“Nire lehen maratoia da, zalantza asko dut”

Andoni Urbistondo 2021ko aza. 27a, 09:00

Mendiko korrikalaria da Igor Amantegi Altuna, baina aspalditik du asfaltoko maratoia osatzeko erronka. Igandean saiatuko da lehen aldiz.

Nolatan maratoia?

Pandemia baino lehen ere asmoa banuen. Bizitzan behin probatzeko gogoa, nahiz eta asfaltoa ez zaidan sobera gustatzen. Mendiko korrikalaria naiz, eta mendia eta asfaltoa ezin dira konbinatu, ez ondo behintzat.

Entrenatu duzu nahiko?

Beno, Zumaiako Flysch-eko mendi lasterketa egin nuen Zumaian, urriaren 3an. Laugarren geratu nintzen. Astebetez giharretako minarekin egon nintzen ondoren, eta asfaltoan hasi. Mendiak  azkartasun falta eragiten du, eta hainbestean moldatu naiz. Bolumen gutxi egin dut, eta zalantza asko dauzkat, ea gorputzak 28. kilometrotik aurrera nola erantzuten duen. Asfaltoak bakoitza bere lekuan jartzen duela diote eskarmentua dutenek. Ez baduzu ondo prestatzen bueltarik ez dagoela, nahiz eta sufritzen jakin. Zein erritmotan aterako naizen ere ez dakit, akaso 02:45eko erbiarekin abiatuko naiz. Erreferentziarik ez daukat. 27 kilometro egin ditut saio luzeenean, baina hortik 42 kilometro… Mundua dago.

Zein asmorekin lehiatuko zara?

Maratoia barrutik ezagutu nahi dut, horrekin konforme, eta 2022an abuztutik hasiko naiz prestatzen. Serierik ez dut egin, adibidez. Oso oso fin nago, 66 kilo, eta beldurra diot eguraldiari. Koiperik ez daukat apenas. Bukatze hutsarekin konforme!

Ezagutzen zaituenak dio sufritzen dakizula. Horrek asko balio du.

Sufritzeko gaitasunak ez du balio asfaltoan, 30. kilometrotik gora beste faktore batzuk sartzen dira jokoan, espezifikoki landu behar dituzunak. Horma famatu hori 32. kilometroan iristen bada… Ez dut miseria gehiegi pasa nahi, baina ez naiz erraz erretiratzen den horietakoa. Bederatzi urte daramat karrerak korritzen, 100 bat korrituko nituen dagoeneko, eta denak bukatu ditut.

Gaizki pasa, askotan, baina erretiratu inoiz ez! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!