“Egoera jakinak sortzeko, emozioak eragiteko gai da argiztapena”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko aza. 28a, 09:45

Azaroaren 29an aurre estreinatuko da Saroben “Semea pixka bat motelago dabil soilik” obra, eta Xabi Lozano disenatzailea dago ikuskizunaren argiztapenaren atzean.

Oso gustuko du Saroben lan egitea Xabi Lozano argiztapen-diseinatzaileak; aski ezaguna zaio gunea, izan ere, maiz egin izan du lan Vaiven, Ados Teatroa, Hika Teatroa, Tanttaka eta Urnietatik igaro ohi diren beste makina bat konpainiarentzat.  Azken horrekin aurrez estreinatuko du hilaren 29an Urnietan “Semea pixka bat motelago dabil soilik” ikuskizuna.

“Kasualitatez” murgildu zen fokuen munduan, eta autodidaktatik asko duen ibilbidean, “akatsetik ikastea” da elkarrizketatuarentzat arrakastarako gako. Kontrol-mahaietik atera eta oholtza gainera igo dugu, bere ogibidearen argi-itzalez jardun dadin.

Obra baten sormen-prozesuan, zein unetan da funtsezkoa eta sartzen da jokoan argiztatzaile baten lana?

Zenbat eta lasterrago, orduan eta hobeto. Nolanahi ere, oro har, eszenografiari garrantzia ematen hasten zaionean sartzea da egokiena, hain zuzen, obra forma hartzen hasten denean. Bai eszenografia, bai argiztapena antzezlanera egokitu behar dira, norabide berean joan behar baitu kontaketak. Konpainia eta zuzendaria ezagutuz gero, prozesuan beranduago sartzeko ohitura dugu, baliabide zein denbora ekonomia dela eta. Garai batean, lehenago sartzen zen diseinatzailearen rola, obra baten oholtzaratze-prozesuak lau hilabeteko iraupena izan zezakeelako. Aldiz, egun, beranduago sartzen gara, obra asko astebetean egiten direlako. Hori horrela, sortze-prozesua asko azkartu dela ikus daiteke: garai batean iruditzen zait diru gehiago zegoela, denbora tarte luzeagoa eskaintzen baitzitzaion prestaketari.  

Gidoia irakurtzen ahalegintzen naiz, giroaren ideia bat egiten laguntzen dizulako. Ondoren, zuzendariarekin biltzea garrantzitsua da, guztiek egin behar dugulako norabide berean lan. Nork bere estiloa du, baina ikusten eta entzuten ikasi behar da, obrara egokitzen asmatu behar duzu. Zuzendariari garrantzi handia ematen diot  nik, lanaren erdigunean dagoen figura delako, eta obra hartzen lehena izan delako. Ideiak proposatzen dizkiot nik, gomendioak eman. Alabaina, berak argi baldin badauka, nik ere bai: berak agintzen du eta ni egokitu egiten naiz.

Taldelanetik asko al dauka obra baten taularatzeak?

Jakina. Nork bere aldetik egingo bagenu lan, kaotikoa litzateke, eta, ondorioz, nekez sortuko genuke kalitatezko obra bat. Horregatik diot, ados egon ala ez, garrantzitsua dela entzuten jakitea. “Semea pixka bat motelago dabil soilik”, adibidez, obra klaustrofobikoa da. Bakardade handiz jositako familia baten istorioa kontatzen da. Nire hasierako asmoa argiztapenarekin itxitasun hori elikatzea zen, baina zuzendariarekin hitz egin ondoren, aire gehiago ematea erabaki dugu, antzezlana hain estugarria ez egite aldera.

Ziklorama bat jartzeko asmoa neukan, trantsizioak egiteko. Azkenean, obra osoan piztuta egotea erabaki dugu, eta zuzendaritzatik dator proposamena. Egokia iruditu zait niri, zeren arintasuna ematen baitio obrari.

Obrak, funtsean, atzean gordetzen duen irakurketa, filosofia ezagutzea garrantzitsua al da zuretzat lan egin ahal izateko?

Egoera jakinak sortzeko gai da argiztapena; emozioak eragiteko gai da. Hala, lehenik, obra irakurri egiten dut. Ondoren, zuzendariarekin bildu eta entsegu bat grabatzen dut; horren arabera egiten dut argiztapen-diseinua: funtzionatzen duena bere horretan uzten dut eta hain ondo ez doakiona alboratu. Ezinezkoa da zurruntasunez jokatzea hasierako asmoarekin; malgua izan beharra dago. Moldaketak egitea ezinbestekoa da. Zenbaitetan, aldaketak errotik egiten dituzu; beste hainbatetan, azalekoagoak dira. Behin taulan ikusita zein den argiaren eragina, orduan hasten zara erabakiak hartzen, lehenago zeure buruan egon delako soilik ideia.

Zenbateko garrantzia du argiztapenak taula gainean? Zer kontatzen laguntzen du?

Handia, xehetasun txikiena ere badelako ezinbesteko. Argiztapenak, finean, obra aurkezten du. Aktoreak eta istorioa dira garrantzitsuena, eta argiztapena dute bidelagun, kontaketaren norabidea adierazten baitu. Ia oharkabean istorioan murgiltzen da ikus-entzulea; eta hori, hein batean, argiztapenari esker da. Adibidez, obra dramatiko batek indar handiagoa izango du, kontraste handiko, argi-itzal handiko testuinguru batean. Aldiz, prentsaurreko batean, hizlariari aurpegia ikusiko ez bagenio, ez luke zentzu handirik izango, duen helburu informatiboa oztopatzen duelako. Dantza-emanaldi baten kasuan, bolumenak bilatzen dira, eta ez da hain garrantzitsua parez pareko argia. Beraz, badu eragina argiak kontaketan.

Hori bai, obra batean elementu erakargarri bakarra argia bada, seinale txarra. Argi sotila dut gustuko, ia nabari ez dena, baina, era berean, emozioak sortzeko gai dena.  Horrenbestez, nire ustez, elementu garrantzitsua da, ez, ordea, garrantzitsuena.

Euskarri batetik bestera (antzerkia, telebista..) aldatu egiten al da argiztapen-diseinua?

Bai, guztiz. Esaterako, telebistan urdin erakargarria dena, antzerkian ez da hain ederra. Antzerkian begiarentzat egiten duzu lan; telebistan, ostera, kamara batentzat. Hala, bakoitzak argiztapen jakin bat eskatzen dizu. Telebistatik antzerkira salto egin nuenean, esaterako, pastel koloreak erabiltzen nituen, kamara baten aurrean ohikoagoak. Hala, denboraren joanarekin ikasten zoaz, eta unean unera egokitzen. Autodidakta izatea da bidea; liburu bat har dezakezu, eta ikasiko duzu, baina garrantzitsuena entzuten jakitea da. Izan ere, argi-egile gisa, estilo propioa daukazu, baina obrara egokitu behar zara.

Gladis-enea parkean barrena oholtzaratu genuen "Uda gau bateko ametsa" 2016an. Hala, gerora, grabatzeko asmoa zutela jakinarazi zidaten (telebistan emititzeko). Nirekin ez kontatzeko erantzun nien. Pare bat hilabete egon ginen obra prestatzen, eta buruari eragiten: ikus-entzuleak faroltxo baten bidez murgiltzen ziren obran; bada, begiarentzat hain leuna den argi-iturri horrek irudia erretzen du pantaila bidez grabatuz gero. Diseinua hutsetik hastea eskatzen zuen telebistarako grabaketa egiteak.

Zuen eskutik kanpo dauden argiek asko baldintzatzen al dute horien diseinua?

Goitik behera. Erabateko iluntasuna oinarri egiten dugu lan, oro har. Eremu ireki batean, egun argiz, ez dago ezer egiterik, izan ere, argi naturalaren intentsitatearen kontra ezin da askorik egin, eguzki-argiari ezin baitzaio irabazi. Gauez bada, ordea, argiarekin jolasteko aukera handiagoa duzu. Ilargi-betearen argiak asko laguntzen du.

Behar bezalako merezimendua jasotzen al du oholtza atzeko lanak?

Publikoari dagokionez, oro har, ez. Jende askok ez du ikuskizun baten atzean dagoen lantaldearen berri. Ondorioz, ez dio garrantzirik ematen ezaguna ez zaion lanari. Tristeagoa da ezjakintasun hori bera arte eszenikoen munduan ematen denean: guztia egun batetik bestera prestatzen dela uste dute batzuek. Ezjakintasunagatik gutxiesten du jendeak gure lana. Argikoak baino, itzalekoak gara argiztapen-diseinatzaileak.

Teknologia berriak medio, asko aldatu al da argiztapena urteen poderioz?

Zenbait hamarkada irauten zuten garai batean fokuek. Azken urteotan, ostera, abiada bizian aldatzen dira, eta teknologia berriek eragin zuzena dute horretan, noski. Lehen, egitura xumea zuten mahaiek: kanal bakarretik pizten genuen fokua, seinale analogikoaren bidez; hots, kanal bakoitzeko kable bat geneukan. Egun, kanal bakarretik 5.000 seinale igortzerik dago. LED-aren aferarekin etengabe egon behar duzu eguneratzen. Bestela, atzean geldituko zara, ez baituzu jakingo azken puntako lan-tresnekin lan egiten.

Gastu ekonomikoa handia eskatzen al du argiztapen-sistema batek?

Normalean, argiztapenak ez du leku handirik hartzen obraren aurrekontuan. Zergatik? Argiztapenaren kostua diseinatzaileari eta teknikariari ordaintzen dena delako. Orain, adibidez Sarobeko baliabideekin egin dut obraren diseinua. Antzoki guztiek, ordea, ez dute baliabide-sorta bera. Ondorioz, moldaketa txikiak egiten joaten gara, tokian tokiko aukerekin. Ekoizpenera ere egokitzen ikasi behar da. Gaitasun ekonomiko handiko proiektua bada, zenbait "luxu" eskuratzeko aukera izango duzu. Konpainiarekin bira egin behar duten tekniko kopuruari erreparatzen dio ekoizpen-taldeak aurrekontua egiteko. Diseinuagatik ordaintzen didate niri, baina emanaldi batetik bestera ibili behar dute argi-teknikariek, eta horrek gastua dakar. Horrenbestez, kopuru aldetik, lantalde txikia izaten ahalegintzen dira beti.

"Semea pixka bat motelago dabil soilik” antzezlanaren aurre-estreinaldia egingo duzue aurki.

Lars Von Tierren Dogville filmari hartzen diot itxura: oso kontzeptuala da; lurrean dauden marrek etxe bat irudikatzen dute obran. Plano arkitektoniko baten itxura dauka, eta horren gainean elementu eszenografikoak ipini ditugu (sofa, mahaiak, aulkiak eta abar). Horrela, espazioa irudikatzeko lan horretan, lagungarriak diren argiak hautatu ditut. Sukaldean, esaterako, argi fluoreszentea, hotza, ipini dugu. Hasieran, oso ideia klaustrofobikoa transmititzen zuen, izan ere, aktoreen mugimenduak argia piztuz zein itzaliz jarraitu nahi nituen. Berehala ikusi genuen ez zela ideia ona. Kontaketari erritmoa emateko edo kentzeko baliabide ere bada argia, eta, kasu honetan, oztopatu egiten zuen. Horrela, gutxieneko argiztapen orokorra egotea lehenetsi dugu. Eta, etxeko espazio jakinei garrantzia emateko, zenbait argiri indarra emango diegu. Gainera, zikloramak kobazulotik ateratzen laguntzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!