"Energia polita sortzen da yogako klasean gaudenean"

Jon Ander Ubeda 2021ko ira. 13a, 09:00

Eva Domenech Yoga irakaslea da eta ate irekien jardunaldiak antolatu zituzten Saroben.

Yoga irakasle ariko zara ikasturte berrian. Zergatik da berezia ate irekiera jardunaldia egitea?

Jarduera hau jendeari gerturatzeko beharrezkoa da. Yoga ezaguna da, baina oraindik bada jendea bere horretan yoga zer den ez dakiena. Ezaguna zaio, baina garrantzitsuena praktikatzea da. Zeren eta yoga batez ere praktika bat da. Ez da hitz egiteko, badu filosofia bat baina esperientzia modura bizi behar da yoga.

Zeini zuzenduta dago yoga?

Adinak eta esperientziak ez dute axola. Praktika jendeari egokitzen dugu eta partaide bakoitzak bere erritmoa jarraitzen du. Asana edo postura ugari daude, sinpleenetik hasi eta konplexuagoraino. Bakoitzak bere aldaera egokia topatu behar du.

Ikasturtean zehar saio bakoitzaren iraupena zenbatekoa izango da?

Astean bitan, eta ordu eta erdiz ariko gara.

Zenbat urte daramazu Urnietan eskolak ematen?

Laugarren ikasturteari ekingo diot.

Talde finkoa duzu?

Ikasle asko fidel samarrak dira. Urtero jende berria gehitzen da, baina oinarrian talde egonkorra dugu.

Pandemia garai honetan ikasleekin berriko aurkitzeko aukera izatea gauza handia da zuentzat, ezta?

Oso inportantea da aurrez aurre elkarrekin egotea, taldearen indarra hor dagoelako.

Ez dugu hainbeste hitz egiten yogan ari garenean, baina energia polita sortzen da klasean gaudenean.

Irakasle modura nola sentitzen zara.

Une atsegina igarotzeko baldintzak sortzen dituen irakaslea naiz. Espazioa, musika, jarrera... horretarako lagungarria da. Ikaslea babestuta sentitzea da helburua. Konfiantza giroa sortzea dut gogoko, bakoitza bere buruarekin eroso sentitu dadin. Gorputza, adimena eta arnasketa ona bermatzeko giro aproposa sortu behar da.

Kataluniarra zara baina euskaraz bikain ari zara.

Hamabost urte dira hona etorri nintzela. Hernanin bizi naiz, eta lehen urte haietan euskarari serio heldu nion. Lehen profila atera nuen, eta bigarrenaren bila noa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!