Ohiko ordutegia berreskuratu du kiroldegiak

Aiurri 2021ko ira. 13a, 11:39

Urnietako kiroldegiak ohiko ordutegia berreskuratuko du gaurtik aurrera, Covid 19ren araudia aldatu ondoren. Orain arte, gaueko 21:00etan ixten zituen ateak eraikinak, eta, aurrerantzean, ostera, astelehenetik ostiralera 22:00 arte kirol esparrua erabiltzeko aukera izango dute urnietarrek goizeko 8:30etik hasita.

Ordutegi aldaketarekin emango den beste berritasun nagusia hitzorduen ordutegia izango da, izan ere, nagusiki erdietatik erdietara erreserbatu beharko dira. Hau da, 8:30etik 9:30era, esate baterako.

Aldez aurreko hitzorduak ezinbestekoa izaten jarraituko du, eta horretarako Udalaren APP-a eta webgunea erabil daitezke, non argi eta garbi ikusiko diren aukeran dauden ordutegi guztiak. Telefono zenbaki honetara ere deitu ahal izango da: 943 00 83 28. 

  • Astelehena – ostirala: 8:30-18:30 / 19:00-22:00
  • Larunbatak: 9:00-18:30 / 19:00-21:00
  • Igandeak: 9:00-18:30 / 19:00-21:00

Ordu aldaketak ez du eraginik izango garbiketa eta desinfekzio lanetan, orain arteko intentsitate berarekin egingo baitira, eraikin osoan higiene baldintza egokiak bermatzeko. Kiroldegia 18:30etik 19:00etara soilik itxiko da zeregin horretarako; alegia, eguerdian irekita izanen da.

Hortaz gain, babes-neurri guztiek indarrean jarraituko dute eta zorrotz bete beharko dira: higiene postuak mantenduko dira, musukoa jantzita eduki beharko da momentuoro, eskuak eta erabilitako makinak garbitu beharko dira eta nork bere toaila etxetik eraman beharko du.

Bestalde, hilaren 26an emango zaio amaiera udako denboraldiari igerilekuaren itxierarekin eta irailaren 27tik aurrera igande arratsaldeetan kiroldegia itxita egongo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!