23 urteko urnietarra, abokatutza masterra egiten ari da Donostian. Nazio mailako manifestazioa deitu duen Gazte Koordinadora Sozialistako kidea da.
Urtarrilaren 29rako manifestazioa deitu duzue Bilbon. Hitzordua bera baino gehiago edo bezainbeste nabarmendu daiteke hitzordua iritsi bitarteko egiten ari zareten kanpaina masiboa.
Nazio mailako hitzorduak dira. Nafarroako mugimendua Iruñeara bideratuko dugu, eta EAEkoa eta Iparraldekoa Bilbora. Beharrezko ikusi dugu esparru horretan deialdia egitea, eta informazioa ere nazio mailan banatzea. Material ugari sortu dugu horretarako, herrialde bakoitzean informazio hori zabaltzeko. Ahalik eta gazte gehiagorengana iritsi nahi dugu, denori komeni zaigun manifestazioa delako. Denon interesen aldekoa da. Horregatik iruditzen zitzaigun egokia ahalik eta zabalkunde handiena izatea.
Gazte Koordinadora Sozialista mugimendua zarete deitzaileak. Zuen afitxatan, lehen puntuan, gazteari loturiko zailtasunez ari zarete... Etsipenaren aurrean borroka egitea al da alternatiba?
Hala da. Aspalditik datorren arazoa bada ere, geroz eta gehiago hedatzen ari da gazteon pobrezia. Aspaldian ez bezalako langabezia-tasa eta lan-baldintzen kaskartzea ematen ari da. Ohituta gaude aldi baterako lanak egiten, lan-hitzarmenik gabe lan egiten, DUAL moduko sistemetan parte hartzera ohitu gara eta ez dugu ikusten horrek atzetik dakarren arazoa. Lan-baldintzen kaskartzearekin batera, azken urtean pandemiaren aitzakipean bizitza garestitzen ari da. Oinarrizko produktuena, argindarrarena, erregaiena... Gazteok lehendik baldintza kaskarrak genituen, aurrezkirik gabe bizi ginen eta, inoiz ez bezala, ez gara gure bizitza gure kabuz aurrera ateratzeko gai. Gazteon pobretzea ematen ari den une honetan, garrantzia duena bankarien eta enpresari handien interesak babesten jarraitzea da. Krisi betean sartzen ari garen heinean, gazteon pobretzea ez da arazo gisa ikusten.
"Gazte" hitza aipatu duzu hainbat aldiz, baina behin eta berriro proletarioaren antolakuntzari aipamena egiten diozue. Adiera hori erabiltzen duzue.
Gazte Koordinadora Sozialistak gazteengana jotzen du, zehatzago gazteen artean, proletario moduan sailkatzen ditugunengana. Ziurrenik, Cristiano Ronaldoren semeek ez dute bizi guk bizi dugun arazo berdina. Gu zuzentzen garen jende multzoa proletarioarena da.
Horrez gain, afitxan, independiente hitza errepikatzen da: "Antolakuntza independientea, alderdi politikoetatik kanpo". Beraz politika egin bai, baina alderdietatik kanpo?
Ikuspegi komunista daukagu eta argi dugu gaur egungo alderdi politikoek edo politikari profesionalek eskuak harrapatuta dituztela enpresari handien eta bankarien aldetik. Politika egiteko dirua behar duzu, eta dirua norbaitek ematen dizu. Normalean, enpresariek eta bankariek emandakoa da, horrek haien menpe egotea dakar. Horrek zer esan nahi du? Haien interesen aldeko politika egiten duzula. Horregatik, uste dugu gure interesak defendatuko dituen proiektua osatu nahi badugu, alderdi politiko horietatik kanpo egin behar dugula, azken finean, politikari profesionalek bi funtzio betetzen dituztela ikusten dugulako: batetik, bake soziala mantentzea. Pobretzen ari gara, pandemiaren aitzakipean gure eskubideak urratu dira eta hori guztia inork ez borrokatzeko antzerki modukoa egiten dute, Parlamentua existitzen dela eta funtzionatzen duela esanez. Beste hainbat tresna erabiliz, bake soziala bermatu nahi dute, jendeak kontra ez egiteko. Bestetik, ikusi dugu beren sistematik kanpo antolatzen den mugimendu oro blokeatzeko jarrera izaten dutela. Behin eta berriro pairatu ditugu horrelako blokeo-egoerak.
Bi funtzio horiek betetzen dituztela ikusita, modu independientean eta sistema horretatik kanpo antolatu behar dugula sentitzen dugu.
Politikari profesionalak aipatzean, zentzu orokorrean hitz egiten duzue. Urnietan bizi zara. Jakin badakizu hango ordezkari guztiak ez direla profesionalak. Ez dakit alde horretatik bereizketarik egiten duzuen, edo ez.
Sistema horretan, alderdi bidez antolatzen direnei buruz ari gara. Alderdi parlamentaristak izan, edo sozialdemokrazian daudenak izan, nahiz eta batzuk agian ez kobratu, sistema horren arabera antolatzen direnei buruz ari gara.
Zenbat lagun dituzu militantzian, GKSren baitan?
Lagunak? Zeri buruz ari zara?
Andoainen esango nuke GKSko hainbat kide koadrilako lagun modukoak direla. Zenbat lagun dituzu zuk?
Militatzean, kanpora begira ikusten ez dena baina barrura begira lan asko egiten da. Nahiz eta maila lokalean antolatu, badugu harremana beste herrietakoekin, lagunak gara baina ez dut uste pertsona mailako afinitateak batzen gaituenik. Ez gara gutxi, eta gure hedapena geroz eta handiagoa da. Kualitatiboki, gainera. Interesgarria da militantzia on bat izatea, gaitasunak dituena.
Hori galdetzen nizun zeren eta GKSkoa ez den beste mugimenduekiko pertsonekin ere harremana izango baituzu. Zer nolakoa da?
Normala. Militantziak ez dit inolako hausturatik eragiten, bizitza pribatuan. Eztabaidak izaten ditugu, beti gaude eztabaidatzeko prest. Gure lanaren baitan badago jende bati kontzientzia sortzea sozialismoaren eraikuntzarako bidean. Horrexegatik, maila politikoan eztabaidatzeko prest izaten gara.
Eta, era berean, jende asko ezagutzen dugu ez dagoena antolatuta, ez mugimendu batean eta ez bestean. Zure ustez, zein da militantzia politikorako apatiko agertzearen arrazoia?
Sare sozialek garrantzia handia dute eta bere funtzioa betetzen ari dira gizartearen despolitizazioan. Sare sozialek interes komun hegemonikoari erantzuten diote: enpesari eta bankari handienarena. Eurek sortutako tresnak direnez, nahiz eta guk politika egiteko erabili, benetan ez dira politika egiteko sortu. Gazte gehienok ordu asko ematen ditugu sare horietan, denbora hori beste gauzetan inbertitu gabe. Horrek arazoak pantailatik harago ez ikustera garamatza. Ez dugu esango teknologiaren kontra gaudenik, baina badugu joera kritikoa. Gure belaunaldian arazo handia sortu du, despolitizazio handia eragin du sare sozialen kontuak.
Pentsatzen dut zuri ere iritsi zaizula, baina sentsazioa dut maiz erabiltzen duzuen terminologiarekin jende bat hitzen edo esamolde batzuren bueltan kateatuta geratzen dela eta ez hainbeste hitz horren esanahiarekin. Adibidez, "burgesiaren ofensiba" aipatzen duzue. Zer esan nahi duzue horrekin?
Argi dugu termino horiek normalizatzen joan beharko genukeela. Gainbehera modukoa izan zuten "burgesia", "proletarioa" hitzek. Ez dakigu ondo zein arrazoirengatik erabaki zen ez erabiltzea berriro. Definizio jakin bat eta egoera zehatz bat ondoen adierazten dutenak direlako. Horrelako terminologia erabiltzearen aldeko apustua egiten dugu, benetan atzean daramaten kontzeptu guztiagatik. Ez da berdina proletarioa hitza esatea, edo beste bat haren ordez erabiltzea. Burgesiaren ofentsiba aipatzen dugunean, bankariek eta enpresari handiek egungo sistema bideratzen dutelako da. Horiek dute benetako boterea eta erabaki ahalmena. Lehen esan bezala politikari profesionalek zati bat kudeatzen dute, baina bene-benetan erabakiak hartzen dituena burgesia bera da. Pandemian ez dira erabaki politikoak hartzen. Ofentsiba ikusten dugu gure eskubideak urratzen ibili direlako, langabezia-tasa handitzen ari delako eta ez duelako inork horren aurka borroka egiten.
Aldiz, hitzen aukeraketa horretan, atariz atari zabaldutako afitxan ez dut inon topatzen "kapitalismoa" hitza. Nahita al da horrela?
Ez dakit. Sistema honen kontra borrokatzen dugu, sistema bera kapitalista delako. Ez dakit zehazki beharrezkoa den kapitalismoaz hitz egitea.
Urnietan bizi zara. Zer moduzkoa da bizitzeko? Eta militatzeko?
Nahiko despolitizatuta dagoen herria da Urnieta. Historikoki militantzia izan du, baina eskualdeko gainerako udalerriekin alderatuta, xumeagoa izan da. Askotan, jendeak ez du azaltzen diozun ezer ulertzen, nahiz eta kaleko termino gehiago erabili... Ez dakit zein den arrazoia, beharbada Urnieta "lo egiteko herria" delako askorentzat. Oso jende gutxik egiten du bertan bizitza. Nahiz eta gure ideiak sozializatu, jende batek ez du pentsatzen militantzia baten bidez gauzak aldatzera iritsi daitekeenik.
Zenbat jende espero duzue Bilbon?
Goitik jo nahi dugu, eta espero dugu jendeak erantzutea.
Andoaindik eta Urnietatik joan nahi duenak, non eman dezake izena?
Andoainen, Lanbroa eta 97 tabernetan eta, Urnietan, Xauxarren eman daiteke izena, autobusean joateko. Urtarrilaren 29an 16:00ak aldera abiatuko da, eta bi herrietatik igaroko da. Manifestazioa 18:00tan hasiko da.