“Padela herrietara gerturatu nahi dugu Arimarekin”

Alba Cabrera Jauregi eta Mikel Arberas 2022ko urt. 16a, 09:00

Fernando Gaspar, Lander Gaspar, Mikel Ochoa, Ainhoa Gaspar eta Mikel Urzelai. Arima padel elkartea

Mikel Urzelai eta Ainhoa Gaspar Arima Padel Elkarteko proiektuan sartuta daude; udaberrirako aurreikusten da Arima Padel Elkartearen irekiera. Padelaz gain, beste hainbat eskaintza bermatuko ditu, tartean: taberna/pizzeria, gimnasioa, osteopatia…

Elitekoen eta dirudunen kiroltzat jo izan da orain arte padela, baina, azken urteetan, hazkunde handia eduki du Euskal Herrian. Kirol dibertigarritzat eta erraztzat dute adituek, hiruzpalau aldiz joanda neurria hartzeraino. Ez omen da kirol exijentea, joko-erritmoaren arabera, jakina, eta 200 metro karratutan eutsi behar zaio jokoari. Helduen artean zaletasun handia eragin du pilotaren joan-etorriak.

Esanak esan, Euskal Herrian berriki sartu da padela. 1991. urtean Madrilen Padeleko Federazio Internazionala sortu bazen ere, 1993. urtera arte ez zen guztiz Euskal Herrian finkatu. Egun, neurri gero eta handiagoan praktikatzen den kirola da, baita nazioartean ere.

Arestian aipatutako hazkundeari erantzuteko prest agertu dira Fernando, Ainhoa eta Lander Gaspar, Mikel Urzelai, Mikel Ochoa eta Xabier Goikoetxea. Proiektu ikusgarria egingo dute udaberrirako: Arima Padel Elkartea.

Zerk eraman zaituzte horrelako proiektu batean murgiltzera?

Mikel Urzelai: Donostiako Padel4koak gara eta, beraz, padel-gune baten kuadeaketan ezagutza daukagu, baita esperientzia handia ere. Premia bati erantzun behar geniola jabetu ginen, kirol honetan, gaur egun, eskaria handiagoa delako eskaintza baino.

Gutxinaka, bideragarritasun-planak eta azterketak egiteari ekin genion. Hasiera batean, gure proiektua Hernanin gauzatzea pentsatu genuen; izan ere, pabiloi egokia aurkitu genuen egitasmoa martxan jartzeko, baina udaletxetik ez ziguten lizentzia eman.

Ainhoa Gaspar: Donostiatik atera eta herrietara gerturatu nahi dugu padela. Gauzak horrela, Hernaniko ezezkoaren ostean, Erratzun (Urnietan) begiratzen hasi eta, bat-batean, leku apropos batekin egin genuen topo. Padelari buelta bat eman nahi diogu, eliteko kirola delako ideia apur bat eraldatzeko.

Gure balioak kiroltasuna, gertutasuna eta euskara izango dira. Bizimodu aktiboa sustatu nahi dugu, eta, horregatik, garbi genuen padelaz gain, kirol aukera gehiago eskaini nahi genituela. Horretarako, jende gazteak osatzen du Arimako taldea, freskotasuna eman nahi baitiogu espazioari. Finean, herritarrei gerturatu nahi diegu Arima.

Zerekin egingo du topo Arimara gerturatzen denak?

A.G.: Hasteko, gure oinarria padela izango da eta sei pista egongo dira eskuragarri, oso kalitate handikoak.

M.U.: Pista guztiak panoramikoak izango dira, alegia, beirate bakarrak inguratuko du pista, koskarik gabe. Gainera, horietako bik kanpo-jokoa izango dute (juego exterior delakoa), hau da, pilota zelaitik ateratzeko aukera egongo da, jokoa eten gabe.

A.G.: Horrez gain, entrenamendu pertsonalari bideratutako gimnasio txiki bat eta fitness saio gidatuetarako gela bat izango dira, hala nola, K-Stretch, pilates eta abar jarduerak egiteko.

Zerbitzu oso bat eskaintzeko asmoz, osteopatara joateko aukera ere izango dute bezeroek. Padel4n jada badugu profesional bat gurekin lanean, eta horixe bera egongo da Urnietan ere.

Bestalde, taberna egongo da eta, bertan, gosariak, eguneko platerak eta pintxoak emateko asmoa dago; terraza izango du gurean, goxotasuna emateko giroari. Hori bai, iluntze partean, pizzeria bihurtuko da gure zerbitzua. Zerbait berritzailea izango da, ezberdina.

Mugimendua eman nahi diogu tabernari. Industrialde batean kokatzen da Arima eta bertako langileei begira ere lan egin nahi dugu, zerbitzu berritzaileak bermatzeko: prezioak batez bestekotik apur bat jaitsiko ditugu. Pizzeriari dagokionez, Hernaniko La Squadrarekin elkarlanean irekiko dugu.

M.U.: Inguruan lanean diharduten enpresen ordutegiak ezagutu nahi ditugu, beren premietara ahalik eta hobekien egokitzeko.

Pabiloi handia beharko duzue horrenbeste gauza antolatzeko, ezta?

M.U.: Bai, 2.000 metro karratu izango ditu gutxi gorabehera. Polikiroldegi txiki baten moduan funtzionatuko du kasik.

Zerbitzuaren prezioari begiratuko diote askok.

M.U.: Betiko kontua da. Lau pertsona behar dira jokoa osatzeko, pista hartzeko. Hau da, errentagarria izateko, gutxieneko prezioa jarri beharra dago. Goizetan, 7 eurotan, ordu eta erdiz aritzeko aukera izango dute bezeroek. Arratsaldez, ostera, 10,50 euroko kostua izango du gutxi gorabehera. Hala ere, prezioa finkatzeke dago.

A.G.: Asko dira pista urte osorako alokatzen dutenak. Beraz, oro har, ia urte osoan, arratsaldetan, lauretatik aurrera, alokatutakoek jokatu ohi dute, azken orduko aldaketak alde batera utzita. Goizetan, libreago egon ohi da.

Padel klaseak egingo al dira?

A.G.: Jakina, eta garrantzi handia emango diegu horiei, gainera. Jendea animatzea, jokoan hobetzea eta komunitatea sortzea nahi dugu. Erraztasunak eman nahi dizkiegu inguruko herrietako padelzaleei. Izan ere, orain arte, kirol hau praktikatzeko edota klaseak jasotzeko hiri handietara jo beharra zegoen, baina hori guztia aldatu nahi dugu. Horrez gain, asteburuetan, askotariko ekitaldiak dinamizatzen saiatuko gara.

Aukera egongo al da materiala alkilatzeko eta erosteko?

M.U.: Padelnuestro izeneko marka batekin akordioa dugu Padel4n eta Urnietara ere ekarri nahi dugu, palak, arropa eta oinetakoak erosi ahal izateko. Horrez gain, materiala alokatu ahal izango da.

Txapelketa ofizialez gain, zerbait gehiago ere antolatuko al duzue?

M.U.: Bai. Mota askotako hainbat txapelketa antolatu nahi dugu: mistoak, neskenak, mutilenak, lagunartekoak etabar. Berrikuntza eta aurrerapen gisa, asteazkenetan, liga moduko bat sortzeko asmoa daukagu. Hots, asteazken arratsaldeetan, pintxopotea, padel-joko alternatiboarekin uztartu nahi dugu.

Eta aipatutako guztia errazago kudeatzeko, mugikorreko aplikazioa ere izango da.

A.G.: Padel4n jada darabilgun baliabidea da. "Me apunto" delakoak ditugu, alegia, partida irekiak, norekin jokatzerik ez daukaten kideek padelean aritzeko aukera eduki dezaten. Hori horrela, partidak orekatuak izan daitezen, aurrez zehaztutako mailetan antolatuta dago. Nola neurtu hori, baina? Aurki irekiko dugun Whatsapp taldean izena eman beharko du interesa duenak; ondoren, monitore batekin 15 bat minutuko frogatxoa egingo du, zein mailatan kokatuko den erabakitzeko. Horrela, bere kategoriako partidak agertuko zaizkio aplikazioan.

M.U.: Iraungitzen ez den diru-kopurua sartuko du erabiltzaileak aplikazioan, partidetan izena eman ahal izateko. Bertan behera geldituz gero (gutxieneko pertsona-kopurura ez delako iristen, adibidez), dirua itzuli egiten da unean bertan. Hori ez ezik, gainerako zerbitzuetan erreserbak egiteko ere erabilgarria izango da. Hitz laburrez, Arimak bermatzen dituen eskaintza guztiak bateratzen ditu aplikazioak.

Pista finkoa, klaseak edota informazioa nahi izanez gero:

arimapadel@gmail.com

Instagram: @arimapadel

Noiz irekiko ditu ateak Arimak?

A.G.: Espero dugu, beranduenez, maiatzan irekitzea.

M.U.: Prozesuan, zenbait aldaketa egin behar izan ditugu proiektuaren denbora-lerroan. Batetik, hasierako ideiarekin konparatuta, asko aldatu da egitasmoaren planteamendua; hobera, noski. Bestetik, araudiari dagokionez, irizpide batzuk bete behar genituen Udaletxean aurkeztu ahal izateko. Jada gainbegiratu dute proposamena, baita ontzat eman ere. Lizentzia emango digute, baina ez dakigu zehatz-mehatz noiz.

A.G.: Inguruko enpresei, gurekin harremanetan jartzeko gonbidapena luzatzen diegu beraien ordutegi eta beharrei bideratutako zerbitzua eskaini ahal izateko.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!