“Jendea muga-mugara eramaten dugu, munduko reality gogorrena da”

Andoni Urbistondo 2021ko urr. 2a, 08:37

Joxan Goñi 'El conquistador del fin del mundo' saioko zuzendaria da eta Karibera itzultzeko egunak kontatzen ari da, 18. saioari ekiteko. Audientzien diktadura, casting-ak, lanaren egunerokoa eta beste izan ditu hizpide.

Kazetaria ogibidez, ‘El Conquistador del fin del mundo’ reality-ak daukan arrakastaren eragile zuzena da Joxan Goñi (Urnieta, 54 urte), programako zuzendaria dela inork gutxik badaki ere. Zirimola batean sartua dabil programak audientzia handiak lortzen hasi zenetik, eta sormen lanean gozatzen du, “pelikula bat egitea bezalakoa delako”. Ez eskatu mesederik, ez baitute inor entxufatzen: “Ez dago azpijokorik, programa gardena da”.

Zenbat denbora dagoeneko ‘El Conquistador del fin del mundo’ saioan?

17 urte.

Eta, gogotsu 18. ekitaldiari heltzear?

Beno, gorabeherak egoten dira. Egun hobeak eta ez hain onak egoten dira, baina bai.

Zein unetan zaude orain? Xehetasun guztiak lotzen, pentsatzen dut.

Bai, urrian lan talde bat joango gara Karibera, gauzak prestatzen hasteko. 18. urtea, ordea, aspaldi hasi ginen prestatzen, ekainean egin zen casting prozesuarekin, eta aurrez lotu behar diren hainbat konturekin. Urtarrilaz geroztik Karibeko uharte hartan dagoen jendearekin harremanetan nago, gauza guztiak lotzeko. Conquis saio bat martxan dago, ikusten duzue hemen telebistan, baina beste bat abian, dagoeneko. 17. ekitaldiak, gainera, halako eraldaketa bat ekarri du, inoizko audientzia daturik onenak eman dituelako. Batez beste %26.3ko share-a lortu zuen saioak. Horrek saioa bera, antolakuntza munstro handi bat bilakatzea eragin zuen, eta oso luzea egin zitzaigun. Zuhaitzari adarrak atera zitzaizkion leku guztietatik: aurrena programa bakarrik zen, gero debatea, ondoren webgunea, sare sozialak… Aurten Instagram-en ere hasi ginen, eta lana biderkatu egin da. Demagun lehen hasiera egun bat zeukala programak, eta bukaera eguna. Orain ez, orain ez da inoiz bukatzen. Aurten beranduxeago ari gara programa antolatzen.

Share datuak aipatu dituzu. Ze azalpen dute datu on horiek?

Batez bestekoa esan dut, baina finalean erotzeko modukoa izan zen. %38ko uneak izan genituen Euskadi mailan. Marka historikoa izan zen. Debateko zenbakiak apalagoak dira. Pandemia garaian, iaz, datuak asko igo ziren, jendeak etxean egon behar izan zuelako, baina nire ustez aldaketa Argentina atzean utzi eta Karibe aldera mugitu ginenean hasi zen, duela sei urte. Juanito Oiarzabal eta Jose Luis Korta kapitainak aldatu genituen, programak berrikuntza behar zuelako. Pertsonaiak zahartu egiten dira, eta jende gaztearen aldeko apustua egin zen, bai kapitain izateko, baita casting-ean ere, jendea hautatzeko. Eta asmatu dugu, audientzia kopuruetan igoerarik handiena jende gaztearen artean eman delako. Sare sozialetan lan handia egin da, Twitter eta Instagram-en, batez ere, ETBko zuzendaritza berriaren apustua ere hori delako.

Jarraitzaile mordoa du zuk zuzentzen duzun saioak, baina oso gustuko ez dutenak ere ez dira gutxi. Zer esango zenieke horiei?

Normala dela. Telebistak aukera aberatsa ematen du, eta oso ulergarria da jende batek gustukoa izatea, eta beste batek ez. Nik neuk ere ez nuke ikusiko akaso, programako lan taldean ez banengo. Nik orain reality asko ikusten ditut, lanagatik, baina ez nau lotzen.

Ukaezina da fenomeno sozial handia bilakatu dela. Casting-ean jende oldeak eman zuen izena.

Bai, zuzenean 1.200 pertsona, eta bideo casting bitartez, 500 baino gehiago. Ia bi mila lagun, denera. Eta 36 lagunek parte hartzen dute azkenean lehiaketan.

Zergatik ematen du izena hainbeste jendek?

Nire ustez urtero egiten diren ekitaldi ezagunen traza hartu du saioak. Gure garaiko alderaketa bat erabiliko dut. Gu gazte ginenean soldadutza egitea desafio bat zen, erronka baten antzekoa. Handik pasa behar zen, bukatu egin behar zen. ‘Eutsiko diot? Bukatzeko gai izango al naiz?’, galdetzen genion geure buruari. Orain ere antzekoa da, Conquis Euskal Herriko soldadutza bezalako zerbait bilakatu da hainbat gazterentzat. Jendeak ez du famagatik parte hartzen, edo diruagatik, sariak ez direlako mamitsuak. Eta programa gogorra da. Une politak badaude, baina gogorra da. Erronka bat, desafioa da beraientzat.

Kontatu dezakezun arte, zenbateraino da gogorra Conquis saioan parte hartzea?

Oso gogorra. Guk onartzen dugu, parte hartzaileak muga-mugara eramaten saiatzen gara, gizakiaren oinarrizko bizi-sena bilatzen dugu, eta parte hartzaileek badakite. Gainera gure reality-a benetakoa da, ez dago tranparik. Beste saio batzuetan janaria ematen zaie lehiakideei. Gure saioan, ez.

Eta zuk, gizaki zaren neurrian, lehiakideren bat muga-mugan ikusi eta zer pentsatzen duzu?

Gaizki pasatzen dugu, nik dena ikusten baitut. Azken ekitaldiko finalean lan talde osoak negarra egin zuen Nahiak irabazi zuenean. Nik neuk medikuarekin eztabaida gogorrak edukitzen ditut, ze jarraipena oso zorrotza da. Talderen batek bost egun egin ditzake jan gabe, euria goian behean, eta medikuak galdetzen dit: ‘aizu, noiz arte luzatu behar duzue egoera hau?’. Eta nik: ‘baina ondo daude?’. Eta berak baietz, baina kontuz ibiltzeko. Ezin diezu janaririk eman, orduan lehiaketa bera ustelduko litzatekeelako. Hor badago borroka bat, baina gehien harritzen nauena da giza gorputzak zenbat irauten duen. Etxeko egunerokotasunean aise bizi gara, baina lehiakideak konturatu dira astebete bizi baldintza txarretan egon, eta gorputzak erantzun egiten duela. Gorputza, jendea gogorra da. Gero joaten diren gazte askok ez dakite janaria prestatzen, edo motxila egiten, dena gurasoek egiten diotelako. Mundu guztian barrena ibili dira bidaiatzen, baina ez dute inoiz kanpin-denda batean lo egin, iluntzen du eta jendea beldurtu egiten da argirik ez dagoelako… Horrelakoak ikusten ditugu.

Egoera kritikoren bat bizi izan duzue?

Ez. Covid-arekin arazoak izan genituen azken ekitaldian, eta finala atzeratu behar izan genuen sei hilabetez. Gero hurakan batzuk izan ditugu, eta egun batzuetan geratu beharra. Bestelakoan ez. Nahiko kontrolatua dago, jokoak probatuta… Istripu batzuk gertatu dira, baina zaintza zorrotza da. Lehiakideak ere lasai doazela esango nuke, zaintza zorrotza delako.

Ze lan egiten duzu zuk?

Denetarik. Programako azpiegitura osoa prestatu, gauza berriak sartu, joko berriak, lehiakideak hautatu… Hori lan polita da, sormen lana. Gero lan 'zikina' dago, dena antolatzea. 200 laguneko lan taldea gara, eta batzuk argentinarrak dira, besteak kolonbiarrak, ondoan karibearrak, gero euskaldunak… Hori dena koordinatu behar da: kamara guztiak eraman, antolatu, komunikazio guztia lotu, ondo funtzionatzeko… Gauden tokian errepiderik ez dago, eta ontzi txikietan mugitu behar gara. Haientzat erregaia egunero banatu behar dugu, eta erregaia zaintzeko langile bat daukagu, lapurtu ez dezaten. Sekulako buruko mina da. Lekuak bilatzea, jokoak… pelikula bat egitea bezalakoa da. Bestea enpresako lana. Desgaste latza da, ze 200 lagun koordinatzea ni neu, Txema Montoya eta Vero, produkzioko langilearen ardura da. Gogoan dut egun batean ontzietako gidariek greba egin zutela, norbaiti ez ziotelako ordaindu. Edo janaria ez zaielako gustatzen. Ogitartekoak eman genizkien, baina arroza ez genielako eman, ba protesta egin zuten. Sukaldariari arroz kilo batzuk prestatzeko esan behar izan genion azkar batean.

Zenbat denbora egiten duzu Karibean?

Iaz bi hilabete eta erdi. Langileek ez zuten PCR analisirik egin nahi, ze positibo ematen bazuten kaleratu egin behar genituen, eta halako akordioa lortu genuen, non positibo ematen bazuten soldata erdia ordaintzeko. Aurten Covid-arekin arazo gutxiago izatea espero dut, baina Gabonak gertu izango dira bueltatzen naizenerako.

Non gozatzen duzu gehiago? Grabaketetan edo programak hasten direnean etxean?

Biek dute bere alderdi ona. Grabazioa oso intensoa da, baina bukatzean lan talde gehiena aldatu egiten da, edizio arlokoak bakarrik geratzen dira. Edizioak sei hilabete irauten du, eta nekosoa da.

Zenbakiak itzelak dira. Esan duzu, 200 laguneko lan taldea. Ze aurrekontu du programak?

Hori ezin da esan, sekretua da. EITBren zenbakiak dira. Diru asko mugitzen da, baina ezin dut zenbat esan. Aurrekontua handia delako grabatzen da Hego eta Erdialdeko Amerikan, Euskal Herrian grabatzea ezinezkoa litzatekeelako.

Grabazio orduak zenbatuta dituzu?

Milaka ordu. Egunerokoa grabatutakoa deskargatzen da, sailkatu eta seguritateko bi kopia egiten dira, hemengo lan taldera igorri eta editatzen hasteko. Formatu digitalean sekulako pisua du. Pentsa ze baliabide ditugun: 12 kamara, bi garabia, dronea…

https://aiurri.tok-md.com/argazkiak/QYk/cache/705_goni1_tokikom_700x700.jpg

Eta bertako jendeak zer esaten du? Beste mundu batekoak zaretela pentsatuko dute, ezta?

Beno, Karibean reality asko grabatzen dira, baina flipatu egiten dute. Batez ere euskaldunekin, eta neskekin. Han neskak beste modu batean ikusten dituzte, eta ez dute ulertzen nolatan egiten duten mutilen lan bera, lokatzetan sartu, jan edota dutxatu gabe egon, neskek biraoak botatzea… Beste kultura bat dute, eta ez zaie buruan sartzen.

Askok egiten duten galdera. "Entxuferik" ba al da casting-etan?

Ez. Eskaerak? Bai, eta opariak eskaini ere bai: dirua, urdaiazpikoa eta beste. Alde horretatik programa gardena da, ez dago azpijokorik.

Jende xelebrea bilatzen duzue, batez ere.

Ez, denetarik bilatzen dugu. Parte hartzen duen jendea normala da, baina han, muturreko egoeran, estututa, hemen ezagutzen ez den pertsona agertzen da. Jende xelebrea egon izan dela? Bai, baina aurten irabazi duen neska, Nahia, pertsona normala da, Iruñean bere ile apaindegia daukana. Bai, gimnasioan borroka egiten duen neska bat, baina zu edo ni bezalako pertsona arrunta da.

Orain dena da lorea, laudorioa, poza, baina ‘Conquis’ saioko hasiera ez zen hain samurra izan.

Lehen bi urteetan oso datu justuak eman zituen. ETBk batez beste %18ko share-a zeukan, eta gure programa nahiko behetik. Orduan Pello Sarasola zen ETBko arduraduna, eta haren apustu pertsonala izan zen, saioak jarrai zezan. Jarraitu genuen, eta asmatu zuen, orain ditugun zenbakiak sinestezinak direlako.

Eta nola bizi duzue barrutik, jakinda zuen jarduna zenbaki horien baitan dagoela?

Garbi esanda, putada bat da. Beste programa batzuk egin ditugu, nire ustez on askoak, baina ez dute zenbaki onik eman, eta segituan kendu dute parrillatik. Audientziaren menpe bizi zara, eta programek behar dute denbora bere tokia bilatzeko. Nire kasuan astearte goizak gogorrak izaten dira, ze programa astelehenean da, eta goizeko zortzietarako datuak ja sakelakoan dituzu fresko-fresko. Datuak onak badira, ba arnasa hartu. Txarrak badira, ba buru jana latza. Gero zure ordutegi berean beste telebista kateetan-eta ze programa jartzen dituzten zaintzen egoten zara beti. Urduritasuna berehala pizten da erabakiak hartzen dituztenengan, datuak txarrak direnean, eta irauteko tartea benetan txikia da.

‘Conquis’ saioa hizpide da jende askoren ahotan, baina zuk zure anonimotasuna gordetzen duzu, ez zaude fokuen begiradapean. Nolatan?

Nik nahiago dut ez egotea, oso nekosoa da. Julian Iantzirekin edozein tokira joatea nekagarria da: argazkiak, autografoak… Gustatzen zait, nire anonimotasunean, Euskal Herriko edozein tabernan kafe bat hartu, edo trenean zoazenean, programaren hainbat komentario entzutea. Onean eta txarrean. Eta horiek apuntatzea dut gustuko, hobetzeko asmoarekin.

Noiz hartzen du atseden Joxan Goñik?

Aurten, abuztuan.

Eskatzeko baimena emango balizute, zer eskatuko zenuke?

Urnietako jende gehiagok parte hartzea. Lehiatu zen Nerea, Lekun baserrikoa, eta nahiko ondo aritu zen. Gero erretiratu egin zen.

Hala ere, ez etorri niregana programan sartzeko eskatuz. Casting-ean Urnietako norbaitek parte hartzen duenean nik ez dut erabakian parte hartzen, susmoak baztertze aldera.

Zein izan da bi hamarkada hauetako xelebrekeriarik handiena?

Andoni bilbotarrarena. Orain porno aktorea da. Casting-ean sekulako show-a sortu zuen hotelaren atarian, eta programa bakarra iraun zuen. Eskerrak programa zuzenean ez den, editatu egiten dugula… Gauza asko ezin dira emititu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!