Adarramendira gauez igotzeko irteera Zanpatuz mendi elkarteak antolatzen duen arrakastatsuenetakoa izan da betidanik, eta atzokoa ere hala izan zen. Herriko plazan hainbat gazte zeuden zain, Besabira nork igoko zituen esperoan, eta Adarramendi magalean jende multzo handia. Kontaketaren ondoren, 82 lagun, eta horietako asko, herena inguru, eskola ume gazteak, gurasoek lagunduta.
Buelta hiru ordutan burutu zen, inolako arazorik gabe. Zorua lehorra zegoen, tarte batzuetan izan ezik, eta zerua lainotuta, baina euririk ez. Ilargia ikusteko aukerarik ez zen egon. Tenperatura ere egokia, nahiz eta gailurrean hego haize ufadak handiak izan, eta goxotasuna, eskasa. Nola edo hala 82 lagunak gailurrean kabitzeko ariketaren ondoren, beheranzko bidea hartu zuen taldeak, Arlegorko zabalean barrena, eta bederatziak jotzeko zirela, Besabira iritsi, denak onik eta umoretsu. Txikienek gozatu zuten gehien, haietako askorentzat Adarramendira igotzea gauza handia delako. Zer esanik ez gauez, lehen aldia izan baitzen ia denentzat.
Ditxosozko pandemiak aukera ematen badu, Zanpatuz mendi elkarteak urtarrilean jakinaraziko du 2022 urteko irteeren egutegia. Bitartean, deia luzatzen die mendizale guztiei federatu txartela egiteko. Aurrerantzean hilean behin egingo da tramitazioa, orain arte egin ez duenak urtarrilaren 15a bitarte du epea, txartela egiteko. Egun horretan tramitazioa egin eta ondoren jaso ahal izango du txartela mendizaleak. Gogoan izan, badaezpada, aurten federatuta bazaudete asegurua 2022ko urtarrilaren 31 arte dagoela indarrean.
https://t.co/BJtaVskGrz pic.twitter.com/mg7Tnhp8DL
— andoni urbistondo (@urbixxx) December 23, 2021