Pandemiak iaz utzitako ajeari aurre egin asmoz hasi dute urtea euskaltzaleek. Hala, aurten, bi hitzordu garrantzitsu izango ditu euskarak, baita haren bueltan biltzen den komunitateak ere: lehenik, 22. Korrika, udaberrian eta, bigarrenik, Euskaraldia udazkenean. Hori horrela, euskararen aldeko lasterketa erraldoia iragartzeko asmoz, aurkezpena egin zuen Urnietako AEK-k hilaren 28an, ostiralarekin, Guria taberna ondoko plazan: “Goazen herriari aspaldiko partez bultzada bat ematera; hori dugu herriko euskaltzaleon erronka”. Bertan, lasterketaren nondik norakoen berri izateaz gain, aurtengo edizioko kanta entzuteko aukera izan zuten hitzordura bertaratu zirenek.
Jakina den moduan, Amurrion abiatuko da martxoaren 31n Korrika eta Donostian bukatuko da apirilaren 10ean. Urnietaren kasuan, apirilaren 8an, ostiral goizez igaroko da, hain justu ere, 08:15ean. Handik Andoain aldera hurbilduko da, Aiztondon barrena jarraitzeko.
Korrikari bultzada
Euskarak bide luzea egin arren, oraindik ere bada zereginik, Lide Salbarredi AEK-ko kidearen esanetan: “Euskararen eta euskaldunon aldarrikapena da Korrika, eta, era berean, euskaltegiak babesteko diru-iturri nagusia”. Herritarren laguntza ezinbestekotzat jota, hainbat modu bermatu ditu erakundeak babesa erakusteko bere jardunari. Nola, baina?
Korrika laguntzailea: hamabi euroren truke “Korrika-txartela” jasotzeko aukera dago. Horrek aukera emango die erosleei astero egiten diren zozketetan parte hartzeko: 300 sari baino gehiago daude jokoan. Horrez gain, beherapenak izango dituzte, bai Korrikaren ekimenetan, bai AEKren ikastaroetan. Txartela erosteko, hainbat aukera daude: batetik, herriko euskaltegian bertan; bestetik, Muazpi harategian, eta, azkenik, Egape nahiz Magale ikastetxeetan.
Korrikaren arropa: aurtengo edizioaren harira, arropa atera du AEK-k. Horrela, bi modutan eskura daitezke kamixetak edo jertseak: Hernaniko AEKn edota on-line dendan.
Petoak eta txapak: herriko euskaltegian izango dira eskuragai.
Korrika eguna Urnietan, datorren martxoaren 5ean
Herria girotu nahi du erakundeak, lasterketa erraldoia igaro aurretik. Hala, martxoaren 5ean, larunbata, “Korrika eguna” delakoa antolatu du, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean. Dena dela, interesa duen orok parte hartu dezake prestaketan, antolatzaileek adierazi moduan. Hilaren 10ean izango da hurrengo bilera, arratsaldeko 19:00etan.