Batzuk, Asier Martinezek eta Juan Luis Gomezek bi ordu eta erdi azpitik. Beste batek, Igor Amantegik, 2.45 azpitik, eta laugarrenak, Adrian Garcia Melerok hiru ordu azpitik. Denek bete zuten euren helburua, eta The A Team, A taldea telesail ezaguneko protagonisten pare jardun. Nola ahaztu Hannibal Smith-ek atal bakoitzaren bukaeran esaten zuen esaldi famatu hura, ‘gustatzen zait planak ondo ateratzea’ (I love it when a plan comes together, ingelesez). Halaxe sentitu ziren Martinez, Gomez, Amantegi eta Garcia. Denak pozik, aurreikusitakoa ondo atera zelako. Minberatuta, baina pozik.
“Oso pozik nago. Hankak txikituta dauzkat, baina ahaleginak merezi izan du. Hiru urte neramatzan egun on honen bila, eta lortu dut. Ez nuen espero helburua betetzea, are gutxiago egin zuen eguraldi kaskarrarekin. Eguraldi onarekin akaso bai, baina zorionez ondo atera zen”. Martinezen hitzak dira. Maratoi erdia 01:14:53 denboran pasa zuten berak eta Gomez kideak, eta hor hasi zen lehen kalkuluak egiten: “02:31tik jaistea zaila izango zela pentsatu nuen”. Bigarren maratoi erdia, ordea, lehenengoa baino azkarrago egin zuen Asierrek: “Bikain sentitu nintzen 36. kilometrora arte. Hortik aurrera… luze. Komeriak, eta azken hiru kilometroak, izugarri luze. Dena emanda egin nituen. Sentsazioa neukan behar baino mantsoago nindoala, segundoak galtzen, baina erlojuari begiratu eta kontrakoa esaten zuen, erritmo egokian nindoala, kilometroak ondo ari nintzela osatzen 03:32 inguruan”. Eta behin Anoetako pistara sartuta, emozio leherketa. “Etxekoak zeuden han, Nagore emaztea, lagunak han… oso polita izan zen, hunkigarria!”.
02:29:26 egin zuen Martinezek. 10 segundo geroago helmugaratu zen Juan Luis Gomez kidea. Elkarri besarkatu zioten, noski, lanak bukatuta. Maratoiko kontaketa egiteko eskatu diogu Martinezi: “Hasiera urduria izan zen. Kamiseta termikoarekin atera edo ez zalantza izan genuen. Gabe atera ginen kalera, eta justu irten ginenean, zaparrada latza. Xira eman nion Jon Morandeira lagunari, eta dardarka nengoen, hotzak jota. Lasterketa hasita, joan behar genuen taldean sartu ginen, eta indarrak gordetzen egin nuen bidea 22. kilometrora arte. Erbia kendu zen, eta bizpahiru lagun erritmoa jartzen hasi ginen orduan. 30. kilometroan hiru lagun geratu ginen, eta 32.an Juan Luis geratu egin zen metro batzuk. Itxaron nion, baina tiratzeko esan zidan”. Martinez ondo zihoan, baina 36. kilometroan laino ilunak agertu zitzaizkion begi aurrean. Ondoan zeukan korrikalariak puntutik atera ote zuen susmoa dauka, datuak errepasatuta. “Denborak ikusita jabetu naiz kilometro bat edo bi 03:27 erritmora egin genuela, azkarregi niretzat”.
Sei kilometro baino ez. 38. kilometroan gel bat barrura: “Ez neukan gogorik, baina Jokin Lizeaga entrenatzaileak esan zidan sei eramateko, eta denak barrura”. Pasadizo bat ere izan zuen beste gel batekin, lehenago, 30. kilometroaren bueltan. “Hatzak sentsibilitaterik gabe neuzkan, hotzagatik, eta saiatuagatik, ezin nuen gel-a maillotetik atera. Ernegatu egin nintzen, biraoka, eta Juan Luisek atera behar izan zidan poltsikotik gela. Eskerrak!”.
Idatzitako gidoi perfektua
Ez zuen bi ordu eta erditik jaisteko ziurtasunik izan inoiz: “Ez, edozein momentutan ezinak jo eta minutua 04:30ra egiten duzulako. Ezin da kalkulurik egin azken metroetan sartzen zaren arte. Buruak lan handia egiten du, eta mantso nindoala esaten zidan. Eta ni kontra egiten, nola edo hala. ‘Eman Asier, entrenatu duzun guztiarekin orain ezin duzu amore eman’, eta antzeko mezuak bidaltzen. Unai anaiak aurreko gauean esandakoa ere gogoratu nuen, zenbat kostatu zaidan helmugara iristea, eta horrek bultzada eman zidan”. Mini estadioan sartuta Jokinek esan zidan lortuko nuela, jaitsiko nintzela 02:30tik, eta helmuga pasa eta mundua erori zitzaidan gainera. Jota, baina pozarren. Idatzitako gidoi perfektua bezalakoa izan zen eguna”.
Bazkari oparoa egin zuen familiarekin, Juan Luis lagunarekin kopatxo bat arrats-iluntze partean, ospatzeko, eta orain atsedena. Merezitakoa. “Geratu egin behar dugu pixka bat. Maratoi erdiren bat prestatuko dugu martxoa alderako edo, marka on bat egiteko, baina orain atsedena, Gabonak arte edo”. Etorkizunari begira, maratoiak lotu egin duela onartzen du, gustatuko litzaiokeela urtean bat ondo korritzea: “Sevillakoa, Valentziakoa, politak dira, azkarrak, marka on bat lortzeko modukoak”. New York-ekoa ez? “Joder, txarra ez, familia guztiarekin han…”. Bi ordu eta erditik jaistea ere ez zuen espero…