Erronkak itxura hartzen du denboraren poderioz. “Noizbait egin beharra daukat”. Baina erakarri bezala, imanak ere uxatu egin dezake, karga magnetikoaren arabera. Kanporatu. Bota. Gupidagabe, gainera. Mina. Agonia. Porrota. 42 kilometro eta 195 metrok askorako ematen dute.
Txanponaren bi aldeak ezagutzen dituzte maratoilariek ezinbestean, eta horien arteko orekari eutsita hautatzen helburua: kasu honetan, hiru ordutik jaistea Donostiako maratoian, igande honetan. Zenbaki borobila da. Ertzik gabea. Erronka obsesio bilakatzeko arriskutsua; argi zedarritzen du arrakastaren eta hutsegitearen arteko muga. Era berean, egingarria. Ibilbidea aproposa, eta garrantzitsuena: prestakuntza txukuna hanketan.
Izan ere, miraririk ez da distantzia luzean; dortsalaren efektuak ere, eragin eskasa. Lasterketa bera baino nekezagoa da prestakuntza. Horixe da benetako maratoia. Batez ere ume txikiak tartean daudenean. Lana, haurrak eta beste hamaika zeregin; eguna ez da nahikoa luze behar beste entrenatzeko. Loari orduak kendu eta trikimailu ugari agenda koadratzeko. Esan gabe doa: ezinezkoa zatekeen bikotekidearen pazientzia eta babesik gabe.
Entrenamendua psikologikoa ere bada. Lau bat hilabeteko prestakuntza luze egiten da. Oso luzea. Errodajeak, serieak, tirada luzeak, indar ariketak… Hori bakarrik ez: elikadura eta pisua zaintzea komeni. Hizketaldiko gai bakarra bihurtzen da askotan, lagunak aspertzeraino.
Errusiar mendi baten antzekoa da prozesua, gorabeheratsua. Badira une gogaikarriak; lesioak, gaixotasunak, gorputzaldi txarrak… Bada ondo egindako lanak dakarren satisfazioa ere. Ereindako haziak fruituak eman ohi ditu eta. Gehienetan…
Hain zuzen, maratoiak beti du ziurgabetasunaren leihoa irekita. Nahiz eta entrenamendu guztiak zehatz-mehatz bete, xehetasun nimiñoenak jar dezake hazkaz gora sakrifizio guztia. Lau saiakeratik soilik bakarra bukatzea da horren erakusgarri.
Irakaspen bat baita maratoia; nork bere burua ezagutzeko ariketa. Norberaren mugak eta miseriak azaleratzen dira. Eta horiek gainditzeko kemena eta gaitasuna. Gauza bakarra da ziurra: emaitza gorabehera, korri egiten jarraituko dugu. Egunerokoari orduak lapurtzen. Bestela, are denbora gehiago eman beharko genuke psikologoaren besaulkian.