“Haurrei erregaluak egitea da guretzat opari onena”

Alba Cabrera Jauregi 2021ko abe. 23a, 09:29

Abenduaren 24 gauean, Euskal Herri osoa zeharkatuko dute Olentzerok eta Mari Domingik, opariak banatzeko.

Ez. Ez da lan makala Olentzerorekin eta Mari Domingirekin hitzartzea, izan ere, urte osoan baserrian ibiltzen dira hara eta hona buru-belarri. Bada, hilaren 17an, ostiralarekin, herrira jaitsi ziren eta Aiurri astekariak tartetxo bat lapurtu zien. Hilaren 24an, etxeko guztiek begiak itxi orduko, irrist egingo dute tximinian behera, opariak banatzeko eta ardoa zein opilak dastatzeko.

Pozgarria izango da zuentzat berriro ere herrira jaitsi eta bertako umeekin egotea, ezta?

Olentzero: Oso pozgarria da guretzat, beti. Kontua da aurten ere zailagoa zaigula, zomorroaren ondorioz. Halere, lasai egon, etxez etxe igaroko gara abenduaren 24an.

Mari Domingi: Azken asteotako eguraldia oso kaskarra izan da, euri-zaparradak direla-eta, uste genuen eskolara jaisteko aukera ere ez genuela izango. Baina, bai, eta ilusioz beterik gaude.

Bigarren urtez, Gabon arraroak izango dira gurean… Nola ospatuko dituzue zuek?

Olentzero: Kontu handiz ibiltzen gara, baina mendian ez daukagu herrian besteko kutsadurarik. Lasaiago bizi gara. Urnietara jaistean, gehiago kezkatzen gara.

Mari Domingi: Hori da, izan ere, musukoa jantzita sartu beharko dugu etxeetan. Mendian giro osasuntsua daukagu, eta oso pozik bizi gara.

Zintzoak izan al dira haurrak?

Mari Domingi: Oso ondo portatzen dira beti Urnietako haurrak, eta, egoera zaila bada ere, pozgarria da ikustea zoriontsuak direla. Hori da inportanteena, zoriontsuak izatea.

Olentzero: Normalki, haurrak gurasoak baino hobeto portatzen dira, gainera. Oso zintzoak dira, eta guztiek merezi dute jostailuren bat edo beste.

Beraz, aurten, ikatza, helduentzat.

Olentzero: Batzuentzat, bai, karkarkar! Hala ere, gero eta gutxiago banatzen dugu, kutsadura medio.

Zein opari eskatu dituzte haurrek?

Mari Domingi: Pokemon jostailuak izan dira aurten txapeldun. Panpinak ere eskatu dituzte, baita traktoreak ere. Ilusioz beterik daude haurrak.

Nahiz eta egoera zaila izan, ez duzue kale egingo, ezta?

Mari Domingi: Ezta pentsatuta ere! Andoainen eta Urnietan kalez kale, etxez etxe arituko gara; nahiz eta euria egin, nahiz eta hotza izan, baita elurra egingo balu ere! Haurren alboan izango gara, atez ate. Txikitxoak ez dira jabetuko, baina ez diegu hutsik egingo.

Euskal Herriko tximini guztietan utziko dituzue opariak. Zuentzat gordeko al duzue zerbait?

Mari Domingi: Haurrei erregaluak egitea da guretzat opari onena. Bihotz barrenetik, muxu pila bat banatuko ditugu.

Olentzero: Guretzat zoragarria da herrira jaitsi eta umeekin egoteko aukera izatea.

Amaitzear da urtea, zer eskatzen diozue datorrenari?

Olentzero: Ea amaiera ematen diogun zomorroak sortutako egoerari eta, pixkanaka-pixkanaka, normaltasunez bizitzen hasten garen; poztasuna behar dugu apur bat makur gaude eta. Horixe eskatzen dugu: zoriontasuna eta osasuna.

Mari Domingi: Ene ene, gutxi iruditzen al zaizu eskatzen ari zarena? Pozik bizitzea eta lagunekin egotea nahi dugu, horixe baita ezinbestekoena.

Olentzero: Muxu handi bat irakurle guztientzat!!!

Haurtxo maiteok, gozo egin lo abenduaren 24an. Eta, esnatzean...

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!