Urnietako Udalak adierazpen instituzionala egin du, kiroldegiko obrako lan-heriotza medio

Aiurri 2021ko urr. 15a, 13:41

Langile bat hil da gaur goizean Urnietan, kiroldegiko berritze-obran. Hormigoi kamioiarekin lanean ari zela gertatu da ezbeharra. Horren harira, Urnietako Udalak adierazpen instituzionala egin du:

Urnietako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen instituzionala onartu du, Urnietan gaur izandako lan istripuaren ondorioz langile baten heriotzaren aurrean atsekabea adierazteko.

Urnietako Udalaren Bozeramaileen Batzordeak atsekabez hartu du pertsona baten lan-istripuaren ondoriozko heriotzaren berria, Urnietan lanean ari zela ezbeharra izan eta gero. Urnietako Udalak elkartasuna helarazi nahi die langilearen senideei, lankideei eta lagunei. Aldi berean publikoki salatu nahi dute eta bere gaitzespena adierazi, lantokian bertan bizitza galtzea eragin duen lan-ezbeharra dela eta.

Urnietako Udalak salatu nahi du istripuak, kosta hala kosta, eta guztiaren gainetik, ekidin beharra daudela, lan mota guztietan lehentasuna izan behar baitu lan segurtasunak. Horregatik ezinbestekotzat jotzen du lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere.

Hau guztiagatik, erakunde guztiei berriz ere eskatzen die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinatuta, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ere.

Urnietako Udalak elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio hildakoaren familiari, eta obra udal jabetza batean egiten ari dela ikusirik, laneko agintarien eta inplikatutako agenteen esku jarri da gertatutakoa argitzen laguntzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!