Irantzu Varela, hizlari Urnietan

Aiurri 2021ko urr. 29a, 12:02

Euskal feminista ezagunak Lekaion eman zuen hitzaldian indarkeria matxistaren historia azaldu zuen. Helburua, gaur arte normaltzat ditugun jarrera asko jazartzaileak direla azaldu nahi izan zuen

Varelaren iritziz, indarkeria matxista jasaten duten emakumeak indarkeria politikoaren biktima dira; sistemaren helburua emakumeak esanekoak bihurtzea dela dio, eta, horretarako, “indarkeria eredugarria” erabiltzen dela. Kazetariak azaldu duenez, emakumearen aurkako indarkeria guztietan helburu bera dago: feminitate eredua sortzea.

Kapitalismoaren sorrera eta sorginen ehiza
Kapitalismoaren sorrerarekin lan-banaketa sexuala sortu zen: batetik, gizonak fabrikan “esplotatuak” izatera joaten ziren soldata baten truke. Bestetik, langile-klasearen biziraupena eta atsedena bermatzea zen emakumeen lana. Alabaina, emakumeek ez zuten soldatarik jasotzen, izan ere, ez zen errentagarria kapitalismoarentzat. Horregatik, emakumearentzat maitasun erromantikoa, familia-eredua eta feminitate-eredua asmatu zen. Hau da, gizona lanera joaten zen soldata baten truke, eta emakumeak maitasunagatik eta familiagatik gizona zaintzea zuen bere betebehar nagusi.

Eredu hori betetzen zuten emakumeak, “onak eta eredugarriak” ziren. Gainerakoak, ostera, kapitalismoaren moldean sartzen ez zirenak, sorgintzat hartzen zituzten: ezkongabeak, senarrik gabekoak, medikuntza tradizionala (landareak) erabiltzen zutenak, abortatzeko praktikak zekizkitenak etabar. Feminitatearen eredua ez jarraitzeagatik torturatuak eta erailak ziren, horrela, gainerako emakumeak eredua hartu eta, "ikas" zezaten. Hori da, hain zuzen, "indarkeria eredugarria".

Horregatik dio Varelak inoiz ez dela kasu isolatu bat, indarkeria hori sistematikoa dela. Gizarteak ahalbidetzen duelako inpunitate osoz indarkeriak aurrera jarraitzea eta emakumeak esanekoak eta feminitate ereduaren barruan sartzea.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den egoeraren gaineko datuak eman zituen kazetariak. Emakundek egindako ikerketa lan batean agertzen diren datuen arabera, 13 eta 17 urte bitarteko 3 emakumetik batek indarkeria bizi izan du bere mutil-lagunaren edo mutil-lagun ohiaren aldetik.

Feministak azaldu duenez, hori gertatzearen arrazoia gizartean emakumearen aurkako indarkeria oraindik onartu egiten delako da. Objektiboki indarkeria ez dela existitzen dio, gizarteak subjektibotasunetik adosten ditu zein praktika diren biolentoak eta zein ez. Adibide bat jarri zuen: batzuentzat zezenketak ez dira biolentoak, eta beste batzuentzat bai.

Genero-indarkeriarekin tankerako zerbait gertatu da. Gaur egungo genero-indarkeriaren lege integralean, “emakume moldean” sartzen diren emakumeak bakarrik babesten dira. Beste hitzetan, gizon batek eta emakume batek harreman afektibo- sexuala (bikote heterosexuala, edo ohiak badira) izan badute, eta gizonak emakumea erasotu badu, orduan generoindarkeria izango da.

Lege horren bidez, gainerako kasu guztiak, kanpoan geratzen dira: sexu-langileak, ezezagunek erasotutako emakumeak, harreman sexual puntuala edo afektibotasunik gabeko kasuak, lesbianei egindako erasoak... Kasu horiengatik hasi zen feminismoa genero-indarkeria seinalatzen eta kontzeptualizatzen. Jada sexu-indarkeria edo indarkeria matxista izenarekin bereizten hasiak dira.

Indarkeria matxista kontzeptua askoz zabalagoa da. Generoindarkeria kontzeptu teknikoa litzateke eta indarkeria matxista askoz kontzeptu politikoagoa da, emakumeek egunero bizi duten indarkeria eta esplotazio mota guztiak hartzen baititu bere baitan; zaintza arloko esplotazioa adibidez, zaintza bien artekoa ez bada, indarkeria matxista izango da. Varelari indarkeria patriarkalaz hitz egitea gustatzen zaio, indarkeria matxista emakumeen aurkakoa dela uste duelako. Hala eta guztiz ere, hizlariarentzat indarkeria patriarkala kontzeptu orokorragoa da, pertsonen aurkakoa, maskulinotasun hegemonikoak sortutakoa eta indarkeria guztiak biltzen dituena: LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen aurkakoa, seme-alaben aurkakoa, emakumeen aurkakoa...

Laburbiltzeko, hiru indarkeria mota bereizten ditu Varelak: lehenik, tresna teknikoa da genero- indarkeria, txostenetan zein berdintasun-planetan erabiltzen den ideia. Bigarrenik, askotariko indarkeria-motak adierazteko modua da indarkeria matxistaren kontzeptua; ez du zertan indarkeria zuzena izan, deserosotasunarekin, esplotazioarekin nahiz inbasioarekin du zerikusi estua. Eta, azkenik, indarkeria patriarkala, hots, maskulinitate hegemonikoak sortzen duena eta guztia biltzen duena.

Autodefentsarako herramientak sortzea
Autodefentsa feministarako proposamen kolektibo bat eraikitzeko prozesua hasten ari dela dio Varelak. Haren iritzitz, oso momentu interesgarria izaten ari da egungoa. Emakumeak hitza hartzen ari direla dio, baimenaz, onarpenaz eta insistentziaz hitz egiten ari direla, eta “onartuak” bezain "naturalizatuak" izan diren biolentziak seinalatzeraino.

Hasiera batean, gehiegizkotzat jotako zenbait erantzunak ematen duten gauzak planteatzen direla ematen du, baina, ondo kontzeptualizatuz gero, emaitzak lortzen direla dio feministak. Piropoen adibidea aipatu zuen: duela gutxi arte losintxak entzutea “normala” iruditzen zen nahiz eta emakumeei ez gustatu. Orain, aldiz, jada ez da ohikoa gizon batek emakumeari piropoa botatzea. Varelak hausnarketa batekin amaitu zuen hitzaldia. Zerbait mahaigaineratzean, autodefentsarako estrategia bihurtzen da, hori dela eta, barneratuta dauden bizipenak aztertzera, sakontzera eta komunikatzera animatzen du hizlariak. Emakumeen artean bizipen horiei aurre egiteko eta estrategiak sortzeko, deserosotasunak izendatzean eta beste emakume batzuekin partekatzean zigorgabetasuna kolokan jartzen baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!