Plazido Muxika plaza estaltzeko ideia-lehiaketa abiatu du Udalak

Aiurri 2021ko aza. 4a, 11:39

Urnietako Udalak 2020an herriko zein parke edo plaza estali hautatzeko parte-hartze prozesua martxan jarri zuen, eta aukeren artean bozkatuena Plazido Muxika plaza izan zen. Orain nola estali behar den erabakitzeko ideia-lehiaketa deitu dute.

Azaroaren 21a bitarte, langintza horretan aditu direnek ideiak proposatzeko aukera izango dute. Plaza estaltzeko jarriko duten estalkiaren hedadura 630 metro karratu ingurukoa izango da. Hasiera batean aurreikusitakoa baino gehiago da, plazaren geometria kontuan hartuta Udalak proiekturako aurrekontua handitzea erabaki baitu.

Azaroaren hirugarren asteburua izango da ideiak aurkezteko azken eguna, beraz. Ekimenean parte hartzen dutenek Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dituzte proposamenak. Udalaren webgunean atxikitako dokumentuetan zehazten dira, besteak beste, lanaren deskribapena, baldintza teknikoak, kontratuaren aurrekontua eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Proposamenak jasotzeko epea amaituta, Udalak epaimahaia eratuko du, hiru teknikarirekin; tartean izango da udal arkitektoa. Horiek hautatuko dituzte jasotako proposamen guztien artean egokienak iruditzen zaizkien hirurak. Zein irizpide hartuko dituzten kontutan? Nagusiki, honako hauek: kalitate teknikoa, kanpoko itxura, ingurunera egokitzea, materialak eta prezioa. Prozesu parte-hartzaileari amaiera emateko, urnietarren txanda iritsiko da berriro ere, hiru aukera horien artean gogokoena erabaki ahal izango baitute.

Iazko maiatzean abiatutako prozesua

Udaleko teknikariek zazpi aukera planteatu zituzten, eta boto gehien jaso zuen proposamena Plazido Muxikarena izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!