"Aspertu egiten nau konbentzionalismoak"

Alba Cabrera Jauregi 2022ko urt. 7a, 13:01

Xabier Romero Talacchia auto-disenatzailea da Fiat enpresan. Haurtzarotik datorkio motor soinuarekiko erakarpen itsua urnietarrari. Egun, ofizio bilakatu du hasieran zaletasuna zena: ibilgailu diseinatzailea da Fiat enpresan.

Aldaketari beldurrik ez dion gaztea da Xabi Romero Talacchia urnietarra. Eta sentimendu horrek berak eraman du urrutira oso denbora laburrean: jaioterritik Bartzelonara salto egin zuen, lehenik, ibilgailuen diseinua ikasteko. Hala, berehala eman zion jarraipena bere ibilbideari Alemanian, Pforzheim-en nahiz Frankfut-en. Egun, 24 urte izateak ematen duten jakinminez zein bizi-gogoz, Torinon (Italia) bizi da, hainbeste bider amestutako lana egiten: Fiat ibilgailu-enpresako diseinatzaile da.

Txikitatik izan al duzu marraztea gustuko?

Ez dut gogoan noiz hasi nintzen marrazkigintza barrenak adierazteko bide gisa erabiltzen. Baina badakit oso gauza garrantzitsua izan dela betidanik, eta nire eskolako koaderno guztiak zeuden marrazkitxoz beterik. Une horretan, ez nekien zergatik nuen gustoko, baina adierazteko era naturala zen niretzat marraztea.

Orduan ere autoak marraztu eta marraztu aritzen al zinen?

Ez dira inoiz soilik autoak izan. Marrazki bizidunak ikusi ordez, dokumentalak ikusten igaro ohi nituen orduak txikia nintzelarik. Koaderno erdia autoen marrazkiek osatzen zuten, eta, gainerakoa, animalitxoek. Asko gustatzen omen zitzaidan animalia berriak ezagutzea eta beren jarrerak aztertzea, estetikari erreparatuta. Autoekin asko alderatzen nituen animaliak; adierazpen artistikoari dagokionez, izaki bizidun gisa irudikatzen nituen autoak: aurpegia zuten, ezaugarri estetikoak, izaera. Hala, natura oso presente nuen autoak irudikatzean.

Zerk eraman zintuen afizioa ofizio bilakatu nahi zenuela erabakitzera?

Gaur gaurkoz, oraindik ere ez dakit zein erantzun eman galdera horri. Txikia nintzelarik, garbi nuen nire etorkizuna estuki lotuta egongo zela autoen mundura. Denboraren joanaz, jabetu nintzen autogintzarekin harremana izateaz gain, adierazpen artistikotik ere asko izan behar zuela nire ofizioak. Hala, esan dezaket, nik bera baino, lanak berak aurkitu ninduela ni.

Erabaki irrazionala izan zen ikasketa hauek egiten hastea. Erakarpen handia sentitzen nuen mundu horrekiko, eta ofizioa existitzen zela ez nekienean ere hori bera egin behar nuela sentitzen nuen. Hamasei urte bete arte pentsatzen nuen nire ametsa horixe zela soilik, ametsa, eta “normalagoa” den ofizio bat topatu beharko nuela.

Ez zenion ohiko ikasketen bideari eutsi. Zaila izan al zen erabakia hartzea?

Aspertu egiten nau konbentzionalismoak; beraz, alde horretatik, ez nuen ezohiko bide bat hautatzeko beldurrik izan. Egia da urduritu egiten duela zure ingurukoek zurea baino errazagoa edo egingarriagoa den aukera bat hautatzen dutela ikusteak. Are gehiago esango dizut: Bartzelonan soilik egin nezakeen nik nahi nuena, eta, bestela, gertuen zegoen hurrengo geltokia Inglaterra zen. Horrek lan-mundurako aukera urrien erretratoa egiten lagundu zidan. Estadistikei erreperatuta, oso zaila da autoen diseinatzaile gisa lan egiten egotea. Hori horrela, erronka handia izan zen niretzat, baina ez nuen irudikatzen neure burua beste ezertan. Horrenbestez, ez nion beldurrik porrotari.

Autodidaktatik asko izan al du zure ikasketa-prozesuak?

Oso ibilbide subjektiboa da, izan ere, diseinuaren munduan hamaika irakurketa daude, hamaika lan egiteko modu, ikuspuntu, eta guztiak dira egokiak, alegia, ezin da “ondo” ala “gaizki” egin. Alabaina, gutxieneko irizpide batzuk bete behar dira produktu erakargarri bat egiteko, ideia interesgarri bat sortzeko. Egun batean, ohartu nintzen unibertsitateko formakuntzarekin ez nintzela inora iritsiko, eta asko jarri behar nuela nire partetik. Gure ofizioan sarri errepikatzen den egoera da, eta garapen pertsonalak garrantzi handia du. Ez da ibilbide akademiko konbentzionala, gurean ez dira apunteak buruz ikasten eta azterketak gainditzen. Sortzaile izaten ikasi behar da, pentsatzen, zure ideiak era erakargarri bezain eraginkorrean islatuta gelditu daitezen orri zurian. Krudela da, nork bere ibilbidea egin behar du, inor ez delako zurekin interesatzen. Nolanahi ere, esperientzia horrek zeure-zeurea den estiloa garatzen laguntzen dizu eta oso esperientzia dibertigarria da.

 

Nola egiten duzu lan?

Diseinatzaile baten lan-prozesua ezagutzeko, ezinbestekoa da azken emaitzaren xedea zein den ezagutzea, alegia, eraginkortasunaren eta estetikaren arteko orekan datza. Produktu bat polita bada, baina ez badu ezertarako balio, ez du inork erosiko. Alderantziz, erabilgarria bada, baina ez erakargarria, ez du arreta piztuko. Hala, zertan oinarritzen da lan-prozesua? Arazo bat konpontzean oinarritzen da. Nola egin hori? Ideia on batetik abiatzen da guztia, eta amu horrek balio bereizgarria eman behar dio sortuko den produktuari. Lehenik, azkenaldiko joeretan, azken puntako teknologietan, eta etorkizunean baliagarriak diren baliabideetan arakatzen duzu. Behin ideia horri eutsita, eta bezeroa ikasita nahiz ezagututa, has zaitezke marrazten eta hartzailearen premiei erantzungo dien autoa diseinatzen. Hari horri tiraka, azken geldialdia hiru dimentsiotako produktu bat da; render delakoa. Formatu horretan saltzen ditugu gure produktuak, ideiak.

Lanari dagokionez, nahiko gautiarra omen zara. Ideia onenak ohera sartu orduko izaten al dituzu?

Bizi-egoeraren araberakoa da hori. Ikasle garaian, gaua iristen zenean eta apur bat lasaitzean, bizia hartzen zuen nire garunak. Ni, lotara joan nahian, eta, neure buruan, ideiak borborka. Inoiz pasa izan zait goizeko ordu txikietan jaiki behar izatea ezin nuelako lorik egin; ideia paperean islatu arte ezin nituen berriro ere begiak lasai itxi.

Non bilatzen duzu inspirazioa?

Gutxien espero dugun tokietatik datorkigu maiz inspirazioa. Finean, inspiratuta egotea baino garrantzitsuagoa da burua irekia izatea. Nire kasuan, harreman estua dudan jendearekin aurkitzen dut hori, besteak beste, bikotekidearekin, familiarekin eta lagunekin. Horrez gain, lagungarria zait barne-mundu izugarria izatea; noizean behin, film bat ikusten ari naizela, adibidez, erakargarria zaidan eszenaren bat ikusiz gero, marrazteko premia datorkit. Ideiak marrazten ditut, eta inspirazio-iturriak oso anitzak dira, esan bezala, elkarrizketa batetik hasi eta pelikula bat bitarte.

Zer eduki behar du auto batek erakargarri izateko zuretzat?

Bilatzen ari zarenaren araberakoa da hori. Begirada zorrotz ipintzen dut produktuaren diseinuan. Erakarpen handia dut horrekiko, eta oso gustuko ditut freskotasuna transmititzen didaten diseinuak. Zenbait markek irribarrea ateratzen dizute errepidean topo egiten dituzunean. Horri ematen diot balioa nik azkenaldian.

Askotariko moduak daude autoak interpretatzeko. Ez da gauza bera sentitzen lur orotako ibilgailua edota kirol-autoa ikustean. Diseinuaren xedea azken bi horietan oso ezberdina da; beraz, auto bakoitzak duen helburua balioan jartzen jakin behar da. Zentzu horretan, guztiak ditut gustoko, eta edozein autorekin gozatzen dut. Halere, kutsu dibertigarria eta abenturazalea duten autoek erakartzen naute gehien.

Arkatzarekin marraztea duzu gustoko, edo teknologia berriez baliatzen zara?

Kontraesankorra da nire erantzuna. Lehen, asko erabiltzen nuen arkatza; boligrafoz ere marrazten dut, pare bat kolore konbinatuta, komiki-kutsua emateraino. Halaber, aipatu dituzun teknologia berriak beharrezkoak dira gure lanbidean, xehetasunik zorrotzena ere adierazi ahal izateko. Horregatik, inportantea da 3D-ko modelaketa egiten jakitea. Desagertzen ari da arkatza eta orri zuria darabilen diseinatzailearen irudia, mundu gidigatalak ordezkatu baitu.

Zer sentitzen da 24 urterekin marka ezagunentzat lanean ari dela ikusteak?

Bai, apur bat arraroa egiten zait nire ametsa lan-esparruan hain gazte bete izana. Izan ere, zintzoki esanda, ez nuen espero inoiz horrelako marka bateko diseinu-taldean lan egiteko proposamena jasoko nuenik. Ondo baino hobeto gogoratzen dut eskaintza jaso nuen unea; ez nintzen gai gertatzen ari zena barneratzeko.

Ibilbide laburrekoa bazara ere, Torinon bizi zara orain, Fiat enpresarako diseinatzaile gisa.

Zoriontasun handia sentitzen dut. Niretzat zazpi urteko erronka izan da, eta gauza asko alboratu behar izan ditut bidean aukera hau begien aurrean izateko. Behin eskaintza iritsita, presioa joan egiten da apurka, eta orduan hasten zara benetan diseinuaren munduaz gozatzen. Hori horrela, pozgarria nahiz lasaigarria da niretzat, eta, gainera, gogokoen dudan markan egiten dut lan; ezin gehiago eskatu.

Amore eman dezakezu edota egiten duzun horretan sinetsi. Autoak nola irudikatu pentsatzean datza nire lana, oso era dibertigarrian. Biziki gozatzen dut buruari eragiten. Finean, niretzat munduko bigarren lanbide onena dut; lehena Formula1-eko pilotua izatea da.

Zein auto dauka Xabi Romero Talacchiak?

Gidatu nahiko nituzkeen auto guztien zerrenda mahaigaineratuko banu, ez nuke sekula bukatuko, amaigabea baita. Alabaina, apeta gutxikoa naizela esango nuke, eta oso pozik nago nire lehen kotxearekin: BMW E-46 325Ci (2001). Oso dibertigarria da gidatzeko eta ez dit sekula kale egin. Alemaniara edota Italiara etorri da nirekin; jada, lagun kutsua hartzen diot nire autoari, ondo egiten diogulako elkarri, eta oso ondo zaintzen dudalako. Nahiz eta nire lehen autoa beste munduko ezer ez izan, esanahi handia du eta ez nuke beste batengatik aldatuko, eskaintza munduko auto onena izanda ere.

Aurrera begira, zein erronka dituzu buruan?

Jakin-min handiko pertsona naizela esango nuke, eta horretan jarraitu nahi dut, erronka berriei erantzuten. Etorkizunean, orain egiten dudanarekin asebeteta sentituko ez banintz, gauzak jaso eta beste zerbait egiten hasiko nintzateke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!