“Jendea hasi da mugitzen, baina asko falta da oraindik iraganeko egoerara bueltatzeko”

Aiurri 2021ko urr. 28a, 11:01

Aurreko bi ostiraletan berrekin diote ohitura zaharrari Guria Tabernan. Ostiral honetan pintxopoteaz gozatzeko aukera berria izango da Urnietako taberna-jatetxe ezagunean. Xabi Salillas zerbitzariak kontatu dizkigu nondik norakoak.

Bi aste arau muga ia guztiak bukatu zirela, bi pintxopote saio egin dituzue. Nolakoak izan dira?
Bai, urriaren 15ean izan zen lehena, eta, 22an, bigarrena. Ez da iraganeko pintxopoteak bezalakoa, bi urte atzera sekulako jendetza biltzen zelako taberna barruan eta atarian. Orain agerikoa da ostiral arrunt batean baino jende gehiago bertaratzen ari dela, baina neurrian. Tabernara ostiraletan bakarrik etortzen den jende asko dago. Gure antolaketa ere pandemia aurrekoa baino hobea dela esango nuke. Pintxoak beirazko erakusleiho batekin babestuta daude, eta eskatu egin behar zaizkio zerbitzariari. Ez da lehen bezala, non bezeroak pintxoren bat hartzen zuen nahierara. Anbiente gehiago ekarri du arau murriztaileak kentzeak.

Lehen bezala ez dela esan duzu. Zergatik?
Litekeena da jendea zuhurtzia apur batekin ibiltzea, akaso oraindik beldur pixka bat daukalako.

Eta zer dio jendeak? Zer entzuten da barraren bestaldetik?
Pintxopotea noiz hasiko ote zen askotan galdetu ziguten, baina berriro indarrean jarri zenean ez da halako jende olderik etorri. Nire ustez, iraganeko egoerara bueltatzeko denbora beharko da, pintxopotearen kasuan. Astean barruan, aldiz, oso agerikoa da jendea hasi dela iraganeko ohiturak berreskuratzen. Pandemian jendea kolpeka etortzen zen, baina orain etengabe, etenik gabe. Nik horrela izatea nahiago, lan-jardunaldia azkarrago pasatzen baita. Terraza handia daukagu, eta hori ere ondo dator jendeak pixkanaka bere ohiturak berreskuratu ditzan. Afalostean bai aldatu da egoera. Lehen jendea kopa bat hartzen geratzen zen, lasai. Orain ia denak afaldu eta gero etxera joaten dira. Eta afaltzera jende gehiena ordu bertsuan etortzen da.

Mezuren bat eman nahi al zenioke bezeroari?
Zuhurtzia pixka batekin ibiltzeko. Geuk babes neurriak hartu ditugun bezala, bezeroak ere antzera jokatzen badu, denontzat hobe. *Pintxopotea ostiraletan egiten dute Gurian, 19:00tik 21:00era.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!