Eusko Jaurlaritzak astelehenetan eta ostegunetan argitaratzen du pandemiaren bilakaerari buruzko datuen txostena. Azaroaren 18an argitaratutako azkenekoan, Urnieta gune gorrian zegoen, 257,69ko tasarekin. Beraz, ezarritako neurriak bete behar ditugu. "Gauzak horrela", adierazi du udalak, "ezinbestekoa da zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzen jarraitzea, birusak aurrera ez dezan".
Bestalde, urriaren 6ko aginduan ezarritako neurriek ere indarrean jarraitzen dute. Hau da, esparru handietako (5.000 pertsona baino gehiago) espazio itxietan egiten diren ekitaldietan, edukiera %80ra dago mugatua; gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietan elikagaiak eta edariak, ura izan ezik, kontsumitzea debekatuta dago, eta barrualdean eta aire zabalean maskara nahitaez erabili behar da, segurtasun-distantziari eutsi ezin bazaio.
"Hartzen diren neurriez gain, ezinbestekoa da herritarren txertaketa osoa", gehitu du udalak. Ondorioz, pauta
osoa ez duten urnietarrei hitzordua eskatzeko deia egin die, berau osatzeko. Eskaera hori hirugarren dosia hartu behar duten kolektiboei ere zabaltzen die, 69 urtetik gorako pertsonei eta osasun-kolektiboari, hain zuzen.