Lezioa ikasita, laugarrenean behar zuen izan. Entrenamenduetan inoiz baino hobe; marka lasai lortzeko esperantza franko. Azken astera arte. Ostegunean, korrikaldi lasaia; ziztada ezker bikian, eta min hartuta etxera. Herrenka. Biharamunean, fisioterapeuta. Hausturarik ez, baina ezker hankako soleoa puztuta. Jostorratzak muskulua lasaitzeko. “48 ordu dauzkazu. Iganderako beharko zenuke prest egon”.
Ostiralean, oraindik herrenka. Larunbatean, min gutxiago. Eguraldiaren iragarpena hizpide inguruan. Bost axola elurra botatzen badu ere. Minik gabe korri egitea, zer-nolako pribilegioa.
Igandean, lasterketa eguna: beldurra. Berotzen hasi, eta ziztada txiki bat ezker oinarekin zapaldu orduko. Irteeran uzkur. Euria eta hotza. Hasi aurretik, blai. Gutxienekoa da hori. Eutsiko al dio soleoak? Noiz arte?
Dagoeneko, ez da atzerabueltarik. Hasierako planari eutsi, eta iraun arte. Maratoiak erabakiko du noiz. Nabari da ziztada txikia ezker soleoan. Oin horrekin ahalik eta arinen zapaltzen saiatu. Eskuineko hankarekin babesten. Pisua beste aldera okertzen. Lurra apenas ukitzen. Hegan egiten. Posible al da hori?
Konturatzerako, Loiolan osatu da taldetxoa. Ondo babestuta, motelxegi agian. Amaran beranduegi da; aurreko taldea urrundu da, hogei bat metro. Tartean inor ez: basamortu idorra.
Zurriolan, haizea eta euria. Gogor. Biserak, hegan. Itsasoa, haserre; ez dute gonbidatu festara. Ziztadak jarraitzen du, baina ez doa handitzen. Antiguako eraikinak itsasoko haizeteez babesten dute. Zentroan, Panfi eta Ikertxo, gel eta isotonikoekin.
Konturatzerako, lehen itzulia emanda. Maratoi erdia. Agian posible da. Taldea txikitzen doa. Baten batzuk aurkako norabidean, oinez. Erretiratu dira. Tokatuko al zait niri? Sagues berriro. Oraingoan, aldapatxoak gogorragoa dirudi. 30. kilometroa Kursaalean, Kontxara bidean. Hasi dira hanketako beste muskuluak uzkurtzen, gogortzen. Mintzen. Kontraesana: lasaitua eragiten du, ezker soleoko ziztada arinduko balitz bezala.
Ondarretan taldea desegin da. Batzuk erritmoa azkartu eta badoaz. Jokatzeko garaia da; haiei itsatsi, eta aurrera. 35. kilometroan, Infernuko aldapa, bigarrenez. Asmatu zuten izenarekin.
Zentroan azkeneko aldiz. Hiru kilometroren faltan. Taldea ilara luzea bilakatu da. Sufritzea tokatzen da, baina erritmoari eusteko arazorik ez. Azken agurra kuadrillakoei. Egina dago. Euforia.
Baina segundo batean aldatzen dira gauzak. Zuritik beltzera. Ezustean. Easo plazan, danbatekoa. Gasolina bukatu da. Indarrak ahitu. Zartako galanta. Mina hanketan, eta oinez ibiltzeko tentazioa.
Azken kilometroa. Izorratuta, baina pozik. Irribarrez. Koltxoia handia da. Arrastaka bukatuta ere, hiru ordutik behera. Mini estadioan, familia. Orain bai. Bukatu da. Adiskidetu gara. Hainbestetan ukatutakoa itzuli du maratoiak Donostian. Beste batean kenduko du ostera. Maratoiak erabakiko du noiz.