Afizioa latza, ehiza eskasa

Andoni Urbistondo 2021ko aza. 14a, 09:00

Udazkenarekin ehiztarien fauna loratzen da Urnietako mendi inguruetan; Hirurogeita bi postu jartzen dira enkantean guztira, eta mugimendu handia sortzen da herriko enparantzan eguna esnatu aurretik.

Ehiza aktibitate jendetsua da Beterri-Buruntza eskualdean. Dozenaka dira udazkenero eskopeta hartu eta postu bat lortzeko enkantean izena ematen dutenak. Uso eta birigarro ehiztariak dira, eta egun batzuk barru hartuko dute atsedena, udazkena negutzearekin bat. Urnietan mugimendu handia sortzen du ehizak. Santa Cruz elkarteak 62 postu jartzen ditu enkantean egunero, eta dozenaka ehiztari bertaratzen dira elkarteko atarira urria eta azaroan horietako posturen bat lortzeko asmoz. Urnieta, Andoain, Hernani eta Donostiakoak dira gehienak. Urnietan hiru ehiza gune daude: Goibieta, Xoxoka eta Otsolepo.

“Goibieta da denetan eremu erakargarriena, erosoena delako”, dio Imanol Iruretagoiena ehiztari eta Santa Cruz elkarteko kideak. 22 postu jartzen dira enkantean Goibietan: “Herritik gertu dago, eta uso edo birigarrorik pasatzen ez bada, eskopeta gorde eta etxean zaude bost minutuan”. Xoxokako gunea da bigarren gunea, 15 postu. “Goibieta eta Otsoleporen arteko zerbait, nahiz eta herritik urrunxeago egon”. Eta Otsolepo azkena, Onddo eta Zaburu mendien artean. 25 postu jartzen dira enkantean han, eta pasatzen den ehizaren arabera, izen emate gehien, edo gutxien izaten ditu. Arrazoia, Iruretagoienak: “Otsolepora joateko orotariko autoa behar duzu, herritik 45 minutuko bidea iristeko, eta beste hainbeste herrira bueltatzeko. Ehiza postuak 700 metrotik gora daude, eta han eguraldia Goibietan eta Xoxokan baino askoz gordinagoa, gaiztoagoa da”.

Aiurri astekariak ehiztarien egunerokoa gertutik ezagutzeko aukera izan du Imanol Iruretagoiena, Txomin Rosco eta Iñaki Modinoren eskutik. Otsolepoko 16. postua lortu dute enkantean, bezperan, Onddo eta Zaburu mendien arteko lepoan, hain juxtu. Imanol eta Txomin dira enkanteetako arduradunak, Javi Cambrarekin batera. Bezperan Goibieta eta Otsolepoko postuen enkantea egin dute, eta goizeko 06:30an Xoxokako postuena Laxaro Oiarbide eta Iraitz semeak. Gau itxia da San Juan Plazan, baina Kantoi taberna bor-bor dago, Juan Blanco tabernaria kafeak egin eta egin, eta enparantza orotariko autoz betea. Hainbesterako, plazak auto handi horiek saltzen dituen kontzesionarioa dirudiela. Aparkatzeko tokirik ez, eta baimena eskatu zioten ehiztariek Udalari, autoa bertan ordu erdiz utzi ahal izateko.

Besabi, lehen geltokia. Han orotariko autoa hartu, eta Montefrio eta Antxoko Etxolan barrena, mendira. Autotik postura bost minutuko bide eskasa dago, eta karga-karga eginda doaz: eskopeta, kartutxoak, arropa… Zenbat kartutxo? “Asko!”, bota du Txomin Roscok. “Hemen egunak eman ditzakezu tiro bakar bat bota gabe, baina egunen batean 500 egin, uso pasa latza dagoelako. Prestatuta etorri behar duzu, kartutxorik gabe geratzea baina gauza okerragorik ez baitago ehiztariarentzat”.

Postua 720 metrora dago. Hotza dago, lauzpabost gradu, baina eramateko modukoa, itxuraz, haizerik ez baitabil. Adi daude Imanol eta Txomin. Eskopeta sorbaldan hartu eta prest: “Pazientzia behar da hemen, pazientzia handia. Hor atzeko zuhaitz horiei erreparatu, eta adi egon, txoriren bat pasatzen bada, tiro egin eta txoria botatzen saiatzeko”.

Bost tiro eta bi birigarro

Eskopetak pisua du, eta ehiztariek etengabe aldatzen dute posturaz. Birigarro sorta azaldu da, eta tiro hotsa. Danba! Imanolek kale, Txominek asmatu. Birigarroa bota du. Poltsara. Ordu erdira, beste sail bat. Bota du Imanolek, eguneko bigarrena. Bi orduko jarduna, bost tiro eta bi birigarro, eguneko uzta. Usoen arrastorik ez. “Iraganeko kontua da hori”, dio Txominek, atsekabetu antzean. “Oso gutxi pasatzen dira tiro egiteko moduan. Oso goitik beti, edo gauez, hirietako argiteria baliatuz. Zenbaitzuk dagoeneko Landetatik hegora ez direla pasatzen diote, han jana badutelako, eta neguak, dagoeneko, ez direlako hain negu. Urte batzuk atzera sorta itzelak pasatzen ziren, Otsolepo uso pasa tokia delako. Egun, apenas”.

Imanol egunero igotzen da ehizara, urrian eta azaroan zehar. Txomin eta Iñaki noizean behin, asteburuetan errazago. Ehiza aisialdi aukera moduan ulertzen dute, lagunartean egoteko unea, eta egunean bildutako uztari ez diote garrantzirik ematen: “Afaritxo bat egiteko lain baldin badago, gu kontent”, dio Modinok. “Mendian ordu pare bat pasa, gero Besabin hamaiketakoa egin, eta listo, eguna egina!”. Besabin, arrautza parea, beste pizgarri batzuk eta sagardoa lagun, ehiztarien galdera: “Zer, ikusi duzu ez garela hain gaiztoak, ezta? Hondakin guztiak jasotzen ditugu, konforma errazak gara, eta ehizatutakoa jatea atsegin dugu. Ez al da hori, supermerkatuetako janari prozesatu guztia baino hobea?”.

Ehiztarien hausnarketa, zuretzat, irakurle.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!