“Ikimilikiliklik” familia-ikuskizuna izango da Saroben

Aiurri 2022ko urt. 10a, 16:54
Iturria: Donostiakultura

“Ikimilikiliklik” familia-ikuskizuna taularatuko dute urtarrilaren 23an Sarobe arte eszenikoen gunean, arratsaldeko 17:30ean. 

Zazpi urtetik gorako haurrei zuzendua dago eta bina sarrerako lau sorta zozkatuko dira izena-ematen duten herritarren artean, Sarobeko leihatilean edota Udaleko webgune nahiz app-an.

Sinopsia

Xirristi mirristi, gerrena plat, olio zopa, kikili salda, urrup, edan edo klik, ikimilikiliklik” abesten zuen Mikel Laboa euskal kantautoreak, eta sorgin baten irudia agertzen zitzaigun denoi buruan, araoa errezitatzen edabe miraritsua prestatu artean. Marie de Jongh konpainiaren proiektu berri honek neskato/emakume bat du protagonista, haurtzaroan hain zuzen sorginen beldur bazen ere, haietako bat bilakatuko dena. Baina ez da protagonista bakarra izango, hitza ere hala izango baita.

Keinuzkoa ez den ikuskizuna aurkeztuko du konpainiak bere historian lehen aldiz, Jokin Oregiren zuzendaritzapean, hitza bera beldurrari buruzko hausnarketa bat partekatzeko ezinbesteko elementu dramatikotzat hartuta. Ikuskizuna Jokin Oregik berak idatzitako Ikimilikiliklik ipuinean oinarritzen da.

  • Autoretza eta zuzendaritza: Jokin Oregi
  • Aktoreak: Ana Meabe/Aiora Sedano, Maitane Sarralde, Juana Palacios/Leire Omeñaca
  • Eszenografia: Ikerne Giménez
  • Musika: Adrián García de los Ojos
  • Jantziak: Rosa Solé
  • Argiztapena: Javi Kandela
  • Produkzio exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo
  • Produkzioa: Marie de Jongh

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!