Urnietako Udalak martxan jarri du bide publikoetan terrazak jartzeko ordenantza berriaren proposamena

Aiurri 2021ko urr. 20a, 12:17

Urnietako Udalak proiektu proposamena garatu du bide publikoan terrazak jartzea arautzen duen ordenantza eguneratzeko. Proposamen hori Udalaren webgunean argitaratuta dago kontsulta publikorako, "Udal araudia" atalean. 

Hilaren 31 bitarte izango dute herritarrek proposamenak bidaltzeko aukera. Dokumentuan daude jasota xehetasun guztiak:  zein terraza mota instalatu ahal izango diren, zein baldintza eta betebehar izango dituzten, zein denboraldi eta ordutegiren mende egongo diren, eta zein prozedurari jarraituko zaion baimenak eman ahal izateko.

Ordenantzat xedetzat du, espazio publikoaren erabilera arautzea ostalaritza jarduera modu egoki eta kontrolatuan egin dadin. Esaterako, bide publikoan pertsona guztien irisgarritasuna bermatzea da helburuetako bat.

Urri amaierako epea igarota, jasotako proposamenak aztertuko dira. Dagozkion aldaketak egin ondoren, ordenantza jendaurrean jarriko da. Azkenean, ordenantza berria indarrean sartuko da, testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost lanegun igaro ondoren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!