Mugatzen ez duten arauak

Alba Cabrera 2022ko ots. 4a, 11:05

Urnietako Egape ikastolak ikasturtean hainbat formakuntza-saio antolatzen ditu familiei zuzenduta. Alvaro Beñaran pedagogoaren eskutik izan zen azkena, urtarrilaren 27an, "Arauak, mugak, sariak eta zigorrak" izenburupean.

"Haurren heziketan arauak behar al dira?" Galdera horri erantzun asmoz bildu ziren Egape Ikastolako familiak, eskolak berak antolatutako hitzaldian. Urtarrilaren 27an izan zen hitzordua, Lekaion, Alvaro Beñaran, psikomotrizista eta pedagogoaren gidaritzapean: “Arauak, mugak, sariak eta zigorrak”.

Adituaren esanetan, bi ardatz nagusi daude heziketan, beste askoren artean, haurrek garapen osasuntsua izan dezaten, eta heldutasun-prozesu egoki bat gauzatzeko. Hala, ezinbestekotzat jo zuen bi alderdi horien elkar elikatzea, bata bestearen menpekoa delakoan: "Maitasuna, babes-sentimendua, batetik. Eta, bestetik, egitura, alegia, mugak nahiz erreferentziak". Lehenengo alderdia biziki garrantzitsua dela uste du Beñaranek, "bizitzaren motorra" baita. Halere, aipatutako azkenari, egiturari eutsi zion hitzorduan.

Nola bideratu, debekurik gabe

Bizitzaren lehen urteei errepasoa eman zien adituak: "Jaiotzen denean, bizi nahi duen gizakia da haurra. Horrela, energia handia dakar bere baitan, bizitzan aurrera egiteko indar biologikoa". Horrez gain, Beñaranek adierazi lez, bere espezieko kide heldu batek zaintzeko eta babesteko baliabideak ere badituzte jaioberriek, "hori baita bilatzen duena, bizirik jarraitzea".

Indar biologiko horiek, ordea, "gehiegizkoak" direlakoan da aditua, "oso inpultsiboak" dira-eta haur txikiak, "bizitzeko irrika handia" medio. "Energia hori ez da zapaldu behar, ez eta erreprimitu ere", azaldu zuen hizlariak, "aitzitik, bideratu egin behar da, bi helmugei begira". Hau da, batetik, "ni"-aren eraikuntza egiteko, eta, bestetik, "ni"-aren sorkuntza hori modu arrakastatsuan jendarteratu dadin. Bi horien artean oreka bilatu beharra dagoela gaineratu zuen, eta, horretarako, baliagarriak direla legeak.

Arauei buruz mintzatzean, frustrazio-legeari eman zion garrantzia hitzaldian; eta, aldiz, errepresio-legea alboratu egin zuen. Zertan dira ezberdinak, baina? Egoera bat ipini zuen bien arteko aldea argitzeko: "Demagun, bi urteko haur batek harriak botatzeko nahiz gauzak bultzatzeko premia sentitzen duela, barneko jarrera inpultsiboa askatzeko". Errepresioaren bidez, umearen premiak errotik debekatuko lirateke, haren esanetan. Horregatik, frustrazioa lehenesten du Beñaranek, "gauzak botatzea ez dagoelako gaizki. Adin horretan indarra atera behar dute, errealitatean eragiten dutela sentitzeko. Onartu behar dugu beren jarrera, baina bideratu egin behar dugu hori". Hala, botatzea posible diren objektuak ematea, edo arriskuz kanpoko inguruneak bermatzea irtenbidetzat ditu pedagogoak, "guztientzat jasangarriak" direlako: "haurren jarrerak bideratzen dituzten legeek, ez dute mugatzen. Are gehiago, bere buruaren jabe izaten laguntzen diote, egiten duten horren gaineko erantzuletza ematen baitzaie".

Esanak esan, frustazioa eragiten zaionean haurrari, horren gaineko arrazoiak azaldu behar zaizkiola errepikatu zuen behin baino gehiagotan adituak, eta "nik esaten dudalako", edo "haatik" bezalako erantzunak ez dira batere mesedegarriak horretan, azaldu zuenez. "Heldu gisa, guri dagokigu arrazoizko azalpenak haurrari bermatzea, bere premia bizi dezan". Hori horrela, ezinbestekotzat du pedagogoak mundua, espazioa menderatzen dutela sentitzea haurrek. Behin hori bermatuta, irits daiteke ezezkoa, frustrazioa eragingo duen araua: "Argitu egiten da, horrela, txikiaren askatasuna. Izan ere, murriztu baino, bere buruaren jabe izaten lagundu behar diote arauek haurrari".

Segurtasunaren joan-etorrian

Atxikimenduari leku eman zion Beñaranek berbaldian, zaurgarri sentitzen direnean babesten duten figurara gerturatzeko joera daukatelako umeek, batez, ere, lehen hiru urteetan. Mugimendu horrek gako inportante bat adierazten du pedagogoarentzat: zaurgarri sentitzen den haur orok atxikitzeko mekanismoa aktibatzen du.

Halaber, txanponaren beste aldean da esploratzeko mekanismoa; segurtasuna oinarri (ezta gehiegi ere, hain justu, umeen gaitasunen arabera bermatuko da hori), munduratzeko jakin-mina: "Esploraziorako gaitasuna garatzeak bere zaintzaz arduratzen diren kide horiengandik urruntzen zein era autonomoan jarduten lagunduko dio". Dena dela, haren aburuz, bi polo horien arteko joan-etorrian bizitzen dute haurrek beren heziketa eta hazkuntza. Alabaina, gurasoek konfiantzaz jokatu behar dute umeen autonomia garatzeko bidean: "Era progresiboan, segurtasuna sentitzeko gakoak emateari utziko dio helduak, haurrak berak bere baitan aurki ditzan berezko heldulekuak, gizaki independiente moduan bizi ahal izateko".

Azaldu zuenez, autoerregulatu ahal izateko, lehenik, kanpo-erreferentziak behar ditu txikiak, bizitzan kokatzeko, zer egin dezakeen (eta nola) eta zer ez jakiteko. Bide horretan, teknologia berriek badute zer esan, izan ere, psikomotrizistak aipatu moduan, oztopatu egiten dute errealitatearen gaineko kontzientzia-hartzea: haurrari “interesatzen” zaio egiten ari denaz jabetzea, orain jolasten ari naiz, orain afaltzen ari naiz. "Beren bizitza esperimentatzeko aukera kentzen ari gara, ez baitu ekintzetan parte hartzen, pantaila bati begira dagoelako. Kontuz, teknologiek ez ditzatela harremanak ordezkatu".

Nor bere buruaren jabe

Arauak jartzeak, ezinbestean, desadostasunak dakartza, adituaren arabera, "baina horixe da bizitza. Ez galdu hori. Maitasuna badago, goxotasunaz gain, desadostasunak ere kabitzen dira harremanetan: hain zuzen, maite zaitudalako esaten dizut ezetz".

Hari horri tiraka, urrezko lege bat ipini zuen mahai gainean. Tinko eutsi behar zaie haurrei ezarritako arauei, sendotasunak lasaitasuna ematen dielako: "Liskarrak baretzeko asmoz, araua baliogabetu eta umeek nahi dutena egitean, konfiantza falta eragiten du harremanean, lehen komeni ez zitzaiona egiten uzten zaiolako". Horrek jarrera omnipotentea elikatzen du: sutan jarriz gero, nahi dudana lortuko dut. Halere, araua desegokia dela jabetuz gero, kentzea da komenigarriena: “Ez daitezela izan arau agresiboak, umeak erasotuak sentitu ez daitezen. Hori bai, egiten duguna ez zaio zertan gustatu; komeni zaiolako ipini behar diogu”.

Adinean aurrera egin ahala, eta neurri egokiak ipinita, omnipotentziatik gaitasunetara igaro ohi dira txikiak, Beñaranen azalpenei jarraiki: ezin dut nahi dudan guztia egin, baina egin ditzaket hainbat eta hainbat gauza. Orduantxe sartzen da, lau urteren bueltan, aspermen sentsazioa.

Nahi dudana egiten ari al naiz? Lortu al dut zerbait? Zer egin dut? Gustatu al zait egin berri dudana? Horrelako galderak sortu behar zaizkie haurrei psikomotrizistaren esanetan, eta, horregatik, ezin dute nahi eta behar dutena une oro jaso, ahalegina eskatu behar baitie beren desirak. “Haurrak ikasi behar du leku bakoitza ezberdina dela, eta, bakoitzean, mugak daudela. Norbaitek ispilua jarri behar die aurrean: hau egin duzulako beste hau jazo zaizu”. Jarrera desegokien aurrean, helduek mugak ipini behar dituztela argi du adituak: “Horrela, beren ekintza auzitan jartzen duzu, eta, gutxinaka, gaizki egin dutela ohartzen hasten dira. Era berean, bigarren aukera bat eman eta jolasten jarraitzeko aukera eduki behar dute, jakin dezaten beren jarrerek ez dutela harremanaren haustura eragin”.

Zigorrak eta sariak

Haurren ekintzen ondorioek segida logikoa jarraitu behar dutenala irizten du Beñaranek: “Zigorrek ez dute haurra mindu behar, balioak transmititu baizik”. Ondorioz, jarrera desegokiarekin zerikusia duen ondorioa ezarri behar zaio umeari, haren ustez, eta ez aferarekin inolako zerikusirik ez duen zerbait, esate baterako: telebista ikusi gabe uztea, afaldu nahi ez duelako. Azken dinamika hortan sartuz gero, haurrrak irakaspen desegokia barneratuko duela azaldu zuen adituak: besteei min emanez lortuko dut boterea. Ildo beretik, epe motzeko zigor zehatzak lehenetsi zituen, “etorkizun urrunera begirako mugak ez baitira betetzen”. Esandakoaz gain, haurrari egindakoa konpontzeko aukera eman behar zaiola azaldu zuen jarraian, alegia, jostailuak lurrera bota baditu, jasotzeko aukera eman behar zaio, konpontzeko aukera: “Erreparazio aukera oso polita da”.

Zigorrek besteko garrantzia dute sariek, ondorio positiboek, hizlariarentzat, “haurra garrantzitsua sentitzeak ekarri baitezake jarrera desegoki gutxiago izatea”. Izan ere, haren iritziz, umea subjektu gisa ulertzea inportantea da, berak etorkizunean ere uler dezan inguruko kideak baloratu beharreko pertsonak direla: “Harreman estua garatu haurrekin, onerako zein txarrerako. Pozik egoteko eta, noizbehinka, mugaren bat edo beste jartzeko, haserretzeko. Eta ez dago arazorik, horixe baita bizitza”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!