“Topaketek harremanak saretzen dituzte”

Alba Cabrera 2021ko urr. 8a, 09:00
Estela Cuevas urriaren 16ko hitzordua iragartzen duen afitxarekin batera. aiurri

Kulturarteko Topaketa antolatu dute Urnietan, urriaren 16rako. Askotariko kulturak abiapuntu, aniztasuna aldarrikatzea du xede hitzorduak.

Nondik dator topaketa egiteko ideia?

Orain urte asko proposatu zidan lagun batek. Lasarte-Oriako ikastola batean egin zuten eta jaialdi berdina Egape ikastolan egiteko ideia eman zidan, izan ere, garai hartan Lehen Hezkuntzako Guraso Elkartean nintzen. Oso egitarau xumea osatu genuen: joko kooperatiboak egin genituen goizean, eta, eguerdi partean, gastronomia hitzordua; nork bere herrialdeko janaria eraman zuen, guztion artean partekatzeko. Antzerkia ere egin genuen.

Hori horrela, ohitura bilakatu genuen eta, urteek aurrera egin ahala, kontzertuak ere hasi ginen antolatzen. Ildo beretik, Etxeberri auzokideen elkartean nago eta eskolako proiektua motz gelditzen zela ikusita, herrira zabaltzea erabaki nuen. 2019ko udazkenean egin genuen eta oso jende gutxi bertaratu zen, eguraldi kaskarra medio. Are ehiago, ez zen ia jatorriz urnietarra den jendea gerturatu.

Eta hori zergatik dela uste duzu?

Nahiko "itxiak" gara horrelako gauzetan, nahiz eta belaunaldi gazteenekin hori aldatzen hasia den. Oso “bertakoak” gara, eta atzerriko jendearen gaineko irudi desitxuratua daukagu. Aukera eman behar zaio jende guztiari.

Hurrengo asteburuko topaketa antolatzeko berrasmatu egin behar izan zarete, ezta?

Bai, asko aldatu da emaitza hasierako ideiatik, pandemiaren egoera dela-eta. Martxoan bilera egin genuen Gipuzkoako Foru Aldundian: bertan egun osoko egitaraua osatuko genuela aurreikusi genuen. Dena den, gastronomia hitzordua ezin izango dugu egin. Hutsune hori betetzeko foodtruck delakoa ipiniko dugu.

Gauzak horrela, arratsean izango da topaketa, eta hainbat postu izango dira bertan.

Sortzaile-azoka ipiniko dugu: "Munduko merkatuak". Hala, askotariko artistak etorriko dira, baita urnietarrak ere.  Ondoren, eskulanetarako tartea ere izango da: hala nola, Puochi Nah-ko kideek koadernoak apainduko dituzte oihal afrikarrekin; bestalde, hennarekin tatuajeak egiteko aukera egongo da Indiako familia baten eskutik; horrez gain, familia etiopiarrek trenzak egingo dituzte.

Beste gune batean, joko kooperatiboak izango dira. Azkenik, zenbait kontzertu antolatu ditugu, besteak beste: txalaparta, aerorunba Jenny Perlazarekin, Lua Matheus bossa novaren erritmopean... Jaima bat ere izango da, eta Marokoko lagunek tea zerbitzatuko dute, baita musika ipini ere.

Aniztasunari bide ematen al diote horrelako bilguneek?

Bai, eta Urnietan, gainera, beharra dago, gero eta jende gehiago baitator kanpotik gure herrira bizitzera. Horrelako topaketek harremanak saretzen dituzte. Elkartu gaitezen, oso aberasgarria da eta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!