Elkarretaratzea egin dute Urnietan, goizeko lan-istripuaren harira

Aiurri 2021ko urr. 15a, 19:39

Langile bat hil da gaur goizean Urnietan, kiroldegiko berritze-obran. Hormigoi kamioiarekin lanean ari zela gertatu da ezbeharra. Hala, urnietar talde batek deituta, elkarretaratzea izan da San Juan plazan, arratseko 19:00tan. 

Dakizuenez, gaur goizean lanean zegoen behargin batek lan-istripua jasan du kiroldegiko obretan heriotza eraginez. Lehenik eta behin, elkartasun osoa adierazi nahi diegu senitartekoei eta lagunei. 

Hormigonera lehen pisuan sartu dute lanak egiteko, baina lurzorua ez zegoen horrelako pisua jasateko prestatuta. Ondorioz, hormigonera irauli eta hormigoia isurtzen duen besoak 59 urteko langilea bularrean kolpatu eta hil du.

Bizi ahal izateko lanera joan da, eta bizitza bera galdu du gaurkoan Urnietan. Hori dena udalaren obretan gertatu da, bertako lan-baldintzen erantzule nagusia Udala delarik. Onartezina da obra publiko batean halako baldintza prekarioetan lan egitea.

Salatzen dugu epeak bete behar izatea, erantzukizun guztia langileen gain jarrita, langileak ez izatea adjudikazioa jaso duen enpresakoa, baizik eta subkontrataren subkontratakoa, hori dena Udalak gure izenean egitea eta enpresariak diru publikoz poltsikoak betetzen dituzten bitartean langilean obretan hiltzea. 

Horrelako gertakariek argi uzten dute baldintza hauek gaitzetsi eta kapitalismoaren aurrean beste alternatibak borrokatu behar direla.

ASKI DA, PREKARIETATERIK EZ!

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!