Haatik dantza konpainiaren aurre-estreinaldia, igande honetan Saroben

Aiurri 2022ko ots. 10a, 09:41

Aiert Beobidek abian jarritako Haatik Dantza Konpainiak hamar urte bete ditu. Konpainiak sorkuntza propioetan lan egiteaz gain, hainbat sortzaileekin elkarlanean aritu da proposamen artistiko ezberdinak eskeiniz. "Ur bizitan!" ikuskizuna Urnietan prestatzen aritu dira, eta aurre-estreinaldia igande honetan izango da (19:00, Sarobe).

Eta hortik aurrera Tolosa, Hondarribia, Igorre.... Euskal Herrian barrena ibiliko dira.

Amaiur Luluaga, Jon Arsuaga, Irati Sorondo, Iñigo Etxeberria eta Libe Sukia oholtzan ariko dira dantzan, eta musikari lanetan berriz Iñaki Dieguez akordeoilaria, Javi Perez pianojolea eta Manu Gaigne perkusio-jotzailea.

Ahots bat entzungo da ikuskizunean, hura Olatz Beobide aktorearena.

Ikuskizunerako maila handiko bidelagunak izan ditu Haatik konpainiak. Pascal Gaignerena da musika, eta gidoia Koldo Izagirrerena. Izagirrek berak Literaturaren genero guztiak landu ditu, bere idazlanetan. Dantza sorkuntza bat inoiz idatzi ez izanak piztu zion bereziki lan hau aurrera eramateko interesa.

Natura, garapena... ertz ugari ditu ikuskizunak. Konpainiak horrela definitu du ikuskizuna: "Gizaki eta natura baliabideen arteko elkar ulertze zintzo baten beharrean kokatzen den alegoria bat da".

Donostiako familia baserritar baten kontakizunak bultzatu du konpainia sorkuntzaren bidaia hau abiatzera. Haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu ditu kideak. Baina batez ere, zer pentsa sorrarazi, eta garai haietako gertaeren inguruko jakin-mina piztuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!