Elkarretaratzea deitu du Urnietak Udalak, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean

Aiurri 2021ko aza. 24a, 09:33

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 25a. Hala, ostegunean, elkarretaratzea egiteko deia luzatu die herritarrei Urnietako Udalak, San Juan Plazan, arratsaldeko 19:00tan. Adierazpen instituzionalaz gain, bertso-sorta batzuk abestuko dira, eguna hizpide. 

Ondoren, 19:30ean “Volar” dokumentala ikusteko aukera izango da Saroben: genero indarkeria jasan duten bederatzi emakumek beren bizi-esperientziaren berri ematen dute filmean. Dokumentala gaztelaniaz izango da eta sarrera doakoa da, nahiz eta aurrez gonbidapena eskuratu beharko den.

Oroitzeko, ez ospatzeko

Joan den mendera egin behar da atzera egun honetan egiten den aldarrikapena ulertzeko: Patria, Minerva eta María Teresa. Mirabal ahizpak. Dominikar Errepublikako hiru ahizpa ekintzaile politiko eta berdintasunaren aldekoak izan ziren. 1930 eta 1961 artean, Dominikar Errepublikako presidente izan zen Trujillo diktadorearen aurka borrokatzen zuen “14 de Junio” talde iraultzailea sortu zuten.

Berdintasunaren eta herrialdearen askapenaren aldeko borrokaren ondorioz, hainbat aldiz torturatu eta espetxeratu zituzten, eta, azkenean, 1960ko azaroaren 25ean bahitu, jipoitu eta hil zituzten Trujillo diktadorearen aginduz. Mirabal ahizpen hilketak protesta ugari eragin zituen herrialdean, eta Latinoamerikako sinbolo bihurtu zituen emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokan. Betiko markatu zuen herrialdearen historia, eta beren oroimenak balio du gaur egun Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna gogoan hartzeko.

"Garrantzitsua da azpimarratzea azaroaren 25ean ez dela ezer ospatzen", adierazi du Urnietako Udalak, "ez baitago ezer ospatzeko. Oroitu egiten da". Hala, oraindik lan handia dagoela aurretik egiteko azpimarratu du, zenbait daturi erreparatuta: 2021eko urrian ezagututako datuen arabera, emakumeen hilketen erdia baino gehiago bikotekideek edo bikotekide ohiek egindakoak dira (EIN eta Osasun Ministerioa). Bestalde, 14 eta 17 urte bitarteko 3 nesketatik 1ek bikotekide gizon edo bikotekide ohiaren indarkeria jasan zuten EAEn 2019an (Save The children). "Horrek agerian uzten du indarkeria hori prebenitzeko eta desagerrarazteko lanean jarraitu beharra", gaineratu du udalak, "azaroak 25 da, hain zuzen, premia hori gogoratzeko eta mahai gainean jartzeko eguna".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!