Benito Lertxundi naiz eta Xabier Lete ttiki liburuak kaleratu zituen lehenbizi, eta Lurdes Iriondo Lulu besapean duela etorri da oraingoan, Jokin Mitxelenak egindako ilustrazioek apainduta. Unai Pascual editoreak zuzentzen Denonartean argitaletxeak argitaratu ditu hirurak ere.
Haur eta gazteentzako biografiak egitera zerk bultzatu zuen kontatu du Kazabonek. “Aspalditik konturatuta nengoen gure belaunaldikoentzat idoloak izan direnak badoazela, eta zoritxarrez, ikastetxeko liburuetan apenas agertzen diren. Desagertu egingo ote zaizkigu? galdetzen nion nire buruari. Kezka horri erantzun nahiak bultzatu ninduen abentura honetan sartzera, album ilustratuen eskutik”.
Biografiak idaztea gauza bat da, baina ekimen gehiago erantsi behar izan ditu hiru abeslarien inguruko egitasmoak aurrera egin zezan. “Abeslarien familiekin hitz egin nuen egitasmoa azalduz, eta baita ere Orio, Oiartzun eta Urnietako udalekin. Oso harrera jaso nuen guztiengandik, eta halaber, haur eta gazte literaturan liburuak ikaragarri zaintzen dituen Denonartean argitaletxeak apustu sendoa egiteko asmoa azaldu zidan”.
Urnietako Udalak eta bertako kulturgileek agertu duten jokabidea goraipatu du Kazabonek. “Udaleko kulturaren arloa daramaten Mikel Artolak eta David Roscok neuk baino oraindik ilusio handiagoa jarri zuten egitasmoarekin, esanez Lurdes Iriondok itzal handia zela urnietarrentzat, eta behar zena egingo zutela bera omentzeko. Egia esan, liburuko aurkezpenerako herriko kulturgileekin elkarlanean harrituta utzi nau, zer nolako sentiberatasunarekin egin duten guztia”.
Unai Pascual editoreak, Denonartean argitaletxearen asmoak agertu ditu. “2015ean, Yolanda Arrietak idatzita Bixenta Mogelen biografia kontatzen duen Argiaren alaba argitaratu genuen, eta Lertxundi, Lete eta Iriondorenak heldu dira segidan. Jada euskal sortzaile handien bilduma osatzen ari gara. Laugarrena da Iriondiorena, eta urratzen hasitako bide honetatik jarraitu nahi genuke. Oraingoz ez dakigu noiz eta norekin, baina jarraipen bat izango du bildumak, dokumentazio biografikoa, historikoa, geografikoa… biltzen joan ahala; izan ere, haur eta gazte literaturak aukera ugari ematen dizkigu, eta horietako bat haurrentzat oinarrizko biografiak egitea da, kultur transmisioa xede izanda”.
Biografia, modu errazean
Haurrentzako biografiak dira Lertxundi, Lete eta Iriondoren gaineko ipuinak, eta alde horretatik, ezin liburu sakonak egin, Kazabonek zehaztu duenez. “Gazteei ezin zaie sortzaile horien diskografiarekin eta bibliografiarekin korapilatu. Oinarrizko transmisioa behar da egin, gazteek pertsonai horiekin interes pittin bat erakuts dezaten. Horretarako, ipuinaren kutsua hartzen dute hiru liburuek, nahiz eta bertan asmatutako ezer ez egon”.
Abeslari horiek txiki-txikitatik agertzen dira liburuetan, orduan jasotako eraginak gerora izango zirenak izan zitezen, eta baita zein izan zen euren ibilbidea. “Edonor artista izan daitekeela, horixe da zabaldu nahi den ideia nagusienetako bat”, Kazabonen hitzetan. “Lertxundik, esaterako, ez dakit noiz erabaki zuen kantaria izatea, baina gazte hastapenetan gazte elizkoia izan zen, Elvis Presleyren itzulitako abestiak abesten zituena gitarrarekin, eta arian-arian, konturatzerako, antzeztokietan hasi eta fama hartu zuen. Leteri, gaztetan, Oiartzungo koroko zuzendariak esan zion aldegiteko bere bistatik, eztarri zakarra zeukala-eta. Iriondok, txikitatik bazekarren musikarako oinarria (piano ikasketak zeuzkan, aitak gitarra oparitu zion..), baina 20 urte zituela, Kongora misiotara joateko erabakia hartu zuen. Azken unean, ordea, osasuneko gaixotasun larria topatu zioten. Hortaz, Kongoak misiolari on bat galdu zuen, eta guk euskal sortzaile handia irabazi. Esan daiteke kasualitate huts batek eragin zuela orain 60 urte neska gazte bat oholtzara igo zedin eta askoren idolo bihur zedin”.
Modernitatearen ikur
Pascualek Lurdes Iriondoren izaera aurrerazalea, azpimarratu nahi izan du. Modernotasuna, ez bakarrik antzokietan publikoaren aurrean, baita ere gerora ere kantugintza utzi zuenean. “Bizi zuen denborari aurre hartuta jardun zuen beti. Plazetako emozioak eta txaloak alde batera utzi, eta bere inguruan, Urnietan jarraitu zuen sortzaile, eragile eta bide urratzaile gisa. Etxeko jardinean herriko haurrekin antzerkia, dantza eta kantua jorratuz, bideoak erdal hiztunek euskaraz ikas zezaten bideoak eginez… Sentibera zen umeekin, eta hezkuntzan aurrerazaletzat jotzen den Montessori metodoa erabili zuen, beren garapena errespetatzea, naturarekin bat eginda bizitzea… aldarrikatzen duena”.
“Gazte gera gazte ta ez gaude konforme…” Iriondok sortutako letrak isurtzen duen espirituak ez duela inongo gaurkotasunik galdu, gaineratu du Kazabonek.
Ilustrazio dotoreak
Jokin Mitxelena Donostiako ilustratzaileak atondu du liburua: “Liburuaren formatua ezarrita zegoela heldu nintzen hona. Kasik esan daiteke marrazkiak definituta zeudela, eta eskulana falta zela. Alderdi estetikoaren gainean dokumentatu beharra zegoen, eta Urnietako zenbait toki eta eraikuntza (Lurdesen bizitokia, eliza, udaletxea, iturria…) liburura ekarri. Egia da ez direla benetakoak liburuan margotu diren elementu guztiak, lizentziaren bat edo beste hartu baitut umeen begitara erakargarriagoa egin dadin produktua. Baina funtsean, agertzen diren eszenak errealak dira”.