Mahaiaren bueltan bilduko dira Izaskun Solagaistua eta Pepa Bojo psikologoak, banaketa-prozesuetan ematen den indarkeriari aitortza egin asmoz. Azaroaren 12an izango da hitzordua, Bastero Kulturgunean, arratsaldeko 18:30ean. Afera mahaigaineratzea eta hortaz hausnartzea dute helburu, indarkeria hori pairatu duten zenbait emakumeren testigantzetatik abiatuta.
Banaketa-prozesuetan ematen diren biolentziez mintzo garenean, zein indarkeriez ari gara?
Askotariko biolentziak eman daitezke emakumeen kontra banaketa-prozesuetan, baina, funtsean, gizonak emakumearenganako hartzen duen jarrera erasokorrez mintzo gara (manipulazioak, txantaiak, esaterako), izan zuzeneko edo ez hain zuzeneko indarkeriaz, izan begi bistakoaz edo hain erraz identifikatzen ez denaz, hain justu.
Beraz, makina bat indarkeria erreproduzitzen diren egoerak izan al daitezke banaketa-prozesuak?
Hori da. Zenbaitetan, emakumea ahul zein nahasia sentitzeko jarrerak izaten dituzte gizonek. Adibidez, askotan erabili ohi dira seme-alabak bikotekideari min emateko: prozedurak luzatu, hitzartutakoak hautsi... Hori ere biolentzia da, eta sufrimendua eragiten dio emakumeari. Horretaz guztiaz ere hitz egin nahi dugu hitzorduan, batzuetan ez delako indarkeriatzat jotzen: emakumea ondoezik aurkitzen da, galduta, ez daki argi zer ari den gertatzen, errudun sentitzen da. Segurtasun eza horrek badu jatorria eta askotan ez da identifikatzen, sotila delako. Emakumea txiki bihurtzen du, egoera ez da argia eta horrek sufrimendu handia dakar. Hortaz, isilpeko indarkeriei izena jarri nahi diegu, jatorria identifikatu eta ikustarazi. Askotan, emakumeek egoera bortitzak bizitzen dituzte oso ondo jakin gabe zer ari den gertatzen.
Dolua igaro behar al da banaketa-prozesuetan?
Bai, finean, bizi-egoera aldatu egiten delako banaketa baten ostean; horrek dolua dakar. Halere, ez da gauza bera bi kideen arteko errespetuzko erabakia baldin bada banaketa, edo tartean jarrera desegokiak izaten badira, indarkeriak kalte handiak eragiten ditu-eta. Indarkeriazko banaketa ez da berdinen arteko konfrontazioa, kide batek bestea zapaltzen duelako. Nahasmendua eragiten dio emakumeari egoerak, kaosa.
“Emazte txar” zein “ama txar” usteeekin egiten al du topo emakumeak horrelako egoeretan?
Bai, horrelako sentimenduak agertzen dira: ama txarra direla uste dute askok, alegia, gauzak ondo egiten ari ez direla sentitzeko joera dago maiz. Ondorioz, seme-alabak galduko dituztela uste dute, gizonen manipulaziotik abiatuta.
Seme-alabak baldin badaude, horiexek dira banaketaren lekuko gertukoenak. Non gelditzen dira horrelako egoeretan?
Indarkeria egoerak oso zailak dira seme-alabentzat, konturatzen direlako gauzak ez daudela ondo, eta ez dakite argi egoera horren aurrean zein jarrera hartu. Txikia zarenean, gainera, ez daukazu gaitasunik jakiteko zer ari den gertatzen eta nola jokatu behar duzun horren aurrean. Ahal dutena egiten dute seme-alabek, duten gaitasunaren arabera. Sufrimendua, ordea, hor dago.
Emakumearengan erortzen al da zaintzaren pisua?
Oro har, gaur egun, emakumeen sorbaldetan jartzen da erantzukizun hori gure jendartean. Errespetutik abiatutako banaketetan, bi gurasoek hartu ohi dute ardura. Alabaina, emakumeari jazartzen zaion gizonak ez du erantzukizun hori bere sentitzen, ez dago zaintzarik. Aitzitik, kalte egiten du, bere jarrerekin emakumeari nahiz seme-alabei min ematen dielako. Manipulazio emozionala eta xantaia askotan erabiltzen dira indarkeriazko banaketa-prozesuetan: segurtasun eza eragitea eta beldurra sartzea, besteak beste, indarkeria dira.
Hain agerikoa ez bada ere, zauri sakonak uzten al ditu indarkeria psikologikoak?
Jakina. Gainera, ez da erraza indarkeria egoera hori identifikatzea, eta are zailagoa bihurtzen du arazoa, ez baita argitasunez ikusten zer ari den gertatzen.
Hala, azaroaren 12ko hitzorduan banaketetan jazotako biolentziari leku ematea duzue xede.
Hori da helburua, ikustaraztea. Askotan emakumeek ez dakite nola azaldu gertatzen ari zaiena. Gainera, zaila izaten da frogatzea jasaten ari direna, alegia, sentitzen dute beren salaketa ez dela auzitaratuko. Inpotentzia handia sentitzen dute.
Horrenbestez, lagungarria al da esperientziak trukatzeko espazioak sortzea arazoari aurre egiteko?
Positiboa da indarkeriez hitz egitea, baina ez soilik horrelako prozesua bizitzen ari diren emakumeentzat; lagungarria da, oro har, jendartearentzat, arazoa agerian uzteko. Gutxitan hitz egiten bada ere, emakume asko daude indarkeria-egoeran. Normaltzat jotzen dira askotan jarrera zapaltzaileak, banaketa-prozesuak zailak direlakoan. Baina ez, ez gara banaketa-prozesuaren zailtasunari buruz bakarrik ari, prozesu horretan ematen diren indarkeriez baizik. Hari horri tiraka, Taupada zerbitzua dago Andoainen bertan, zapalkuntza pairatzen duten emakumeei laguntza psikologikoa bermatzeko, eta zapalkuntzei aurre egiteko. Bagoaz, poliki-poliki, aurrerapausoak ematen. Orain urte batzuk, esaterako, askoz gutxiago hitz egiten zen indarkeria matxistaz. Halere, asko dago egiteko oraindik.