59 urte zituen Paulo Jose Fernandez Alvesek eta azpikontratatutako enpresa batentzat egiten zuen lan, Astigarragako Pavimentos Tecnológicos Zarrarentzat. Miguel Imaz enpresa ari da kiroldegiko berritze-lanak egiten, Urnietako Udalak hala esleituta.
ELA sindikatuak azaldu duenez, hormigoia botatzeko lanetan ari ziren obran eta, ikertzeke dauden arrazoiak medio, kamioiaren besoetako batek ekilibrioa galdu, luma mugitu eta langilea kolpatu du. Haren ondoan ziren bi langileak arriskuan izan dira. Hori horrela, LAB sindikatuak argi utzi nahi izan du, “lan heriotzen odolustea egiturazko arazo bat dela, ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat”.
Gasteizen bizi zen langilea eta beste zenbait kiderekin batera etortzen zen egunero lanera.
Elkartasun eta babes osoa adierazi dute bi sindikatuek, hildako langilearen familiari, baita gertukoei zein lankideei ere. Hala, datorren asteartean, eguerdiko 13:00etan, euskal gehiengo sindikala Urnietako Udaletxearen aurrean elkartuko da, lan-heriotza salatzeko.