Parte-hartze prozesuko emaitzak aurkeztu ditu Urnietako Udalak

Aiurri 2021ko aza. 15a, 21:00

Urnietako Udalak parte-hartze prozesuan hartutako neurrien berri eman du. Bi xede ditu maiatzean hasi zen prozesuak: batetik,  herriko zein parke edo plaza estali erabakitzea; eta, bestetik, 2022ko aurrekontuko 150.000 euro zertan inbertitu erabakitzea.

Aurrekontu irekien prozesuan (150.000 euro bideratuko dira) Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako pertsonek proposamenak aurkezteko aukera izan zuten maiatzaren 5etik 23ra arte. 

Epe horretan, 276 galdetegi jaso ziren maiatzaren 14an eta 15ean jarri ziren informazio karpetan, udalerriko hainbat lekutan ipini ziren buzoi eta kutxetan, eta Udalaren webgunean eta APP-an. Jasotako galdetegi guztietatik 267 eman ziren ontzat. Gainerakoak baztertu egin ziren behar bezala beteta ez zeudelako, parte hartzaileak Urnietan erroldatuta ez zeudelako edo 16 urte baino gutxiago zituztelako.

Udaleko lurralde saileko teknikariek proposamen horiek guztiak aztertu zituzten gero, prozesuaren hasieran zehazturiko baldintzak betetzen zituzten ikusteko, eta azkenik, jasotako proposamenetatik zeintzuk egingo diren erabaki dute. 

Ikasleen ekarpenak

Parte hartze kultura 16 urtetik beherakoen artean barneratzen joateko asmoz, estrainekoz, lanketa berezi bat burutu du aurten Urnietako Udalak Egapeko eta Magaleko LH6ko ikasleekin prozesu orokorretik aparte.Hala, aurrekontu irekien parte-hartze prozesuan haiek egindako proposamenak ere jaso dira eta 15.000 euro bideratuko dira lehenetsitakoak aurrera eramateko:

1. Pump track-a egin Ermotegi eta Etxeberri artean. 50.000€
2. Skate park-a egin Eguzkialde parkean. 50.000€
3. Trenbideko segurtasun itxiturak jarri geltokiaren eta Igerategiren artean. 35.000€
4. Berrasoeta parkeko futbol zelaia hobetu porteria handiagoak jarriz eta eremua egokituz. 2.200€ (LH6)
5. Etxeberri plazako atzeko partean iturria jarri. 1.800€ (LH6)
6. Urbita kalean hesi bat jarri eremu horretako segurtasuna hobetzeko. 9.000€ (LH6)
7. San Joan plazako iturria hobetu ura modu egokiagoan irten dadin. 600€ (LH6)
8. Guria taberna ondoko iturria ordezkatu, oraingoa trabatua dago eta. 1.400€ (LH6)

Plaza estalia

Parte-hartze prozesuko beste mugarri garrantzitsua izan da plazaren aukeraketa. Orotara,  354 galdetegi jaso ziren eta horietatik 312 eman ziren ontzat. Plazido Muxika plaza izan zen eremu bozkatuena diferentzia nabarmenarekin, eta Udalak plaza hori partzialki estaltzeko konpromisoa hartu du(630m2 estaliko dira gutxi gorabehera, plazaren eta harmailen zati bat).

Behin bozkaketa eginda, ideia lehiaketa jarri da abian, eta gaitutako tekniariei dagokie hilaren 21 baino lehen proposamena aurkeztea. Hala, Udalak epaimahai tekniko bat eratuko du, eta horrexek hautatuko ditu jasotako proposamen guztien artean egokienak iruditzen zaizkion hirurak, kalitate teknikoa, kanpoko itxura, ingurunera egokitzea, materialak eta prezioa kontuan hartuta.

Amaitzeko, urnietarren txand aizango da berriro: beren esku egongo da hiru aukera horien artean egokiena zein gustukoena hautatzea. Horrenbestez, 2022. urtean Plazido Muxika estalita izango du herriak.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!