Sanmielak, zuri-beltzezko oroimenetan

Alba Cabrera Jauregi 2021ko ira. 30a, 11:38

Nati eta Maritxu lagunminak dira aspalditik.

Herriko jaiak nostalgiaz oroitzen diren garai pandemikoetan, mahaiaren bueltan bildu dira bi urnietar: Nati Garmendia Ubillos eta Maritxu Achucarro Urdangarin. Nor bere bizipenetatik, nor bere zuri-beltzezko argazkietatik.

“Eguna hasi aurretik, Diana igarotzen zunan herriko kaleetan barrena; ohetik entzuten geninan musika eta saltoka hasten gintunan”, du gogoan Nati Garmendia Ubillosek. Begirada nostalgikoz bezain irribarre ederrez begiratzen dio lagunari Maritxu Achucarro Urdangarinek, barreka: “Zeharo harrotuta ibiltzen gintunan, baita bezperan ere”. Sortzez, urnietarrak dira biak ala biak: lehena, 1929. urtean jaiotakoa; 1941ekoa, bigarrena. Denboran atzera egin eta iragan mende erdialdeko Sanmiel jaietara egin dute salto; urteak nahastuta baldin badituzte ere, ondo baino hobeto oroitzen dituzte herriko plazaren bueltan izaten zirenak, baita eliza atzeko ezkutupekoak ere.

Jaien bezperan, hilaren 28an, hain zuzen ere, giro berezia nabari zen jada Urnietan. San Juan plaza postuz betetzen zen, hainbat egunez, herriari bizitasuna emateko asmoz. Hala, biharamunean, eguzkia irtetzearekin batera hasten zen musika, jaien hasieraren iragarle: ttunttuna eta txilibitua eskuan, herriko etxe guztietan egiten zuten geldialdia, musikilla jo eta eskupekoa irabazteko. Beste urnietarrak lez, esperoan izaten ziren Garmendia eta Achucarro, musikariak beren atarira noiz ailegatuko zain.

Makina bat autobus iristen zen Urnietara probintziako zenbait herritatik, eguerdiko meza entzuteko; Achucarroen esanetan, “bisitari asko etortzen zunan ebanjelioa aditzera”. Eulianeako enbutua deitzen zioten plazako sarrerari, jende pilaketagatik. Udaletxeko komitiba ere bertan izaten zen, erlijio-hitzorduek berebiziko garrantzia zutelako egun horietan: tartean, Ama Birjin eguna ospatzen zuten, Sanmielen ondorengo lehen igandean, hain justu.

Eliza hustu eta frontoia betetzen zen ondoren, ez zuen inork kale egin nahi-eta pilota-partidan. Hilaren 29an herriko lau onenek jokatzen zuten, eta Garmendiak dio bere neba izan zela inoiz lehian; Ama Birjin egunean, aldiz, eskualdeko pilotariak ere gonbidatzen zituzten.

Plaza, festen erdigune

San Joan plazan ez zegoen atseden hartzerik jaiek iraun bitartean, zeren hamaika hitzorduk janzten baitzuten irail amaiera. Horrez gain, askotariko postuak izaten ziren, “Egite ona”, besteak beste. Herriko tonbola zen eta Accion Catolica-ko kideek antolatzen zuten (gerora, Egape Ikastolak ipintzen zuen), Garmendiak azaldu duenez: “Opari-bilketa egiten zunan eta tokiko merkatariek laguntzen zitenan horretan, alegia, nork beretik ematen zinan”. Eskuratutako dirua herrian beharra zutenentzat zela azaldu du jarraian urnietarrak, baina, haren esanetan, “ez zunan batere erraza erregaloak tokatzea. Horregatik joaten gintunan guztiok sienpretoka-ra”. Horrela deitzen zioten beste postu bati, beti tokatzen zelako zerbait, nahiz oparirik txikiena izan. “Noizean behin, izaten zunan erregalo atseginik”, aitortu du Achucarrok, “eskuz egindako bordatuak, esaterako; kanpoko jende asko gerturatzen zunan bertara”. Francoren diktaduraren garaian, debekatu egin ziren ikurrinaren koloreko zintak, “nazionalistak” zirelakoan. Hortaz, zuri-gorridunak soilik saltzen zituzten.

Ildo beretik, bazen urnietar guztiek zapore gozoz gogoratzen duten norbait, Teresa, Texa. Gozokiak saltzen zituen igandetan, baita festek irauten zuten egunetan ere. Petril batean eserita oroitzen du Garmendiak: “Hantxe izaten zunan, mahaia bete gozoki. Ondoren, haurrek etxera laguntzen ziotenan otarrekin, bai eta bidean karamelu bat edo beste kendu ere”. Alabaina, ez zen herriko gaztetxoek egiten zuten gaiztakeria bakarra. Anis zaporeko zigarroak erosten zituzten, isilka, noski, eta eliza atzean ezkutatzen ziren, “inork ere ez ikusteko; bestela, abisua pasaz gero, komeriak izaten genitinan etxean”, aitortu du irribarre bihurriz Garmendiak.

Bestalde, atrakzioek zirrara handia sortzen zuten haurren artean. Noria aipatu du Achucarrok: “Erotu egiten gintunan. Garrasika, bueltaka, poz-pozik. Tamalez, bi pezta balio zitinan, eta ez geninan xoxarik garai hartan”. Horrela, noriako itzulietan poltsikoak hustutzeaz gainera, “Txurrerias Arturo”-ri egindako bisitaldietan gastatzen zituzten aurrezki guztiak.

Parte hartu gabe, begira

Jokorako parada ere izaten zuten urnietarrek. Urnietarrek? “Gizasemeek”, erantzun du azkar baino lehen Garmendiak; “Neskek? Bai zera!”, atzetik Achucarrok, “Gu begira izaten gintunan; ez geninan parte hartzeko aukerarik”. Hori horrela, izkin batetik begira egoten ziren, gizonak jokoan aritu bitartean.

Eltze haustea du bietatik gazteena denak gogokoen: “Soka bat ipintzen zunan, eta zintzilik opariak. Begiak itxita poltsatxoak puskatzera joan behar izaten zitenan: gozokiak eta dirua, batzuetan; beste hainbatetan, hondarra eta ura”. Zaku-lasterketa ere izaten zen, baita lokotx-biltzea ere. Jokoen ondoren, maiz joaten ziren taberna aldera; dena dela, gizonak bakarrik sartzen ziren, eta emakumeek kanpoan itxoin behar izaten zieten, berriketan.

Dantzaldia, hanka motz

Eguneko dantzaldiek toki berezia zuten jaien egitarauan, besteak beste, aurreskuak nahiz makil-dantzak. Sueltuan ere aritzen ziren hasieran, Garmendiak azaldu legez, “galarazita” baitzeukaten mutilekin aritzea. Hala, bakarka, edo lagunekin astintzen zuten gerria, harik eta orkestina taula gainera igotzen hasi zen arte. “Lauretako trenean ailegatu, eta jetsi bezain pronto hasten zitunan herria girotzen”, adierazi du Achucarrok. Beraz, baten batek gonbidatuz gero, Udaletxe azpira, kontzejupera joaten ziren dantzatzera, Don Juan apaizaren begiradatik ihesi.

“No te cases con la Lutxi, porque tienes diru gutxi, cásate con la Maria que tendrás lotería”, hasi da kantatzen Garmendia. Gramola ekarri dute gogora, aguazilak ipintzen zuen Udaletxeko balkoitik, kontzertuen arteko atsedenaldietan. Labur gelditzen zitzaien, ostera, hitzordua, iñular partean etxeratu behar ohi izaten baitziren. Berandutu zitzaion inoiz Achucarrori: “Orkestinak amaitu ondoren etxeratu nindunan behin gau erdian, eta amak ohetik: hi ikusi hauenak ordu hauetan ze esango din?”. Zer pentsatu eman zion, nahiz eta gaua luzatzeko gogo betez izaten ziren gazte guztiak, eta ez soilik urnietarrak. Andoaindarrik eta hernaniarrik ere izaten zen inguruan. Bigarrenekin harreman estuagoa zuten, baina, zereginak egitera hara joaten zirelako, ez baitzen ez burdindegiarik, ez drogeriarik Urnietan.

Eguerdi partean ere biltzen zen jende andana tabernetan.Txapeleko alaba zen Garmendia, eta buru-belarri egon behar izaten zuen lanean; horregatik dio Urnietako ospakizun guztietatik gogokoena Xoxokako festak dituela. Garai hartan, 40 oilasko hartzen zituen bere amak, hil eta lumatu. Lau zatitan moztu eta ogi artean banatzen zituen. “Nere etxean ezagutu ditinat jende ilara luze-luzeak, ogitartekoa hartzeko zain”. Achucarrok, berriz, balsean dantzatuko luke beste behin ere gustura, “pieza ederrak jotzen zitiztenan...”. Texarekin ere asko gogoratzen da, ziurrenik, urnietar gehienak bezalaxe. Izan ere, esku bete hamarkada igaro arren, nekez ahaztuko ditu bikoteak irail amaierak ekarritakoak. Eta, jakina, ekartzeko dituenak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!