaiekin lan eginez gero. Gure ohiturak sakoneraino ditugu mekanizatuta, eta tindaketa naturala guztiz kontrakoa da: ez duzu zuk kontrolatzen, berak kontrolatzen zaitu zu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!