Pasaban eta Peña Urnietan, Zanpatuzen eskutik

Zanpatuz Mendi Elkarteak bi emanaldi antolatu ditu Saroben, urriaren 21 eta 22rako. Pasa den irailaren 23an Mendi Film Festival-eko kideak izan ziren gurean, eta haien emanaldiek arrakasta handia lortu zuten urnietarren artean.

‘Chhaupadi’ dokumentala eskainiko du tolosarrak, Nepalgo emakumeek hilekoarekin jasaten duten diskriminazioa hizpide; Peña zainketa aringarrietako medikuak ‘Mendian hil, hirian hil’ eskainiko du, heriotzaren osteko bizipenak ardatz dituen emanaldia.

Zanpatuzek bi emanaldi antolatu ditu urriaren 21 eta 22rako Sarobe Arte Eskenikoen Gunean. Pasa den irailaren 23an Mendi Film Festival-eko kideak izan ziren gurean, eta haien emanaldiek arrakasta handia lortu zuten, aretoa bete egin baitzen arauek baimentzen duten kopuruan. Urriaren 21 eta 22an beste bi emanaldi antolatu ditu mendi taldeak, Udalarekin elkarlanean, eta Sarobek hilabete atzera erakutsi zuen itxura polita berbera erakustea espero da. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Saroben bertan.

Bertaratuko diren gonbidatuak ezagunak dira. Urriaren 21ean, ostegunez, Edurne Pasaban mendizalea izango dugu Saroben, iluntzeko zazpietan hasita. Mendizale tolosarrak Chhaupadi dokumentala eskainiko du, Nepalgo emakumeak ahalduntzeko helburuz 2018an osatu zuten emanaldia. 2019ko Mendi Film Festival entzutetsuan Sail Ofizialeko dokumentala izan zen.

Nepalen bada Saipal izeneko bailara bat, eta bailarako mutur batean 7.000 metro pasatxoko mendia, izen berekoa. Pasabanek mendi horretara igotzeko espedizioa osatu zuen, Jorge Egocheaga mendizale asturiarra lagun. Saipal bailarako bost emakume ere eraman zituzten espedizio hartara, eta gailurra iristea lortu ez bazuten ere, bailara hartako emakumeen egoera larria munduratzea lortu zuten. “Aspaldiko ohitura dago indarrean bailara hartan. Emakumeak hilekoa dutenean etxetik bidaltzen dituzte, txabola narras batzuetan bizitzeko, oso baldintza txarretan, lizunak edo zikinak direlakoan. Eta egoera lazgarri horri ikusgaitasuna eman nahi genion”.

Nola? Euren espedizioan emakumeak ahaldunduz, bertako tradizioen baitan emakumeek ezin dutelako goi mendietara igo: “Jainkoak haserretu egingo liratekeela diote gizonek, emakumeak mendira joanez gero, emakumeak etxeko lanak egiteko daudela pentsatzen baitute hango gizonek. Tristea izan zen gizonak zurrutean ikustea, eta emakumeak lan eta lan”, Edurnek dioenez. Dokumentalak ordu eta erdiko iraupena du, eta bailara hartako egoera azaltzen du gordin-gordin: “Ez genuen gailurra egin”, dio Edurnek, “baina bertako emakumeen bizipenak eta beldurrak azaltzen dira, eta hori da garrantzitsuena”.

Pasabanek zama eramaile baten, eta bere lau alaben anekdota bitxia kontatzen du, amu gisa: “Bertakoek ez zuten nahi emakumeek espedizioan parte hartzea, txoke handia izan zen eurentzat. Zama eramaile hori, baina, hilekoa duten emakumeak bakartzeko tradizioaren aurka dago, eta herriak bera eta familia nola baztertzen dituen azaltzen du modu gordinean, egin nion elkarrizketan. Hainbesterako, hilekoa dutenean bere lau alabak gorde egiten dituela etxean, bertako gizonek herritik urrun dauden borda narrasetara eraman ez ditzaten”. 

Dokumentalaren ostean, ordu erdi edo 45 minutuz, solasaldia egingo da. Pasabani dokumentalari buruzko galderak egiteko aukera izango dute bertaratzen direnek, baita urtetan Himalaya mendikate handian egin duen bidearen inguruan ere. Gogoan izan tolosarra munduko lehen emakumea izan zela zortzi mila metroko 14 mendiak igotzen. 2010. urtean lortu zuen balentria hori, eta orduz geroztik bere bizitza nabarmen aldatu da. Egun Donostian egiten du urte erdia, eta Vielhan, Aran bailarako hiriburuan beste erdia (Kataluniako Pirinioak). Han mendi irteerak antolatzen dituen agentzia bat dauka, ama da, eta coaching hitzaldiak ere ematen ditu han eta hemen, hainbat enpresa, elkarte eta unibertsitateetan.

Ostiralean ‘Mendian hil, hirian hil’ emanaldia

Ostiralean, urriak 22 dituela, eta ordu berean, Iñaki Peña Bandres, Arrasateko erietxean lana egiten duen zainketa aringarrietako medikuak aurkeztuko du bere lana. Egunerokoan heriotza gertutik ikusten duen mediku bilbotarra da Iñaki, eta bere ihesbidea, mendia da. ‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala baino lehenago dolua ardatz zuten beste bi lan ekoitzi zituen: ‘Aulki hutsak’, lehena, eta ‘Dolua eta indarkeria’, bigarrena. Lan horrekin Urnietan izan zen Iñaki Peña, urte batzuk atzera, azken emanaldi horren inguruko solasaldi batean parte hartzen.

Hirugarrena trilogia baten modukoa dela dio medikuak, “mendian kokatutakoa, eta mezu garbiarekin: bakoitzak gure bidea egitea, mendian disfrutatzearen aldekoa, bizitzaren aldekoa. Pandemia garai hauetan ikusi dugu ze hauskorrak garen. Nik, medikua naizen neurrian, badakit, eta nire lanekin jendeak hori ulertzeko bitartekoak jar baditzazket, gustura”. Doluari buruzkoa da dokumentala, baina hiriarekin ere lotura duena. “Eta progresiboa, esperantzarantz, non saiatzen garen azaltzen heriotza baten ostean ze gauza politak gerta daitezkeen. Iñaki Otxoaren Fundazioarekin, adibidez, edo Mikel Cresporen kasuan urtez urte egiten dutena, bere herrian, eta Xabier Ormazabalen kasuan mendi espedizioetarako beka bat Urretxun. Tragedia batetik gauza positiboak atera daitezke. Begira Pumori mendian ze gertatu zen. Bizitza ugari galdu ziren han, baina Suku Maya Aizarnan dago, euskaraz bakarrik dakien Nepalgo neskato bat”.

‘Mendian hil, hirian hil’ proiektua Gasteizen egin zen zainketa aringarrien inguruko Kongresu baten ostean bururatu zitzaion, aurrez kaleko jendeari begirako hainbat ekitaldi antolatu baitzituzten: “Buelta batzuk ematen, Jorge Nagore kazetari nafarra elkarrizketatzea pentsatu nuen. Iñaki Otxoa de Olzaren laguna zen, Annapurnan, mendian hil zen mendizale nafarra, eta hirian hil, ba Jorge bere ama zenari idatzi zizkion testuak aintzat hartuz. Niretzat maisu bat da halako epitafioak idazten. Hor hasi zen dena”.

Mediku bat kazetari bat elkarrizketatuz piztu zen argia. “Bi munduekin, mendia eta hiriarekin konektatu duten antzeko testigantzak bilatu nituen. Batzuek harreman handiagoa dute mendiarekin, besteek hiriarekin. Iñigo Suberbiola medikua, Felix Zubia medikua eta beste ere agertzen dira dokumentalean, heriotza duinaz mintzo, eta azken produktuarekin oso gustura geratu naiz”.

Iñakik idaztea, jostea gustuko du, eta dokumentalean grabaketak ere berak egin ditu, zuzendari eta gidoilari lanez gain. Aretxabaletako Arteman etxea arduratu da lan teknikoaz, “muntai lanetan ni neu presente egon izan banaiz ere”. Heriotza hitza gogorra da edonorentzat, eta Iñaki Peña elkarrizketatu zituen pertsona guztiekin batzartu zen aurrez, eurekin halako konplizitatea lortu, eta dokumentalean parte har zezaten: “Zenbaitzuk lagunak dira, dagoeneko. Astero pare bat grabaketa egin nituen, batez beste”.

Lekukotza ematen dutenen artean, asko medikuaren ezagunak dira. Juanjo San Sebastian, besteak beste. Iñakiren bizilaguna izandakoa, “eta bere esanak harritzeko moduko patxadarekin botatzen dituenak, pasa dituenak pasata ere. Andoni Ormazabal Xabier zenaren anaiarekin ere konexio berezia izan dut. ‘Mendiminez’, Ramon Olasagasti kazetariaren liburua ere aipatu nahi nuke, inspirazio iturri izan baitzen nire lanetarako. Nire aita hil zenean irakurri nuen, eta markatu ninduen”. Testigantzak biltzen, dokumentala osatzen une hunkigarriak bizi izan ditu Iñaki Peñak: “Balaitous mendia jaisten hil zen Aretxabaletako Mikel Cresporen pasadizoa, bere familiarekin, eurek nola askatu diren nabarmenduko nuke, dolu prozesuan ze aurrerapausoa eman duten”.

Edurne Pasabanen dokumentalarekin bezala, ‘Mendian hil, hirian hil’ dokumentala bukatuta solasaldirako tartea izango da Saroben. Iñaki Peñak emanaldiaren ondoren ikusle eta egilearen artean sortu den feeling berezia nabarmendu du: “Ordizian Andoni Ormazabal Xabier zenaren anaia nirekin zen, eta oso une hunkigarriak bizi izan nituen. Iurretan ere bai, eta egilearentzat sentsazio bikaina da, asmatu duzunaren gauza hori”. Urriaren 22an, Iñigo Suberbiola lankidea izango du alboan, ikusleek euren jakin mina apaltzeko jardunean. Iñaki Otxoa de Olza zenak esan zuen, hil aurretik, gure gizartea ez dagoela heriotzari aurre egiteko prest, une batean bukatzen den zerbait dela, eta ez dagoela ezer ondoren. Peñak dioenez, “prestatu gaitezke. Nik gertutik ikusi dut pertsonak nola aldatu diren, gertu nagoelako nire egunerokoan, baina heriotza urrunetik ikusten baduzu, ez da hain erraza begietara begiratzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!