Martxoaz geroztik kimioterapiako sei saio hartu ditu, eta laster bukatuko ditu erradioterapiakoak. Dena ondo badoa, jarraipen analitikak bost urtez, “baina ziurrenik beldurra, bizi guztirako”. Minbizia ezagututa jabetu omen da jendarteak itxurari zenbateko garrantzia ematen dion. Berekoi izan omen da, behartuta sentitu du bere burua. Bi amets ditu. Udaberrian Adarramendira igotzea, eta Xare, 10 urteko alaba hazten ikustea. Honatx testigantza gordin honen bilduma.
Nor da Ainara Albizu?
Urnietarra, ezaguna herriko taxi gidariaren alaba naizelako, eta urtetan herriko plazan egon zen taberna bakarreko alaba eta langile. Urte batzuk atzera Trebiñura joan nintzen bizitzera. Sei hilabete atzera endometrioko minbizia diagnostikatu zidaten, eta hor ari naiz, borrokan. Borrokatzeko modu bat da sare sozialetan nire esperientzia kontatzea.
Erraza gertatu zaizu zure berri ematea?
Hasieran zurrumurruak, edo egia ez ziren gauzak zabaldu ez zitezen hasi nintzen kontatzen gauzak. Informazioa nire ahotik jasotzea. Ondoren niretzako terapia modukoa zela jabetu nintzen, nire sentimenduak azaltzeko. Informatu egiten nuen, baina ni neu ere konbentzitzeko, neraman borrokan indartzeko. Mezua, hauxe: prozesuan sinesten dut.
Gaixotasunaren nondik norakoak kontatzeko moduan?
Umetoki barneko gailua (DIU)erabiltzen nuen, eta ez neukan hilekorik. Gailua kendu nuen gero, eta hilekoa bueltatuta jabetu nintzen ezberdina zela, hemorragia batzuk izan nituen. Beldurtu egin nintzen, ze familian egon izan dira aurrekariak, arazo ginekologikoak. Ginekologoarengana joan nintzen, Txagorritxun, Gasteizen. Tratua bikaina izan zen, oso azkarra, eskerrak eman nahi nizkioke Osakidetzari. Diagnostikoa azkarra izan zen: endometrioko minbizia. Umetokia babesten duen geruza da endometrioa. 1B eskalan zegoen minbizia, medikuen arabera arrisku gutxien daukana, eta lokalizatua, tratatzeko errazena. Ebakuntza egin zidaten azkar. Ama izan nahi ote nuen galdetu zidaten, aurrena, eta baietz esan nien, ari nintzela saiatzen, bigarrenez (Xare 10 urteko alaba dauka Ainarak). Umetokia kendu behar zidaten, ebakuntzan, eta minbizia 1B eskalan zegoenez, berriro ama izateko aukera eman zidaten, umea eduki eta berehala tratamendua hasteko. Ezetz esan nien, lehenbailehen sendatu nahi nuen, eta hori lortzeko berriro ama izateari uko egin behar banion egingo niola. Bizitza berri bat emateko aukera neukan, baina nirea arriskuan jartzeko beldurra ere, prozesuan minbizia garatzen bazen. Erabakia bikoteari ezer komentatu gabe hartu nuen, eta umetokia kendu zidaten. Dena ondo atera zela esan zidaten. 10 egunetara azterketa egin zidaten, eta hor zerbait aurkitu zidaten. Mikroskopioarekin umetokia sabelera lotzen duen zuntzean bi milimetroko zelula kantzerigenoa antzeman zidaten. Protokoloa kimioterapia eta erradioterapia zen, tratamendu guztia.
Nola jasotzen da halako berri bat?
Pentsatu nuen lehenengo gauza: ilea eroriko zait? Baietz esan zidan medikuak, alaba konturatu egingo da. Ondoren familiari esan beharreko trantzea, ze denok uste genuen umetokia kendu eta gero bukatu egingo zela asuntoa. Zelula horrekin 3B eskalara pasa zen nire egoera, 1B egoeratik. Lau eskala daude denera. Laugarren eskala metastasiaren atarian egotea da. Galderak sortu zitzaizkidan. Asko sufrituko dut? Garaiz antzeman dugu? Baina ez dizute erantzuten, nahiago dute garbi ez hitz egitea. Medikuntza nuklear batean proba egiten dizute, Pet Tac izenekoa, eta han zelula txarrek distira egiten dute. Medikuak esan zidan garbia izan zela froga. Frogaz froga, txarrenean jartzen nintzen, baina baikor. Nerea ahizpari esaten nion (elkarrizketa guztian egon da Ainararen ondoan), ‘Nerea, lasai, gaizki ateratzen bada ere tratamendua emango didate eta lasai’. Minbizia hitza, gogorra da. Izeba bat ere hil zitzaigun minbiziak jota, eta minbizia daukana ondokoen begietara koitadua, edo gizajo baten parekoa da. Nik, baina, ez dut penarik eman nahi inoren aurrean.
Zer egin zenuen pronostikoa jasota?
Minbiziari neurria hartzen saiatu. Esan nahi dut, ez naiz ni gaitzaren aurka borrokatu behar duena, medikuak baizik. Berekoia izan behar duzu, norekin egon nahi duzun aztertu, esango dizunak kalte egin ez diezazun. Erlijio kutsuko jendea da, batez ere, nahiz eta laguntzeko asmoz egiten duten. Erruki mezuak jasotzen dira, batez ere, baina ez dute onik egiten (erradioterapiako bigarren txanda hasteko deia jaso du, bat-batean, eta malko batzuk isuri ditu Ainarak).
Erradioterapia hartzen hasi zara. Kimioterapia baino samurragoa omen. Hala da?
Gorputz bakoitza mundu bat da, ezberdin erantzuten du eta ezin jakin. Kimioterapia pozoia da, Supermanen kriptonita bezalakoa. Kimioterapiako sei saio jaso ditut, martxoan hasita, 21 egunez behin saio bat. Hartzen hasi aurretik esaten dizkizute albo kalteak: ilearena, bota gurea, gose falta, eragin neurologikoak… Hasi aurretik indartsu sentitzen nintzen. ‘Sei saio dira, eutsiko diot, ez du nirekin bukatuko’, esaten nion nire buruari.
Eta kimioterapia hartzen hasi zinen. Nola joan zen?
Pirinioetako mendi bat igotzea bezala hartu nuen, niretzat mendi horiek igotzea beti erronka handia izan baita, nire pisuagatik. Garbi neukan tratamendua hasi behar nuela. Medikuari, erdaraz, ‘saca la artilleria pesada’, esan nion. Buruz-eta sendo egon behar nuen, borroka ez galtzeko. Eta perspektibaz jokatu, berekoi izan. Lagunek ni ikusteko deitu, eta ezetz esan beharra, une horretan kalte egingo zidalako. Erruki eta mezu oldarkorrei beldurra nien. Nire ingurua mugatu dut asko. Hori egiten dudan lehen aldia da, jendetasuna izan dudalako betidanik.
Nolakoak dira saioak?
Zazpi ordukoak, ohe batean etzanda. Kortikoideak sartzen dizkizute aurrena, gero Taxol izeneko osagai bat zainetatik, hiru orduz, eta horrek zainak nola erretzen dizkizun nabaritzen duzu. Ondoren carboplatino osagaia. Saioa bukatuta mozkorra banengo bezala ateratzen nintzen, baina oinazerik gabe. Lehenengo saiora bikotearekin joan nintzen, beste guztietara bakarrik. Saioa bukatuta etxera, normal. Hurrengo bi egunak egurrean zaude, haserre bezala, mundu guztia izorratzen. Hirugarren eguna hanketako mina, giharretakoa… Hanka azpitan milaka orratz izango bazenitu bezala. Onkologoak esan zidan, egunero ibiltzeko, eta pentsatu nuen, onkologoari ez diote kimiorik eman! Jateko komeriak nituen, batzuetan patata egosiak eta arrautzak bakarrik, eta olibak. Ez dakit zergatik. Laugarren egunean, negar batean. Ezina. Nire gelan sartu eta iraun. Heriotzarekin hitz egiten hasten zara, alaba bakarrik geratuko dela pentsatzen, pentsamendu txar-txarrak etengabe. Hiltzen banaiz ere, bizitza oparoa eduki dudala… Aurre egiten hasten zaren arte. Hori da borroka. Lehen krisia Albert Camus-en audio liburu batekin pasa nuen, Jon Jauregik aholkatuta. Bosgarren egunean argia ikusten hasten zara.
Eta sei saio…
Bai. Lehen saioko kemen, grina hori apaltzen joaten da, eta kimioaren kontrako borroka hori bestela ikusten duzu. Ez da borroka egin behar, ekaitza pasatzen utzi baizik. Borrokak erre egiten zaitu psikologikoki. Jaiki, bazkaldu, ibili… akitu egiten zaitu. Eta oraindik bost saio. Bigarrenean beldur apur batekin zoaz, hiltegira joango bazina bezala. Ilea erortzen hasten zaizu bigarren saioa hasterako, eta kentzea erabaki nuen. Irudiaren gizartean bizi gara, eta ilea galtzeari sekulako garrantzia ematen diogu. Kalte neurologikoei, aldiz, batere ez. Jendeak ilea erortzen zaizula bakarrik ikusten du. Ileorde batek 1.500 euro balio du! Itxurak arduratzen gaitu, beste ezeren gainetik. Txapel bat eramateko aholkatu didate, eta nik ezetz. Zergatik eraman behar dut?
Hirugarren saioarekin Covid-aren txertoa ere hartu zenuen.
Bai, defentsak indartsuen egun horretan dituzulako. Ikaragarria izan zen. Etsitzear egon nintzen. Oso gogorra izan zen, denetan gogorrena. Laugarren saioa ez zidatela emango ere pentsatu nuen, jota nengoelako, lata bat irekitzeko indarrik gabe, 100 metro oinez egiteko adorerik gabe. Trebiñun ondo eraman dut, herri txiki bat, lasaitasuna, alaba ere Urnietan ikastolan… Trebiñun bikotearen eta honen amaren laguntza izan dut, eta eskerrak eman nahi nizkieke bihotzez. Ez zen erraza izan, ze bera zaintzeko gai ez zarela pentsatzen duzu, beti borrokan, eta aldendu egiten zara. Urnietan aita, nire familia dauka, eta hemen nirekin baino hobeto egongo zen. Bi hilabeteko tartean behin ikusi dut alaba, pentsa.
Eta azken saioa ere hartu zenuen.
Bai, baina bitxia da, kimioa bukatzeari beldurra hartu nion, hartzen duzun bitartean badakizulako ez dela ezer txarra hazten ari zure gorputzean, eta kimioa bukatzen duzunean, ba agian bai. Kontu psikologikoa da. Ni akabatzen ari dira, baina akabatzen ari den gauza horrek mantentzen nau osasuntsu. Sentsazio kuriosoa da. Bikoteak galdetu zidan: ‘zer nahi duzu, bizitza osoa kimioa hartzen egon, ala?’. Aitortu behar dut nire plangintza sei saio hartzea zela, eta medikuak lau hartuta kitto egiteko proposatu zidala. Ezezkoa eman nuen, seiak hartuko nituela. Egunak kontatzea da gakoa. Kimioaren osteko lehen hamar egunak dira zailenak, ondorengo hamarrak hobeak, baino badakizu beste saio bat datorrela. Kimioko saioak hartzean ondo pasatzen nuen, barrez erizainekin, eta tablet-ean telesailak ikusten. Nire pronostikoa ere ona zen. Hondartzara joango banintz bezala joaten nintzen kimioa hartzera, nire burua animatuta. Azken saioa hartu ondoren kanpai bat dute erietxean, eta kanpaia astintzen duzu erizain guztien urrean. Oso une hunkigarria izan zen, gogorra. Prozesu bat bukatzen duzu, baina akaso bueltatu egun behar zara… Negar putzu batean egon nintzen luze.
Uztailaren 27an bukatu zenuen kimioko azken saioa, eta dagoeneko erradioterapia hartzen ari zara.
Bai, kimioa bukatu eta analitikak ondo zeuden. Albo kalteak, dena den, agerikoak dira: hitz egiteko zailtasuna, hitzak ahaztu, bista galdu, ezin liburu bat irakurri, burua galtzen duzu tarteka, eskuak eta hankak txingurritu, ziztadak hezurretan… Seigarren kimio saioan dosia jaitsi zidaten, sintoma horiek ikusita. Abuztuaren 20an hasi nintzen erradioterapiarekin, eta 20 bat saio hartu ditut dagoeneko. Brakiterapia bat ere bai. Nik eskatu nien medikuei erradioterapiarekin ahalik eta azkarren hasteko. Ez dut ezer berezirik sentitu, egia esan. Sumatzen dut medikuak kontu handiarekin dabiltzala, organoak eta ez kaltetzeko. Oinazerik gabe nabil, momentuz, eta gustura. Neke pixka bat, akaso, baina kimioarena ere izan liteke. Erradioterapia egunero hartzen da, printzipioz 25 saio, eta brakiterapiako beste hiru. Alaba ikastolara bueltatuko da, eta lehenbailehen bukatu nahi dut prozesua, normaltasunera itzuli. Teorian albo kalteak samurragoak dira erradioterapiarekin, baina beti ez da hala gertatzen. Buruak esaten dit txarrena pasatu dela, baina ez dut soberako konfiantzarik nahi. Erradioterapia bukatuta bost urtez jarraipena egingo didate, hiru hilabetez behin hasieran, sei hilero ondoren, eta urtero azkena. Gaitza bera desagertu liteke, kontrolak eta analitikak, baina beldurra bizitza osoan zure ondoan dagoela esango nuke.
Ze egunekin amesten duzu?
Zoriontsu zerk egin nauen hausnartu dut asko gaizki egon naizen azken hilabeteetan, zer lortu nahi dudan etorkizunean. Zerk egin nauen zoriontsu, zer berreskuratu nahi dudan. Konforme nintzateke udaberrian Adarramendira igoko banintz. Eta gero Aizkorrira. Mendian zoriontsu nintzen, eta hori sentitu nahi dut berriro. Hori eta alaba hazten ikusteko aukera edukitzea. Zarauzko pertsona batekin harremana eduki dut prozesuan, eta hark esan zidan, zer eskatzen zion minbiziari: 10 urte, semea hazten ikusteko. Nik ere hori nahi nuke. Nik orain arte nahiko disfrutatu dudala iruditzen zait: parrandak, bidaiak… Bizi izan naizenaren sentsazioa daukat, bizitza aberatsa eduki dudala esango nuke.
Ze mezu emango zenieke minbizia dutenei? Jendarteari?
Materialista samarrak garela esango nuke… Mundu honetatik martxa egiterakoan zurekin zer eramaten duzun hausnartzea eskatuko nuke. Zer eramango duzu zurekin? Zure etxea? zure autoa? Zure dirua? 40 urte ditut, eta ez daukat gauza materialik. Ez dirurik, ez etxerik. Bizipenak baino ez. Baino zoriontsua naiz. Itxuraren gizartean bizi gara.
Negarrez hasi da Ainara, eta Nerea ahizpak hartu du hitza. Ainarak minbizia zeukala esateko dei egin zionean lanean zegoela gogoratu du: “Kolpe latza. Lanean nengoen. Inoiz ez zaude horrelako berriak hartzeko prest. Halakoak ondoko etxean bakarrik gertatzen direla uste duzu, etortzen den arte. Ama babestu genuen, Ainarak berak ere gu babestu gaitu asko. Deitu diot egun askotan, eta Ainarak erantzun ez, jakinda kalte egingo zigula. Gero bera Trebiñun dago. Hortxe dago, baina ordubetera. Distantzia hori oso handia izan da etxekoentzat”.
Zuk, Ainara, nola bizi izan duzu distantzia hori?
Niretzat ona izan da, isolatu egin naiz. Amarentzat ez da ona izan. Ni kontsulta guztietara bakarrik joan naiz, baina Donostiara etorri izan naizenetan, medikura, amari nirekin etortzeko esan diot. Berekoia izan naiz, aitortzen dut, baina ama, ama da.
Sare sozialetan ari zara zure bizipenak agertzen. Zergatik?
Hasieran zurrumurru eta gezurrak saiheste aldera hasi nintzen. Bigarrenez, maite nauen jendeak nire berri eduki zezan, jendea ez baita ausartzen galdetzera. Nire argazkiak sareratu ditudan lehen aldia izan da. Eta terapia moduan, barrua hustutzeko. Jende asko dago bere bizipenak kontatzeko, eta zenbaitzuk ba influencer edo halakoak izateko asmotan, protagonismoa bilatzeko. Elkarrizketa bakarra emango dut, publikoki, Aiurri-ri, eta herriko aldizkaria delako. Hainbat lagunek laguntza eskaini didate sare sozialetan egindako testigantzen ondoren, nik espero gabe. Koadrila beti hor egon da. Sare sozialek nahiko sona txarra dute, baina gauza onak ere ekartzen dituzte. Nik gauza gogorrak kontatu ditut, egun txarrak gordin-gordin azaldu ditut sare sozialetan. Minbizia ez da irabazi edo galtzen den borroka bat, hiltzen bazara da gaixotasun bat izan duzulako, baina ez ez duzulako borrokarik egin. Ez da borroka kontua, ez dago nire esku.
Heriotza gertu sumatu duzu uneren batean?
Beldur handia nion, eta begietara begiratu diot. Urrutitik, otso batean irudikatu dut, otso beltz bat. Begi horikoa, niri begira. Begiratua eutsi diot. Hortik etorri dira orain arte bizitako lau hamarkaden hausnarketa. Nahiko bizi izan naiz? Bizitzari zukua atera, eta bihar baino hobe, gaur. Horixe nire mezua.