Merkataritza sustatzeko plana aurkeztu dute Urnietan

Jon Ander Ubeda 2021ko ira. 16a, 11:09

Urnietako Udalak Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia garatuko duela iragarri zuen astelehen goizean deitu zuen agerraldian. Plana Ikertalde enpresak garatuko du eta hori garatzko herriko merkatariei parte hartze "aktibo eta zuzena" eskatu diete.

Planaren xehetasunak azaltzeko David Rosco merkataritza alorreko zinegotziari hitza eman aurretik, Jorge Segurado alkateak helburua zein izan beharko lukeen agertu zuen: “Oso argi dugu merkatariekin dugun elkarlanak izan behar duela etorkizuna hobetzeko bidea. Beraiekin batera lan egin behar dugu”.

Roscoren ustez, "merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektore erakargarria izateak, herritarrei bizi kalitatea eta herri dinamismoa eskaintzen die.  Era berean, gertuko zerbitzu eta merkataritza eskaintza zabala izateak herritarrek Urnietan kontsumitzea errazten du; eta horrek herriari izaera biziagoa eta erakargarriagoa ematen dio".

On line bidezko merkataritzaren garapenak eta bizi dugun pandemiak paradigma berria sortu du, erosle eta saltzaileen arteko harremanei dagokionez.  Udalak sektorea berregokitzeko eta lehiakortasuna hobetzeko prozesu bat behar duela uste du eta, horretarako, Urnietako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia jarri du abian.

Askotariko ekintzez osaturik egongo da plana, hurrengo hilabeteetarako programatuta daudenak.

Gorka Goikoetxea, Ikertaldea: "Askoren artean, kontsumitzaileen eskaria zein den aztertuko dugu"

Azpimarratu nahi dut hau merkataritza sektorea indartzeko bide-orria izango dela. Bertan diseinatuko dira sektorearen dinamizazioan eragina duten eragile guztiei dagozkien ekintzak: Udalari dagozkion ekintzak, sektoreari dagozkionak, elkarteari dagozkionak...

Plana diseinatzeko hainbatfase definitu ditugu. Lehenengoa eskaintzaren analisia egitea izango da. Zer eskaintzen da Urnietan? Sektorearen bilakaera aztertuko da. Eta horrez gain sektorean galdeketa egingo da. Bertan ikusiko dugu zein den Urnieta merkataritza eta ostalaritzaren profila. Besteak beste, adina, forma juridikoa... Hainbat aldagai aztertuko dira. Taldeko bilerak deituko ditugu, parte-hartze zabala sustatu nahi baita. Honekin batera hiri espazioaren azterketa egingo dugu. Nola konfiguratuta dago Urnieta? Zein irakurketa egiten dugu? Hirigintzari dagozkion hainbat faktore aztertuko dira.

Bestetik, eskaria aztertuko da. Urnietako kontsumitzaileen eskaria zein den aztertuko da. Inkesta batzuk egingo ditugu jakiteko zer erosten den herrian, zer kanpoan... Kalean egingo dira galdeketak. Ikuslego bat karakterizatzea dugu helburu, eroslearen ezaugarriak zeintzuk diren jakite aldera.

Guztia aztertuta diagnostikoa egingo dugu, Urnietako merkataritza eta ostalaritza sektorearen ahuleziak eta indarguneak aipatuz. Plan honekin hainbat ardatz zehaztuko ditugu, eta horiek kudeatzeko mekanismoak diseinatuko dira".

 

Aintzane Ledesma, On Bizi Elkartea: "Planarekin non eta nola hobetu ikusiko da"

"Merkatarientzat PERCOa delakoa garrantzitsua da, ezaguna baita Urnietako merkataritza kili-kolo dabilela. Horri esker non hobetu eta nola ikusiko da. Udalarekin plana garatzea adostu genuen, beraz, merkatarion eskuetan dagoen guztia egingo dugu. Garrantzi handikoa da udaletxearekin elkarlanean aritzea, guztion konpromisoa delako.  Herritarrak kale eta telefono bidezko inkestetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, oso garrantzitsua baita merkatarientzat eta herriarentzat. Analisi zehatzena edukitzea eta haiek barneratzea behar dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!