"Haurrek mugimendua behar dute, osasun eta sozializazio aldetik"

Andoni Urbistondo 2022ko urt. 27a, 07:00

Fede Cavalle Urnietako Eskola Kiroleko arduraduna da. Ostiral honetan Eskola-Kiroleko arau murriztaileak bertan behera geratzeko itxaropena dauka. Umeek ardura handia erakutsi dutela dio, baina baita dagoeneko nazkatuta daudela, “denok bezala”. 

Ostiral honetan LABI teknikoa delakoa bilduko da neurriak aztertzeko. Zein da momentuko egoera, nola bizitzen ari zarete murrizketa arau sorta berria?

Umeak gure, jendartearen ispilua dira, eta antzera gaudela esango nuke. Eskola kirolean ia bi urte dagoeneko arau murriztaileekin, eta beste guztiontzat bezala, ez da erraza izaten ari. Haurrek mugimendua behar dute, osasun eta sozializazio aldetik. Iazko urtarrilean arau murriztaileak bertan behera geratu zirenean, haurrek sekulako gogoarekin hartu zuten itzulera. Hor berriro atzera egin genuen hiru bat aste, burbuilak eta beste antolatu behar izan ziren… Zailena hezitzaile eta haurrentzat izaten ari dela esango nuke. Urnietan taldeak 15-16 haurrekoak dira, gehienez, eta talde barruan burbuilak egin behar izatea…

Nola dago antolatuta Urnietan eskola kirola?

Bi ikastetxe daude, Magale eta Egape, baina Urnietan bi ikastetxeetako haurrek elkarrekin entrenatzen dute, herri moduan, eta ez ikastetxe bakoitza bere aldetik. Gure unitateak Urnieta izena du, ez Egape alde batetik, Magale, bestetik. Gipuzkoan horrela egiten den bakarretakoa da. Mailakako banaketa egin behar da, eta burbuilekin eta beste entrenamenduak antolatzea ez da batere erraza hezitzaileentzat. Talde batean lau ume, bestean hiru, hurrengoan bi, ezin nahastu…

Zenbat ume daude Urnietan eskola kirolean?

135. Benjaminak, 8-10 urte artekoak, 65 ume, eta alebinak, 11-12 urte artekoak, 73.

Lehiaketarik ere ez dago.

Ez. Gu Usurbilekin batera aritzen gara futbolean, eskubaloian… Abenduan bertan behera geratu zen lehiaketa. Orain Urnietako haurren arteko lehiaketak eta topaketak bakarrik antolatzen ditugu, eta hori ere muga bat da, ze haurrentzat pizgarria da Usurbilgoen aurka lehiatzea, hara joatea, haiek Urnietara etortzea… Herriko jendearekin lehiatzeak ekintza bera indargabetzen duela esango nuke.

Maila batzuetan lehiaketak baimendu dituzte agintariek, eta besteetan ez. Ulergarria al da hori?

Ni ez naiz aditua. Kontraesan  asko ditut, denok bezala. Anoetan estadioa beteta, ume edo gazteen tanborrada Donostian... Gure artean lehiaketarik ez, baina entrenamenduak bai. Ulertzen dut arau batzuk daudela, eta denok bete behar ditugula, baina… Benjamin eta alebinen lehiaketa debekatu dute, baina infantil eta kadetetan ez. Esango nuke badaezpadako politika eraman dela aurrera. Alegia, ahalik eta gauza gehien mugatu, badaezpada horren baitan. Gero, adibide piloa dugu, badaezpadako politika horri muzin egin zaiola erakusten dutenak…

Kanpotik itxura du gurasoek, hezitzaileek egindako eskaerei muzin egin dietela arduradun politikoak, eta hortik, noski, askoren haserrea.

Eskatzea librea den bezala da agintariek zure eskaerak aintzat hartzea edo ez. Sagardui kontseilariak agerraldia ematen duen aldiro ni neu dardarka hasten naiz… Arauak bete egin behar dira, horraino ados, baina kritiko izateko aukera ere eduki behar da, eta itxuraz aukera, eskubide hori ere mugatu zaigu.

Gurasoek euren haserrea transmititu dizute?

Niri ez. Ez gurasoek, ezta irakasleek ere. Idatzi baten bitartez jakinarazten dizkiegu arau berriak, eta ez digute haserrerik transmititu.

Eta haurrek? Nola bizi izan dute egoera lazgarri hau?

Nik ere seme bat daukat, baina pandemian gure ardura bera, edo handiagoa eduki dutela esango nuke. Gainera, pandemiak behartuta, bizkorrago heldu direla esango nuke: musukoa eraman beharra, distantziak gorde beharra etxekoekin… Akaso gazteegiak dira horretarako, baina tira. Gerta liteke ere entrenamenduak-eta gogorik gabe hartzea, azkenean entrenamendua delako, ez lehiaketa. 16 haur elkar jolasten, edo hiru ume aritzea zeharo ezberdina da. Saskibaloian bi biren kontra aritzea, adibidez, oso normala ez da.

Gurasoei buruz galdetu dizut. Haurrek galdetzen dizute, ea noiz bukatuko den egoera hau?

Bai, bai. Nazkatuta daude, gu bezala. Aterako dute, dugu, zerbait positiboa, egoera honetatik. Haiek eta guk.

Umeen hazkuntzan albo kalteren bat izan dezakete arau murriztaileek?

Han eta hemen irakurtzen da, espezialista batzuk diote traumak eragin ditzakeela. Tokatu zaien zerbait da, eta gestionatu egin beharko dute. Informazio asko jasotzen dute, eta horren gestioa funtsezkoa da.

Gerta liteke kirolaren faltan, energia hori askatzeko beste bide ez hain osasuntsuak erabiltzea?

Gerta liteke. Ordenagailua, sakelakoa, edo tablet-arekin komenigarria dena baino denbora gehiago pasatzea. Lagunekin egoteko beharra daukate, jolastu, baina ez etxean, tablet-aren aurrean, aire librean edo lagunekin baizik. Horrek bai beldurtzen nau, gurasoek haurra parkera eramateko beldurra izatea.

Zein esperantza ostiral honetarako?

Murrizketekin bukatzeko esperantza. Birusaren beste aldagairen bat etorriko da, dena den. Esaten dutenaren arabera, otsaileko lehen asteburuan itzuliko ginateke "normaltasunera".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!