Euskal Herrian 111 emakume eta 11 adingabe erail dituzte, erakunde publikoak datuak biltzen hasi zirenetik. Espainiako Estatuko datuei erreparatuz gero, ostera, 2021ean 34 emakume hil dituzte jada genero indarkeriagatik. Egoeraren larritasuna ikusita, protokoloa aho batez adostu eta onartu dute udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek (EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE),
Hona hemen Urnitako Udalak protokoloaren harira azaldutakoa:
Komunikazio instituzionala funtsezkoa da emakumeen aurka egiten diren indarkeria- mota eta adierazpenak ikusarazteko prozesuan. Ukaezina da indarkeria horien egiturazko eta hedapeneko izaerari, estereotipoak eta aurreiritziak ezabatzeari eta biktimak errespetatuko dituen eta emakumeenganako indarkeriazko agerpenik onartuko ez duen gizarte bat eraikitzeari buruz gizartea zabaltzen eta sentsibilizatzen laguntzeko duen gaitasuna. Beraz, protokoloak komunikazioa eta sentsibilizazioa modu zehatz eta egokian egiteko ere balioko du.
Tolerantzia zero
Urnietako Udalak esan duenez, joera negatibo hori aldatzeko ekimenak bultzatzen jarraituko du, eta ildo horretan kokatzen da, hain zuzen ere, udalerriko sarreretan berriki egin den plaken instalazioa, argi eta garbi adierazteko Urnieta eraso matxistak onartzen ez dituen herria dela. Helburua da gizartearen eta herritarren kontzientziazioa sustatzea, indarkeria matxistaren aurka eta, bereziki, indarkeria sexistaren aurka.
III. Berdintasun Plana
Bestalde, Udalak III. Berdintasun Plana garatzeko bidean lanean dihardu, arlo horretan jarraitu beharreko gidalerroak zehazteko. Horretarako, partaidetza- saioak egin dira ordezkari politikoekin, udaleko teknikariekin, hainbat kolektiborekin, eta, oro har, urnietarrekin. Horrela, plan berriak ahalik eta ikuspuntu gehien biltzea da asmoa, Urnietako errealitatera ahalik eta egokituen egon dadin. Behin amaituta, Udalak urnietarrekin partekatuko du.