"Pilates jardueran ikasle bakoitza bere erritmora joan daiteke"

Jon Ander Ubeda 2021ko ira. 13a, 09:00

Ibon Llanos pilates irakaslea da eta ate irekien jardunaldiak antolatu zituzten, Saroben. 

Pilates kirol jarduera ezaguna da, baina ikasle berri bati nola azalduko zenioke zer den?

Entrenamendu metodoa da, eta oinarri abdominalak lantzean datza, baina ondorioz beste gorputz atal guztiak lantzen dira: burua, besoa, lepoa, hankak... flexibilitatea, tonifikazioa eta arnasketaren kontrola lortzen dira horrela. Azken hori garrantzitsua da.

Bai, izan ere bada arnasketa on bat garatzeko zailtasunak dituenik.

Hasiberrien kasuan, mugimenduaren arabera, normala da nahastea. Baina begiralearen arabera modu ezberdinak topatzen dira arnasketa erregularrarekin ohitzen.

Norbaitek pentsa dezake zaila edo nekagarria dela. Zer esango zenioke Pilatesen ezagutza ez duenari?

Edozein jardueretan bezala, hona etorriko denak bere borondatez erabaki du hona etortzea. Eta norberak bere helburuak zehazten ditu. Hasieran kosta egingo zaio akaso, baina gero maiztasunez etortzean ohitzen joango da eta baita gozatzen ere. Nik ikasleei ez dizkiet helburuak zehazten. Ikasleren batek irudi bat izango du buruan. Helburua ez da sekulako flexibilitatea lortzea, ikasle bakoitzak bere mugak dituelako. Gugan etortzen den jendearen perfila oso ezberdina delako. Batzuk medikuak gomendatuta datoz, lunbaretako arazoak dituztenak adibidez. Horiek ariketa guztiak ezin dituzte behar bezala egin. Nire aholkua honakoa da: Proba ezazue, baina gorputza mugara eman gabe. Hori da Pilatesek duen gauza ona. Bakoitza bere erritmora joan daitekeela.

Urte batzuk egin dituzu Urnietan.

Oker ez banago, pandemia tartean izan delako, uste dut hauxe dela Urnietan ariko naizen zazpigarren urtea. Donostiarra naiz, eta Urnietan eta Hernanin nabil eskolak ematen. Urte hauetan hainbat ikasle fidel pilatu ditugu. Pentsa, astearteko eta osteguneko taldea ni hasi aurretik daude bertan. Lanetik atera eta etxera joan aurretik duten ordu libre hori baliatzera hurbiltzen dira asko.

Dantzan zebiltzan ikasle batzuk ere hona etortzen ziren jarraian. Pilatesen zuzenean edo zeharka estiramenduak egiten direnez, muskulazioa askatzeko ondo etortzen zaie.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!