“Gizarteak emandakoa bueltatzeko asmoz hartu dut ardura berria"

Andoni Urbistondo 2021ko aza. 21a, 09:00

Ramon Goikoetxea Gipuzkoako Atletismo Federakuntzako presidentea da. Zenbaki potoloak kudeatzen eman du ia bizitza osoa, Kutxabank bankuan (Urnieta, 62 urte). Iaz hartu zuen erretiroa, baina oso bizimodu aktiboa darama.

Zenbakiak kudeatzen jarraitzen du egun, bere pasioetako batekin uztartuz: atletismoa. Bilobak zaintzea da bestea, eta lasai bizi da, aspertzeko tarterik gabe. Astean bostetan egiten du kirola, eta sasoitsu dago.

Nor zaitugu, Ramon Goikoetxea?

62 urteko urnietarra, egun Kutxabank izena duen bankuan lanean hasi zena, 16 urterekin. Iaz, pandemia hasi baino 15 egun lehenago jubilatu nintzen, 60 urterekin. Bi seme eta bost biloba ditut, eta jubilatuek daramaten bizitza arrunta daukat. Egun Hernaniko Karabel auzoan bizi naiz emaztearekin, ia bizitza guztia Urnietan egin ondoren, azken urteetan Langarda auzoan. Etxe hura handiegia zen bi pertsonentzat, lan asko ematen zuen, eta aldatzea erabaki genuen.

Jubilatu zenbaitek bizitza berrira egokitzeko komeriak izaten dituzte. Zuk?

Ez, batere ez. Zeregina badut, eguna betetzeko, eta gustura nago. Pianoa atsegin dut, korrika saio batzuk egin, bilobekin egon, eta azken urte pasatxoan Gipuzkoako Atletismo federazioko presidente jardunean murgilduta nago.
Aitonagintzan ondo?

Bai, ez baikara gehiegi egoten. Bost ditut. Ez daukat eguneroko loturarik eurekiko, salbuespenak salbuespen. Asier semearen alaba auzo berean bizi da, eta gehiago ikusten dut. Polita da aitona izatea, bere garaian aita izatea izan zen bezala.

Bankuetako lanak erabat baztertuta?

Bai, erabat. Lan polita neukan, azken urteetan enpresen salerosketan Kutxabank-en, baina jubilatuz geroztik erabat utzi dut alor hori.

Korrika saioak egiten segitzen duzula esan duzu. Zenbat?

Ba ahal badut lauzpabost saio egiten saiatzen naiz asteko. Hiru saio korrika, eta bi gimnasioan. Normalean federazioko bulegotik pasa, gestio batzuk egin eta orduan probesten dut korrika egiteko Anoetako pistetan. Iaz 27.9 egin nuen 200 metroetan. Beti izan naiz abiadurako korrikalaria, ez distantzia luzeetakoa.

Ez duzu, beraz, Behobia-Donostia lasterketa ezaguna korritu.

Ez, eta gainera atentzioa ematen dit jendeak ze ardura, lan hartzen duen, 20 kilometroko proba bat korritzeko. Ez al da errazagoa 100, 200 metroak korritzea? Prestakuntza askoz errazagoa da!

Nola sortu zen atletismo federazioko presidentea izateko aukera?

Badakizu, elkartu ginen batean, ‘Ramon, hau eta beste, ez da lan handia, noizean behin domina batzuk banatu eta listo!’. Amua irentsi nuen, eta hor nabil, moldatu nahian. Uste edo espero nuena baino gogorragoa egiten ari zait, eta pandemia garaia benetan gogorra izan da. Zergatik eman nuen baiezkoa? Ba beti pentsatu izan dudalako gizarteak emandako gizarteari bueltatzea. Nire jardunak Aldundiaren esku egon behar luke, soldatapeko kideren batek egina, baina borondatezko jarduna bilakatu da, eta hor sartu naiz ni. Demagun betidanik izan dudala gizarteak eman didana bueltatzeko asmoa, eta hau da bide bat hori egiteko. Uste baino ikusgaitasun handiagoa dauka karguak, eta espero baino komunikabide gehiagori eman behar izan diet elkarrizketaren bat.

Ze martxa daramazu?

Beno, astean bizpahiru aldiz joaten naiz bulegora, ordu pare bat pasa han; bateko saltsa, besteko deia… Beti dago zeregina.

Zein da zure lana?

Hainbat proben jabetza dugu: 15 kilometroko proba, maratoi erdia eta osoa, eta Lasarteko krosa (ofizialki Donostiako Nazioarteko krosa). Hiru proba horien eskubideak salduta, utzita genituen, diru kopuru baten truke, pandemia aurretik. Pandemiaren ondorioz, kudeaketa bereganatu zuen enpresa kiebran geratu zen. Esleipen berri bat egin dugu, beste enpresa batekin, eta kanpoko enpresa horrek antolatu du 15 kilometroko proba, eta hileko azken igandeko maratoi erdia eta maratoi osoa antolatuko du. Lasarteko krosa geuk antolatzea erabaki dugu, ez dugu esleitu nahi izan. Maratoiak eta 15 kilometroko probek dirua, etekina ematen dute, baina Lasartekoak ez, defizitarioa baita, inbertsio handiagoa edo apalagoa eginda ere. Lasarteko krosarekin ez da sosik irabazten, eta, azkenean, 15 kilometrokoa eta maratoia esleitu ditugu. Lasarte geuk antolatu nahi izan dugu, berpizteko asmoz.
Azaro hasieran egin zen 65. ekitaldia, eta benetan poztekoa izan zen ikusi zen atletismo giroa, grina.

Ahalegin handia egin dugu, uztaila bukaeran hasita. Erotu antzean hasi ginen: dirua lortu, babesleak, laguntzak erakundeetara, Udalek abuztuan urteko diru gehiena gastatua dutenean. Eskertzekoa izan da Lasarteko Udalak eman digun laguntza, Donostiakoak eta Foru Aldundiak bezala. Enpresen laguntza ere bai, izan dirutan, izan jana edo edarian. Ni aritu naiz laguntzak lortzeko ahaleginean, hara eta hona. 1.500 sarrera saldu genituen, eta 500 saltzeko aurreikuspena egin, pentsa… Koltxoi txiki bat lortu dugu, hurrengo urteko ekitaldirako. Ume eta gazte pilo bat etorri ziren korritzera, 700 pasa, oker ez banago, Miranda de Ebrotik (Burgos, Espainia), edo Ipar Euskal Herritik, eta hurrengo urtean gehiago ekarri nahi ditugu, horrek kolorea ematen baitio Nazioarteko krosari.

Egun polita izango zen zuretzat.

Polita, baina gogorra, tentsio handikoa. Goizeko 08:00etarako zalditokian nintzen, eta txarteldegitik buelta dezente egin nituen, sarrera salmenten berri zehatz edukitzeko. 1.500 sarreretatik erdia korrika egitera etorri ziren umeen gurasoak izan baziren, berez krosa ikusteko 500, 600 lagun bertaratu ziren. Gehiago ekartzeko ahaleginak merezi duela uste dut. Kipchoge eta munduko beste korrikalari onenak ekarrita lortuko genuke hori? Ez dakit. Behintzat izena ematen diozu probari, balioa, eta hori ona da.

Noiz arte zaude presidente karguan?

Beste hiru urte.

Esan dezakegu Lasarteko krosa berpiztea dela zure zeregin nagusia?

Bai, hori eta beste pare bat kontu. Krosaz gain, finantza arloan federazioko altxortegiari lasaitasuna eman nahi nioke. Aldundiak laguntza handia ematen digu larri antzean ibili garenean, batez ere Goizane Alvarez Aldundiko kirol arloko arduradunak. Erakundeek konfiantzazko jendea behar dute, agindutakoa beteko duten solaskideak, eta ni, gu, federazioa, agindutakoa betetzen ari gara [Kirol arduradunarekin izandako solasaldi zintzoa kontatzen du, natural, kazetariari horren berri ez emateko eskatuz]. Beste zeregin garrantzitsu bat Realeko atletismo sailak sortutako aplikazio bat Gipuzkoako klub guztiek erabiltzea da, musu truk. Realeko eskolak 450 mutiko ditu, eta horiek kudeatzeko aplikazio hori erabiltzen dute. Epaile taldea, entrenatzaileak eta klubak indartzea ere, federakuntzaren helburu garrantzitsuenetakoa da, noski.

Politikariekin tratu ona duzu.

Politikariekin ondo eraman beharra daukat. Euren laguntzen baitakoa da gure iraupena. Bi langile ditugu, eta horiei guk ordaintzen diegu soldata, guk lortzen dugun diruarekin, eta hori Aldundiak ordaindu beharko luke, guk lortzen dugun dirua inbertsioetara bideratzeko: krosetako parte hartzea, teknifikazioa, pertikak erosi, bidaiak ordaindu…

Zenbat atletismo klub daude Gipuzkoan?

Hogeita zortzi.

Eta zenbat kirolari federatu?

1.300, gehienez, orain 1.100 edo. Heren bat 35 urtetik gorakoak, master kategoriakoak. Nik aitonen kategoria esaten diet, txantxetan. 130 euro balio du federatu txartelak, eta guk, hortik, apenas bost euro jasotzen dugu txartel bakoitzagatik. Huskeria. Mendiko federazioak dauka federatu gehien Euskadin, eta hor mendi korrikalariak ere sartzen dira. Gure ustez horiek gure federatuak izan beharko lukete, baina… Trail-a olinpiar kirola izango da, akaso, bost urte barru, eta hor parte hartzeko atletismo federazioan federatu beharko du kirolariak. Espainiako CSD Kirol Batzorde Gorenak ere ebatzi du, mendi korrikalariek atletismo federazioarekin federatu behar dutela.

Politika, ekonomia, gizarte gaiei eta beste erreparatzen al diezu?

Bai. Politikari asko.

Aritu zinen, aspaldi, Urnietan, UDA alderdian.

Hura ez zen politika izan, herrigintza baizik. Herriari laguntzeko egin nuen, baina ez politikari nintzelako.

Nola ikusten duzu jendartea, aberria?

Oso gaizki. Inboluzioa etorriko dela uste dut, eskuin joerako alderdien bitartez. Indar handia hartzen ari dira Casado, Ayuso eta beste, eta horiek erreferente izateak beldurtzen nau. Zorionez Euskal Herrian halako jarraipenik ez dutela dirudi, baina han gertatzen denak eragina izango du hemen. Han, Espainian egoera iraultzen bada, hangoa hona iristeko arriskua dago. Ezertarako konpromisorik ez dago jendartean. Nik bizi maila ona daukat, baina besteek eduki dezaketenak arduratzen nau. Jendeari ez. Indibidualismoa handia da, osasuna eta hezkuntza pribatizatzen ari dira han eta hemen, eta jende xumea hori erabakitzen duten alderdi politikoak babesten… Ulertzen zaila.

Pentsioak ere desagertu egingo omen dira.

Duela 25 urte ere antzera esaten zen… Duela 50 urte politikari ezagun batek esan zuen zentral nuklearrak behar genituela, Euskadi eskualde idorra bilakatuko zelako mende laurdenean. Ikusten duzu, ez zuela asmatu…

Bankuek nahiko fama txarra dute jendartean, eta zuk banku batean egin duzu lan 45 urtetan. Zer diozu?

Beno, nik esan dezakedana da egun bankuek lortzen duten etekin ia guztia salerosketa alorretik datorrela, finantza arloko negozioekin, ematen dituen maileguetatik ez baitu etekinik lortzen apenas. Maileguen interesa %0an dago, eta hortik dator hainbeste komisio jarri izana. Bulego batean sartzeagatik kobratu egiten dela esan genezake ia-ia, ez baitute irabazirik lortzeko beste modurik. Ulertzen dut komisioen kontuak jende askoren amorrua eragitea, baina egun, komisiorik gabe banku askok itxi egin beharko lukete.   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!