Mariasun Geresta Maizek 100 urte bete zituen urriaren 20an eta Udalak omenaldi xume bat egin dio lore sorta bat eskainiz.
Geresta Zizurkilgo Iruña baserrian jaio zen eta 5 seme-alabaren ama izan da. Oso bizitza aktiboa izan du eta hainbat lekutan bizitu da. Zizurkildik Oiartzunera joan zen, ondoren Usurbilera, segidan Donostiara eta azkenik, Urnietara iritsi zen duela 33 urte bere alaba Encarni Mugica Gerestaren etxera. Bertan, hiru belaunaldi elkartu ziren une hartan, aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak, hain zuzen.
Familiari oso lotua egon den emakume alaia eta umoretsua da Geresta, gauza gutxirekin zoriontsu izatea lortu duena bere familiako kideen esanetan. Bidaiatzeko astia ere izan du. Besteak beste, Jerusalem, Italia eta Kalifornia ezagutu ditu. Estatu Batuetako estatu horretan bizi da bere seme bat eta bera bisitatzera joan da birritan.
Ehun urteko langa gaindituagatik emakume aktiboa izaten jarraitzen du Gerestak eta puzzleak egiten, irakurtzen, josten eta sukaldean laguntzen entretenitzen da.