Zanpatuz-ek bere egutegian ohikoa bilakatu den irteera antolatuko du berriro Gabonen atarian: Adarramendiko igoera, gauez. Abenduaren 23an, arratseko 18:00retan, Besabitik abiatzea da asmoa, eta Adarrara ilargi betearen argia aprobetxatuz igo. Elkartzeko hitzordua herriko plazan izango da, 17.30ak aldera, ahalik eta kotxe gutxien igotzeko. Besabin denak elkartu, eta mendira. Antolatzaileek buruko argia edo frontala, eta neguko arropa eramatea gomendatzen dute, eguraldia medio.
Zanpatuz mendi taldea, 2022ra begira
Zanpatuz mendi taldea zuzendaritza batzordeak hainbat bilera egin ditu azken asteetan, 2022an zer eta nola egin, administrazio alorreko hainbat kontu aztertzeaz gain. Bilera horien lehen bi emaitzak, federatu txartelen gaineko informazioa, eta irteera baten proposamena dira. Federatu-txartela berritzeko epea zabalik dago, baina aldaketa batzuekin. Kontu korronte aldaketa egin du mendi taldeak, eta aurrerantzean Kutxabank banketxean izango ditu sosak. 150 lagunen txartelak tramitatzeak ahalegin handia eskatzen die mendi-taldeko kideei, eta aurrerantzean, eta tramitazio lanak erraztu asmoz, hilabetean behin egingo dira zeregin horiek (hilabete bakoitzeko 15. egunean). Abenduaren kasuan 23a izango da tramitazioa egiteko azken eguna. Hurrengoa urtarrilak 15a izango da. Bazkide guztiek beren posta elektronikoan jaso dute oharra, bete beharreko pausoak azalduta.
Txartelen tramitazioa
Kronikatxo honetan, tarifen taula ikus daiteke. Txartela berritu behar duenak, eta iazko datu berberak dituenak, nahikoa du NAN zenbakia eta izen-deiturak bidaltzearekin zanpatuz@gmail.com posta elektronikora, ordainagiriaren argazkia, eta aukeratu den estaldura eta gehigarriekin batera. Txartela lehen aldiz egingo dutenek, edo iaztik hona daturen bat aldatu dutenek, aurreko baldintza berberez gain, datuen taula osoa bete beharko dute, gero, posta elektroniko horretara bidaltzeko. Gogoratu, Urnietako helbidea ez dutenek 10 euro gehitu beharko dizkiete taula honetan agertzen diren prezioei.