Datorren larunbatean zabalduko ditu ateak Setien sagardotegiak

Andoni Urbistondo 2022ko urt. 30a, 07:00

Otsailaren 5ean irekiko ditu ateak Eugenio Urruzolak, Setien sagardotegiko nagusiak. Urruzola: “Baditugu erreserba batzuk dagoeneko. Urtarrilaren 28an irekitzeko asmoa genuen, baina familiarekin hitz egin eta astebetez atzeratzea erabaki genuen, indarrean dauden mugak aldatzen ote diren jakiteko”.

Arauak aldatuko ote diren zehaztu aurretik, pitxarra eta botilan zerbitzatu behar dute sagardoa, eta txotx-a, momentuz, debekatua dago. Eugeniok ez dauka esperantza handirik, arauak aldatzeko: “Zaila da aste batetik bestera arauak hainbeste aldatzea, baina batek daki”. Beranduxeago irekiko badu ere, gerora ere “denboraldia luzatzeko tartea izango da”, dio itxaropentsu.

Denboraldiaz zalantza asko du Setien sagardotegiko jabeak: “Ez dakigu pandemiak zein bilakaera izango duen, zelako muga etor litezkeen, eta horrek jendearen gogoa mugatzen du beti. Etxekoak, edo gertukoak, urtero etortzen direnak hurbilduko direla badakigu, baina negozioak ondo joateko kanpoko jendea ere behar du, eta ez dakit horiek animatuko diren”. Pandemiarekin ohiturak ere aldatu direla dio Eugeniok, batez ere gauetan sagardotegira joateko ohitura: “Gaua desagertze bidean dago. Gaueko parranda gutxitzen hasia zen lehendik, eta horrekin afariak ere bai. Azken urteetan, gure negozio gehiena larunbat eta igande eguerdietan kontzentratzen da. Ostiral gauetan ere egoten zen mugimendua, baina susmoa dut gauean etxeko epelean geratzeko joera hori egonkortuko egingo dela”.

Bestelako zalantzak ere baditu Urruzolak, bizitzaren garestitzeak eragin diezaiekeen kaltea, adibidez: “Ez digu mesederik egiten. Oharkabean, dena igo da: argia, berogailua, elikagaiak… Eta soldatak, ez hainbeste. Sagardotegia, azkenean, albora daitekeen aisi-aukera bat da, sosik ez dagoenean, eta horrek ere zalantza asko sortzen dizkit”. Otsaileko lehen asteburutik aurrera, Setien sagardotegiko ateak zabal-zabalik izango dituzue.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!