"Euskal Ligara igotzea da gure nahia"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko abe. 9a, 07:23

Ez du norgehiagoka bat bera ere galdu Urnietako taldeak. Eskarmentu handiko jokalaria da Irati Zinkunegi.

Zazpi partida, zazpi garaipen. Bolada ezin hobea, ezta?

Bai. Talde berri asko daude lehian, eta gurea ere, jokalariei dagokionez, asko aldatu da. Denboraldi hasieran, lehen lau postuetan izatea genuen helburu, baina, egia esan, ez genuen espero partidurik ez galtzea. Egia da sailkapenean behekaldean dauden taldeen kontra jokatu dugula.

Zaila al da lehenengo postuari eustea?

Jakina. Orain arte, beste bizpahiru talderekin egon gara berdinduak (Leitzaran eta Elgoibar, besteak beste), ez baitzuten partidurik galdu. Aurkari zailak dira horiek: Andoainen kasuan, esaterako, bi urte egon dira taldea atera ezinean. Aurten, jokalari gazteak daude eta oso sendo dabiltza. Bestalde, iragan denboraldian ez genuen Elgoibarren aurka jokatu eta lehiakide onak dira, baita Eibarkoak ere.

Nolakoa da zuen asteroko jarduna?

Partiduetan lehiakor izateko entrenamendu serioak egin behar dira. Astero hirutan batzen gara, ordu t'erdiz entrenatzeko: fisikoari garrantzia ematen diogu, alegia, indarra lantzeari, ondoren, lesiorik izan ez dezagun. Horrez gain, postu jakinei bideratutako ariketak ere egiten ditugu. Aldi berean, taldean plantilla zabala izateak ere bihurtzen gaitu lehiakor. Aurreko urteetan, justu xamar ibili izan gara: aurten, ostera, gehiago gara eta aldaketak egiteko aukera ematen digu horrek.

Pandemiak eraginik izan al du aurtengo denboraldian?

Aurten ez dugu hainbeste nabaritu. Joan den denboraldian gehiago antzematen zen, 2020an bat-batean eten zelako guztia eta, hori dela eta, gogo handiz zen jendea. Finean, aurreko ikasturtea “normaltasunez” egin genuen: gertutasunaren arabera erabaki ziren ligako taldeak. Orain, Gipuzkoa osoko 13 taldeak gaude guztiak batera, eta lehiakide berriak sortu dira. Maiatza bitarte joan-etorrian arituko gara, eta lehenengo gelditzen dena kategoriaz igoko da.

Positiboen agerraldiei dagokionez, ez dugu inolako arazorik izan. Egia da pasa den denboraldian jarduna asko mugatzen zutela neurriek, izan ere, gune gorrian sartuz gero, bertan behera gelditzen ziren entrenamenduak.

Egun, ba al da ikuslerik zuen partidetan?

Berez, herri guztietan posible da ikusleak egotea. Urnietaren kasuan, obratan da kiroldegia, eta harmailak ipinita daude, baina eraikuntza-lanen artetik pasa behar denez gero, ez dugu baimenik. Hala, hutsunea somatzen dugu etxean jokatzen dugunean, animoek eragina dutelako gugan. Ea, behintzat, datorren urteari begira, jendearen berotasunarekin amaitzen dugun denboraldia.

Zein da aurrera begirako erronka Quel Abogadosentzat?

Azken urteetako nahia egi bihurtzea dugu erronka: Euskal Ligara igoera. Igoera-fasean aritu izan gara maiz, baina ezin izan dugu inoiz garaipena eskuratu. Aurten, erronka nagusia igoera da. Inportantea da ulertzea talde bat garela eta ez dagoela jokalari bat bestearen gainetik. Bertute horixe da gure erronka lortzeko gako nagusia. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!