“Isiltasun handia dago gauez; merezi du igoerak"

Alba Cabrera Jauregi 2021ko abe. 23a, 09:52

Adarrara txangoa antolatu du Zanpatuzek, hilaren 23an. Arratsaldeko 18:00tan abiatuko dira Besabitik, 17:30ean San Juan plazatik. Jonathan Lopez urnietarrak deialdian parte hartzen duen Urnietako mendizaleetakoa da.

Aski ezaguna da urte berriari ekitearekin batera makina bat urnietarrek duten ohitura: gaupaseroek nahiz ia mahatsak jan gabe oheratu direnek topo egiten dute urtarrilaren lehenean Adarra mendiaren punta-puntan, salda beroaren epeletan. Dena den, bada herrian, neguko solstizioaren bueltan ere hitzordu berezirik: Adarrara igoera, gauez. Zanpatuz herriko mendi elkartea dago jada usadio bihurtutako txangoaren atzean. Ilargiaren pean, motxila hartu, linterna kopetera itsatsi eta mendian gora abitzen dira bizilagunak.

Aurten, hilaren 23an, ostegunarekin, egingo dute irteera, ilargi betearen argiaren laguntzaz. Horrela, arratsaldeko 18:00tan abiatuko da taldea Besabitik. Hala ere, aurretik, nahi duenarentzat eta auto-pilaketak saiheste aldera, 17:30ean San Juan plazan batuko dira.

Txango berezia da”, dio Jonathan Lopez urnietarrak. Zanpatuz elkarteko kide da eta mendian egun argiz ibilltzea nahiago badu ere, gustoko du irteera: “Isiltasun handia dago gauez; merezi du igoerak. Lasaiagoa da bidea, eta hobeki deskonektatzeko aukera ematen du”.

Iragan urtean ez zen txangorik izan, pandemiak eragindako egoera medio. Hortaz, elkarteko kideak dio gogo biziz daudela, aspaldiko partez batu eta mendiaz gozatzeko: “Jende asko da mendizalea Urnietan; gustuko dute herritarrek mendira joatea”.

Horrenbestez, aukera polita dute mendizaleek ostegun iluntzea. Elkartetik gogorarazi dute: “Gomendagarria da linterna ematea, eta, eguraldiaren arabera, neguko arropa janztea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!