Urnietako Udalak gogora ekarri nahi du Eusko Jaurlaritzak aditzera eman duen neurriaren aplikagarritasuna:
“Hortaz, araudi berri horri jarraiki, Covid pasaportea derrigorrezkoa izango da ondorengo eremuetan:
1. Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
2. Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
3. Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
4. Kirol-instalazio itxiak, hala nola estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
5. Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.
Covid ziurtagiria ez zaie eskatuko 12 urtetik beherakoei. Ezta lehen aipatutako espazioetako langileei ere, beren lana egiteko espazio horietara sartzen direnean.
Neurri hauek 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 300 kasutik beherakoa izan arte egongo dira indarrean”.